Esportazioak laurden bat jaitsi dira urteko lehen bost hilabeteetan

Nafarroan ia %20 egin dute atzera kanpoko salmentek, autogintzaren pisuak zigorturik. Industriaren negozioa, berriz, %37 jaitsi da maiatzean

Bilboko portua, koronabirusaren aurreko jarduera bizian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Itxialdia amaitu berritan merkataritzaren erakusleek islatutako iluntasuna pixka bat arindu da maiatzean, baina ziurgabetasun gorenak kanpo merkataritza gogor oztopatzen jarraitzen du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak ia %25eko beherakada izan dute urteko lehen bost hilabeteetan, iazko epe beraren aldean; maiatzeko urte arteko tasan, %36koa da beheraldia; Nafarroan are handiagoa da: %42koa. Lurralde horrek autogintzarekiko (Volkswagen) duen menpekotasunak zigortu du erakuslea. Bost hilabeteetan %20ko jaitsiera metatu du.

Horiek horrela, Eustaten arabera, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeen kanpo merkataritzak 1.551 milioi euroko superabita dauka, baina pandemiak kolpe handia eman die esportazioei, euskal industriaren termometroetako bati alegia. Dagoeneko, laurden bat jaitsi dira urteko lehen bost hilabeteetan, eta begien bistakoak da nazioarteko merkatuek arazoak dituztela gutxieneko normaltasunari eusteko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek 1.560,3 milioi euro saldu dituzte kanpo merkatuetan, maiatzean, eta, aurreko urtean, 2.439,7 milioi izan ziren. Ondasun energetikoen esportazioek %45,5eko beherakada izan dute, eta ez-energetikoenek, %35,3koa. Hiru lurraldeek erakusten dute beheranzko joera, antzeko ehunekoekin, baina Bizkaian pixka bat nabarmenagoa da, %37,7ko atzerapena izan baitu. Gipuzkoan, %35,5 jaitsi da, eta Araban, berriz, %34. «Produktu mineral eta energetikoekin» dauka lotura gainbehera handiagoak Bizkaian.

Nafarroan ia %20 egin dute atzera esportazioek urteko lehen bost hilabeteetan. 3.421,5 milioi euro saldu dituzte kanpora lurraldeko enpresek; maiatzean, 544,9 milioi izan dira, iazko maiatzean baino %42 gutxiago.

Saldo komertziala

Gainbehera historikoa den arren, Eustatek argi utzi du Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeen saldo komertziala positiboa dela oraindik: 491 milioi euro inguru. Kopuru horrek superabit komertzialean %8,5eko beherakada erakusten du, dena den, aurreko urteko maiatzekoaren aldean (536,7 milioi). Saldo komertzial ez-energetikoa ere positiboa izan da, eta 518,7 milioi eurora iritsi da; baina, aurreko urtekoarekin alderatzen bada (890,8 milioi), %41,8ko beherakada izan du. Maiatzean, hamar herrialdetan (Alemania, Frantzia, AEB, Erresuma Batua, Italia, Belgika, Portugal, Herbehereak, Polonia eta Txina) metatu da esportazioen %68,5. Salmenta horietatik gehienak EB-27ren barruan daude (1.003,1 milioi euro).

Esportazioen datuak ez dira ekonomian sortu den zuloa islatu duten bakarrak azken orduetan. Industriaren negozioak ia %37 egin du behera maiatzean. Zertxobait hobetu da apirilaren aldean, baina garbi dago bigarren sektorea asko sufritzen ari dela. Zerbitzuek ere kolpe itzela hartu dute, eta fakturazioaren jaitsiera %30ekoa izan da maiatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.