Lur, baso eta ibaien partisanoa

Gaurko egunez hil zuten Berta Caceres. Hondurasko ingurumenaren ekintzailearen hilketaren urtemugan, ikerketa independente bat egiteko eskatu dute. 'The Guardian' egunkariak argitara eman duenez, estatua eta armada bera daude hilketaren atzean.

MARIO LOPEZ / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2017ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Bihar urteak beteko zituen Berta Isabel Caceres Floresek (La Esperanza, Honduras, 1973). Urtemugaren bezperan hil zuten, gaurko egunez, duela urtebete, 23:30 aldera. Etxean lotan zegoen buruan tiro egin ziotenean. Gustavo Castro izan zen une horren lekuko bakarra: «Nire besoetan hiltzen ikusi nuen Berta. Ez dago haren joanak sortutako malkoen pareko euririk, baina ez dago lenca indigenen borrokaren pareko indarrik, arraz arra lurraren alde borrokatzeko transnazional handien kontra».

Castro bera ere hiltzen saiatu ziren, baina balak belarria harrapatu zion. Caceresen borroka bertatik bertara ezagutzera joan zen Castro Mexikotik Hondurasera. Caceres karisma handiko liderra zen, lenca indigenen burua, nazioartean ere aitortua —Goldman ingurumen saria jaso zuen—. Agua Zarcako proiektu hidroelektrikoa geldiarazteko, lencen herri osoa gidatu zuen. Rio Blancoko komunitatea lekualdatzea ekar zezakeen presaren eraikuntzak, eta indigenentzat sakratua zen eremua; Gualcarque ibaia tartean. Protesten ondorioz, pentsaezina zen garaipena lortu zuten: Txinako Sinohydro enpresak, munduko presa eraikitzaile handienak, proiektua baztertzea. Lanek, baina, aurrera egin zuten; DESA Desarrollos Energeticos SA enpresak ekin zion presa eraikitzeari.

Hondurasko estatuaren eta munduko transnazionalen interes ekonomiko eta politikoeei aurre egiteak ondorio latza izan zuen. Caceresek bazekien bizitza arriskuan jartzen ari zela, eta babesteko eskatu zion estatuari. «Segika ditut. Mehatxu egin didate gatibu hartu edo hil egingo nautela». Ez zuen ezertarako balio izan. «Amatxok 33 aldiz salatu zuen publikoki enpresa, baina estatuak ez zuen deus egin egoera ikertzeko; bazituen behin-behineko babes neurriak, baina irrigarriak ziren». Berta Zuñigak BERRIAri ama hil eta bi hilabetera esandakoa da. «Guztiz indartuta nago amak erakutsitako errebeldiagatik eta borrokagatik», zioen elkarrizketan.

Zigorgabetasuna

Ordurako, ikerketa independente bat eskatzen zuen alabak. Eta ordutik urtebetera gauza bera eskatzen du: «Ikerketak gabezia handiak ditu, estatuak ez baitauka borondaterik auzia sakonean ikertzeko, azkeneraino joateko, eta benetako erantzuleengana iristeko».

Ekintzailea hil eta urtebetera, beraz, justizia aldarrikatzen jarraitzen dute senideek, lagunek, elkarte indigenek eta gobernuz kanpoko erakundeek. Erika Guevara-Rosas Amnesty Internationaleko kidearen hitzetan, zigorgabetasunak mezu latz bat zabaltzen du: «Mezua argia da: giza eskubideen defentsan botereari traba egiten badiozu, hil egingo zaituzte». Justizia egitea ere eskatu du AIk.

Copinh Hondurasko Indigenen eta Herri Erakundeen Batzordeak, bide horretan, manifestazio bat egin zuen atzo —Caceresek berak sortu zuen erakunde hori 1993an—. Victor Fernandez familiaren abokatua izan zen justizia hitzak idatzita zeramatzan pankartari heltzen zionetako bat. Krimenak ezin du, haren hitzetan, zigorrik gabe geratu: «Berta Caceresen haziak sortutako kontzientzia nazionala gogoratzeko eta justizia aldarrikatzeko atera gara kalera».

Abokatuak jakinarazi du presaren eraikuntza lanak bertan behera uzteko errekurtso bat ere aurkeztu duela Justizia Auzitegi Gorenean. Abokatuak salatu du DESA enpresak estatuko militar eta politikariekin lotura zuzena duela, eta, dioenez, argitzeko dago benetan zein dagoen sikario talde batek egindako lan zikinaren atzean.

The Guardian egunkariak argitara eman duenez, armadak hil zuen Caceres. Soldadu ohi batek egindako aitorpenetik tiraka egin dute ikerketa, eta, antza, hil beharreko pertsonen zerrenda militar batean ageri zen ekintzailearen izena. AEB Ameriketako Estatu Batuetako unitate bereziek trebatu omen zituzten gainera militarrak. Egunkariak zabaldu duenez, filtratutako dokumentu judizialek ere tesi berari eusten diote.

Berez zortzi lagun atxilotu dituzte hilketarekin zerikusia dutelakoan; tartean, militar bat eta bi militar ohi. Azken bi horiek zerbitzu sekretuentzat ari ziren lanean, eta ekintzailea hil aurreko asteetan haren etxe inguruan izan ziren. Beste atxilotuetako bat, berriz, presa egiten ari den enpresako arduradunetako bat da, Sergio Rodriguez. DESA enpresa bera, berriz, armadari eta gobernuari lotuta dago; konpainiako presidente Roberto David Castillo Mejia zerbitzu sekretuetako ofizial ohia da, eta Roberto Pacheco, Justizia ministro ohia.

123 hilketa

Caceresen hilketak mundu zabalean izan duen oihartzunak herrialde hartan ekintzaile izateak dakarrenaz ohartzeko ere balio izan du. Global Witness erakundeak argitara emandako txosten baten arabera, 2009tik 123 ekintzaile hil dituzte Hondurasen. Krimen gehienak, berriz, zigorrik gabe geratzen dira: %90.

Tomas Gomezek badaki lurra babesten dutenentzat herrialde arriskutsuena dela bere jaioterria, baina, hala ere, ez du erreparorik izan lekukoa hartzeko. Conpinh-eko presidentea da gaur egun, eta duela urtebete hildako ekintzailearen legatuak haziak utzi dituelako erakusle da: «Errepresioaren eta hilketen aurrean, borroka eta antolaketa; horixe bera esaten zuen Bertak». Urtebetean seitan saiatu dira hiltzen. Azkeneko aldiz, duela astebete: «Goizaldeko hiruretan etorri ziren etxera nire bila, eta emaztea eta seme-alabak builaka hasi ziren, txakurra zaunkaz, eta, zalaparta horrengatik izan ez balitz, auskalo non egongo nintzen orain».

Urtebetean, erakundeko bi kide hil dituzte: Nelson Garcia, martxoan, eta Lesbia Yaneth, uztailean. Berta Caceserek sortutako lur, baso eta ibaien partisanoen gerrillak, hala ere, natura defendatzen jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.