BETIZUEN NEURRIKO I+G

Nafarroako Intia institutuak hiru urteko I+G ikerketa eta garapen proiektu bat dauka martxan, betizu idien haragia gutizia bilakatzeko. Animalien elikadura eta hazteko faseak zehaztuko dituzte, kalitate bereziko okela lortzeko. Intiak «errentagarri» bilakatu nahi du galtzeko arriskuan dagoen arraza.

BETIZUEN NEURRIKO I+G.
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Izenak berak definitzen du animaliaren izaera berezia: betizu, behi izu, behi iheskorra. Pertsonentzat ere erabiltzen da, adjektibo gisa: urlia betizu xamarra dela esaten da, zaputza bada, eta jendearen lagunarteari ihes egiteko joera badauka. Izan ere, mendian eta basoan ia erabat euren kabuz bizi dira betizuak, abeltzainen zaintza handirik gabe. Horregatik, Europako azken behi basatitzat jotzen dute euskal abelgorri arraza, eta desagertzeko arriskuan dago. Munduan, 1.000 abelburu baino gutxixeago daude, denak Euskal Herrian, eta gehien-gehienak Nafarroan. Arraza salbatzeko asmoz, berrikuntza eta garapen proiektu bat dauka martxan Intia institutuak: betizu idien haragia preziatu bilakatzeko teknika ezartzea eta merkaturatzea. Probatu dutenek diotenez, betizua ez baita berezia bakarrik izaeran, baita okelaren kalitatean ere.

Jakin arren alderatzen hastea ez dela egokiena, Japoniako Kobeko haragia jarri dute eredutzat Intiakoek: mendialdean modu tradizionalean eta naturalean hazitako ganadua, gantz infiltratudun okela sortzen duena. «Koberena arrakasta eredu bat da, eta beti bilatzen dira arrakasta ereduak. Kontua da lortu dutela produktua bereiztea. Gure produkzioa txikia izango da, eta merkatu globalean irauteko aukera bakarra besteengandik bereiztea da», azaldu du Fermin Maeztuk, Intiako ezagutza arloko kudeatzaileak. Nafarroako nekazaritzako elikagaien teknologia eta azpiegituren institutua da Intia.

Nafarroako Gobernuak desagertzeko arriskuan dauden arrazatzat katalogatu zuen betizua 2003an, eta, harrezkero, 45 buruko azienda bat dauka Urraulgoitiko Sestoiako lursail batean, 85 hektareatan. Kontserbazio talde bat da, eta nagusiki hango idiekin ari da Intia okelatarako probak egiten. 2016an abiatu zuen hiru urterako I+G proiektua, eta datorren urtean amaituko du.

Haragirik bereziena lortzeko sistema eta prozedura ezberdinak ari dira erabiltzen, konparatzeko. Bi kategoria ari dira probatzen: idi gazteak eta idiak. Zikiratutako betizu arrak dira biak, lau urtetik beherakoak dira idi gazteak, eta lau urtetik gorakoak idiak. Denera, 27 idisko dabil hazten Intia larreetan, probatarako. Institutuarenak dira animalia gehienak, baina badira Nafarroako abeltzain batzuk utzitakoak ere.

Maezturen esanetan, ahalegintzen ari dira orain arte modu estandarrean saltzen ez den produktu bat finkatzen. «Produkzio sistema bat tipifikatu nahi dugu, definitu nahi dugu zelan egin idi okela hori: zer-nolako elikagai sistema landu behar den, zenbatekoa izan behar den larrean hazteko aldia eta zenbatekoa gizentzeko azken fasea». Horrez gain, aztertzen ari dira, halaber, zenbat iraun behar duen okelak ontzen. «Zenbat eta zaharragoa animalia, orduan eta denbora gehiago behar du ontzen. Gutxi gorabehera hiru-lau aste hiru-lau gradutan ganbera hozkailu batean».

Elikadura zehaztea, gakoa

Ohiko haragiak baino gantz infiltratu gehiago daukan haragia bilatzen du Intiak. Maeztuk dio betizu idia arraza aproposa dela «okela oso berezia» lortzeko, hiru arrazoigatik: arrazagatik, animaliaren adinagatik eta elikadura prozesuagatik.

Gakoa da elikadura prozesua, azken emaitza «bikaina» izateko, Intiak nahi duen bezala. Horretarako, idiak gutxienez hiru urtez dauzkate mendian eta larrean elikatzen, eta gero pentsu naturalez gizentzen dituzte azken fasean.

Orain artean, normalean urte eta erdira hiltzen dituzte haragitarako betizuak, txekorrak. Baina produktu berrirako, gutxienez bi urte gehiagotan edukiko dituzte larrean. Horrek, jakina, eragina izango du okelaren prezioan. «Haragi kilo bakoitzeko, elikadura kostua handiagoa da beste haragiekin konparatuta. Beraz, azken prezioa dezente handiagoa izango da», dio Maeztuk.

«Existitzen da haragi hori erosteko prest dagoen bezeroa, zaporean eta kalitatean desberdintasun hori igartzeko kapaz dena eta gai dena prezio hori pagatzeko», gaineratu du. Intiak aurten egingo du merkatu azterketa sakona, baina ez dabiltza urrutiko erosleen bila, gertuko merkatu nitxoen peskisan baizik. «Detektatu ditugu bereiztea nahi izaten duten bezeroak, euren kartan zerbait espeziala sartu nahi dutenak: jatetxeak, sagardotegiak...».

Sasoiko produktuen antzeko zerbait izango litzatekeela uste du Maeztuk: «Produkzio txikia izango denez, ez da erraza izango hornidura etengabea».

Betizu hazleek adi-adi erreparatzen diote Intiaren lanari, Pilar Perurena Hego Euskal Herriko betizu hazleen federazioko presidenteak aitortu duenez. «Nik ilusioz ikusten dut haragi hori lortzea eta merkatu bat izatea. Asko gustatuko litzaidake hori dena aurrera ateratzea, betizuari balioa ematea».

Edonola ere, badago mesfidantza apur bat ere betizu hazleen artean, Perurenak berak dioenez. «Intia badabil proiektu horretan, baina abeltzain asko oraindik ez dira atrebitzen betizuak zikiratzera. Hiru urte eta erdi inguru egon behar dira mendian, eta gero pixka bat gizentzen. Haragi ona ateratzen zaio, baina... Kostu handia eskatzen du idia hiru-lau urtez elikatzeak, eta, errentagarri izateko, haragia saldu behar da prezio oso onean».

Perurenak uste du abeltzainak animatuko direla aurrerago, behin produktua eta hura lortzeko prozedura zehazten denean, eta ikusten denean badagoela merkatu bat. Sinistuta dago okelak harrera ona edukiko duela. «Nik probatu dut, eta da haragi bat sekulako zaporearekin, ikaragarria. Animaliak urteetan aurrera egin ahala, ikaragarria da nola irabazten duen zaporea».

Bi dastatze proba

Proiektuaren lehen urtean egin zuten betizu-idi haragiaren lehen dastatze organoleptikoa, eta aurtengo apiril hasieran bigarrena, Iruñean. Hainbat aspektu neurtu zituzten: okelaren kolorea, aroma, gogortasuna eta samurtasuna. Denera, 25 pertsonak parte hartu zuten dastatzean: Betizu hazleen federaziokoek, administrazioko teknikariek, harakinek eta haragiaren sektoreko profesionalek. Haragiaren balorazioa «oso ona» izan zen, Intiaren arabera. Azken dastatzea datorren urtean egingo dute, I+G proiektuaren azken urtean.

Perurenak argi dauka zein den betizu haragi puntakoa lortzearen helburu nagusia: «Errentagarritasuna lortzea inportantea da, lehendabizi, betizu arraza mantentzeko». Izan ere, gaur egun betizuak hazten dituzten abeltzainek diru laguntzak jasotzen dituzte galtzeko arriskuan dagoen arrazako ganadua hazteagatik. «Betizuak dauzkagu arraza mantentzeko, ez baitu errentagarritasunik. Dirurik ez dugu galtzen, baina irabazi ere ez. Arrazari eusteko dauzkagu, ez negozioa egiteko». Betizu hazleek, normalean, bestelako aziendak izaten dituzte beraien ustiategietan:ardiak, oilaskoak, bestelako behiak...

Haragitarako ere erabiltzen dute animalia, baina gutxi saltzen dute. Normalean, txekorraren okela saltzen dute abeltzainek, urte eta erdi inguruz gizendutako txekorrarena.

Ingurumenaren zaintzaile

Arraza mantentzea inportantea da, bereziki ingurumenerako. «Betizuek lan ikaragarria egiten dute mendia garbitzen», esplikatu du Perurenak. Beste ganadua ailegatzen ez den tokietara iristen da, eta oteak eta laharrak txikitzen ditu hankekin. Beti mendian dago, negu eta uda». Intiako Maeztuk nabarmendu du denontzako aberastasuna dela arraza mantentzea, «gizartearentzat betizua ondasun genetikoa eta kulturala delako, baita biodibertsitaterako eta ingurugirorako garrantzitsua ere».

Maeztuk gogora ekarri du abere askoren patua izan dela desagerpena, jabearentzat hark emandako erabilera agortu denean. Sasoi batean betizua baserriko lanetarako erabiltzen zen, eta, tarteka, etxeko haragitarako. Teknologiaren aroan, lanerako ez dira erabiltzen, maneiatzeko zailak dira gainera, eta txikiak eta meheak izaki, abeltzain gehienek, haragia saltzeko, beste arraza batzuen alde egin dute.

Diru laguntzen helburua da arrazen «errentagarritasun eza» konpentsatzea abeltzainei, baina Intian uste dute hobe dela arraza bat bermatzea erabilgarritasun berriak bilatuta. Eta horretan ari dira. Bat datorPerurena ere: «Diru laguntzekin bakarrik ez da nahikoa arraza mantentzeko. Beharrezkoa dugu salmentak egitea».

Eta saltzeko, ezagutarazi egin behar da. Belaunaldi gazteentzat ETBko haurren programako pertsonaia animatuak izango dira erreferentzia nagusia —2001etik 2011ra arte iraun zuen Betizu saioak—, baina Araban ez beste lurralde guztietan aurki daitezke hezur-haragizkoak.

Gehienak Nafarroan daude, hamarretik zazpi. Ustiategi metaketarik handiena Goizuetan dago (bost), baina badira azienda txikiak bereziki Artangako, Artxubako eta Zariketako mendialdeetan. Gipuzkoan batez ere Adarra eta Arno inguruan daude, eta Bizkaian Gorbeia aldean eta Urkiolan. Ipar Euskal Herrian ez dago datu zehatzik —2015ean desegin zen Iparraldeko Betizu hazleen elkartea—, baina 30-40 abelburu daudela uste du Perurenak, gehienak Lapurdiko eta Nafarroa Behereko mendialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.