Guaidok kudeatuko du Venezuelak Ingalaterrako Bankuan duen urrea

Londresko Auzitegi Nagusiak ontzat eman du Erresuma Batuko Gobernuak erabaki izana oposizioko burua jotzea «presidente zilegitzat»

Juan Guaido oposizioko burua ekainean, Caracasen. RAYNER PEÑA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Maiatzean hasi zen gatazka: Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak izendatuta, Venezuelako Banku Zentraleko batzordeko buru Calixto Ortegak salaketa aurkeztu zuen Ingalaterrako Bankuaren aurka, hark atzera bota zuelako Banku Zentralak han zuen urre erreserbetatik 930 milioi dolar NBE Nazio Batuen Erakundeko funts batera lekualdatzeko eskaria.

Venezuelak Ingalaterrako Bankuan gordetako urrea blokeatuta geratu zen AEBek eta Erresuma Batuak Maduroren gobernuaren aurkako zigorrak onartu ostean. Londresek, Washingtonek bezala, Juan Guaido oposizioko burua jotzen du herrialdeko «ordezkari zilegitzat», eta aldarrikapen horretan oinarritu da Auzitegi Nagusia ere ebazpena hartzeko. Auzitegiaren arabera, Erresuma Batuak zilegitasuna Guaidori aitortu dionez, hura buru duen Batzar Nazionalak Venezuelako Banku Zentralerako izendatutako ordezkaritzari dagokio urrea kudeatzea ere —orotara 31 tona urre lirateke, hau da, 1.450 milioi dolar inguru—.

Auzitegi Nagusiko magistratuaren arabera, Erresuma Batuko justiziak ezin du erabaki legezkoa ote den Guaidok Banku Zentralerako aukeratutako zuzendaritza batzordea, nahiz eta Caracasko Auzitegi Nagusiak hura baliogabetzat jo.

Guaidok berak txalotu egin du erabakia, eta ohartarazi du chavismoak «helburu gaiztoetarako» erabili nahi duela urrea. «Ustelkeria are gehiago zabaldu besterik ez dute egingo». Maduroren gobernuaren arabera, ordea, COVID-19ak eragindako pandemiaren aurka egiteko baliatu asmo zuten urrea

Helegitea

«Errealitateari entzungor» egitea egotzi dio gobernuaren abokatu Sarosh Zaiwallak Londresko magistratuari. «Guaidok izendatutako Venezuelako Banku Zentraleko batzorde deitutako horretako kide bakar bat ere ez da egon Venezuelan azken urteetan. Aldiz, Maduroren gobernuak erabateko kontrola du herrialdean eta bertako instituzioetan, eta, beraz, soilik berak berma dezake dirua giza laguntzarako erabiliko dela». Hala, Zaiwallak Londresi leporatu dio eragotzi egin nahi duela dirua NBEren Garapen Programa sustatzeko eta elikagaiak erosteko erabiltzea. «Venezuelako herritarren bizitza arriskuan dago, eta erabaki honek are gehiago atzeratuko du laguntzaren kudeaketa», salatu du abokatuak.

Bestalde, Zaiwallak nabarmendu du Boris Johnson lehen ministroaren gobernuak Guaidoren aldeko jarrera agertu badu ere ez dituela eten Madurorekiko harremanak, eta beraz ezin litekeela esan ez duenik haren agintea onartzen. Hala, adibide gisa jarri du Londresek ez duela kanporatu Madurok Erresuma Baturako aukeratutako enbaxadorea, eta Caracasen jarraitzen duela Johnsonek Venezuelara bidalitakoak ere.

Londresko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiak ondorioak izango ditu Caracasek Alemaniako Deutsche Bankekin duen beste auzi batean ere. Berlingo kasuan, urrea trukatu ostean eskuratutako 120 milioi dolar dira jokoan daudenak. Hemen ere auzitegiek erabaki behar dute nork duen hura kudeatzeko eskumena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.