«Erabateko prekaritatea» salatu dute Tabakalerako liburutegiko bitartekariek

Ubik-eko langileek lan baldintza duinak adostera deitu dituzte zentroko arduradunak. Tabakalerak adierazi du auzia «mahai gainean» duela

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan dago Ubik sorkuntza liburutegia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hamahiru gaztek egiten dute lan Donostiako Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegian. Eta salatu dutenez, «erabateko prekaritatean» ari dira beharrean. Beren egoera «jasangaitza» dela iritzita, salaketa ezagutaraztea erabaki dute, eta lan baldintzak hobetzeko eskatu diote Tabakalerako Administrazio Kontseiluari. Egoera aldatu ezean, mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute. Tabakalerak adierazi du auzia «mahai gainean» duela.

Ubik ez dela liburutegi arrunta ekarri du gogora Iñigo Otxotorenak, hango langileen ordezkariak. «Kultura garaikideko liburutegi bat da, Tabakaleraren beharrei erantzuten diena. Eta hanegiten dugun lana ez da liburuzain batek bere ohiko jardunean egiten duen lana bezalakoa, gure prestakuntza teknikoa ere ez baita liburuzainarena». Bitartekariak direla azaldu du. Izan ere, ataletan banatuta, hainbat arlo lantzen ditu liburutegiak, hala nolapentsamendu garaikidea, ikus-entzunezko arteak, arte plastikoak zein kultura digitala. Hala, hango langileak, nor berean, «gai horietan espezializatuta» daudela azaldu du Otxotorenak, eta denek dituztela goi mailako ikasketak. Batez beste jasotzen duten soldata, baina, ez dela 1.000 eurora iristen salatu du, nahiz eta igande eta jaiegunetan ere lan egiten duten. Jaiegunetan lan egiteagatik «plus txiki bat» jasotzen badute ere, asteburuetan lan egiteagatik ez dutela konpentsaziorik azaldu du bitartekariak.

Nafarroako Sedena enpresak azpikontratatutako langileak dira denak, zeinak beste hainbat kultur azpiegitura kudeatzeko kontratu publikoak ere lortuak dituen, Nafarroan gehienak, hala nola Iruñeko hainbat Civivox zentro, Zizur Nagusiko kultur etxeko zein Antsoaingo antzokiko hainbat zerbitzu, edota Berriozarko eta Burlatako kultur ekintzen programazioak, besteak beste. Ubikeko langileei Espainiako Estatuko hitzarmen bat aplikatzen diete. «Horren ondorioz, sekulako ordu pila egiten ditugu lan, eta oso baldintza kaxkarretan», gehitu du Otxotorenak.

2015eko azarotik dabil beraUbiken lanean, liburutegia zabaldu baino lehenagotik, prestaketa lanetan jardun baitzuten hasieran. «Hemezortzi bitartekari hasi ginen orduan». Urtearen amaieran, baina, «Tabakalerako aurrekontu orokorrean murrizketa handi bat egon zen 2016ari begira», eta horrek Ubiken eragin «praktikoki proportzionala» izan zuela azaldu du: sei langile kaleratu zituzten, eta hamabik jarraitu zuten lanean. Horrek liburutegiaren irekiera orduen plana aldatzea ere eragin zuen, eta zabalik egongo zen ordu kopurua proportzioan murriztea, bitartekariak azaldu duenez. «Baina, gero, 2017ko otsailean, ordutegia handitu egin zen; ordu gehiago irekitzen hasi ginen, baina, praktikan, bitartekari kopuru berarekin».

Horrek lan baldintzetan eragin zien: «Hasieran, hemezortzi langile izanik, esan ziguten hiru asteburutik behin egingo genuela lan; baina plana aldatuta, oraintxe urteko asteburuen erdietan egiten dugu lan, 26 asteburutan larunbat eta igandez. Bizitza sozialarekin eta etxekoarekin kontziliatzeko zailtasun asko ditugu». Ordutegi «itogarriez» gain, oporrak hartzeko zailtasunak ere aipatu ditu Otxotorenak. «Txandaka egiten dugunez lan, txanden arteko aste libreetan sartzen dizkigute oporrak». Enpresarekin negoziatzen aritu izan direla lehenago ere, eta oporrak bi astez jarraian hartzeko modua izateko langile bat gehiago kontratatzea lortu zutela azaldu du. «Oporrak hartzeko erraztasun txiki bat izan genuen hor, baina, bestela, oporrak gure aste libreetan hartu behar ditugu, eta zailtasunak ditugu antolatzeko».

Horiek horrela, eta lan baldintzen ondorioz, lantaldean «sekulako errotazioa» egon dela adierazi du Otxotorenak. «Hasierako hemezortzi langileetatik, oraintxe bertan, lau geratzen gara. Eta, nire ustez, hemezortzitik lauk bakarrik jarraitzeak, sei lagun kaleratu eta gero, baina oraindik hiru urte bete ez diren honetan, asko esan nahi du lanaren egoeraz».

Gaur egun lanean ari diren hamahiru bitartekarien batez besteko lanaldia %84koa da, hainbatek lanaldi murriztua dutelako.

Bilera eskeak

Beren lan baldintzak hobetze aldera, bai Tabakalerarekin bai enpresarekin hitz egin izan dutela azaldu du Otxotorenak. «Hasieratik, gure ideia izan da hiru aldeko bilera bat egitea, baina ez dugu lortu. Enpresaren aldetik ez dugu eragozpenik aurkitu, baina, kasu honetan, Tabakaleraren aldetik bai». Tabakalerako Administrazio Kontseiluarekin ere hitz egin nahi izan dute langileek —Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute—, baina hori ere ez dute lortu orain artean. «Enpresaren aldetik gauza batzuk hobetzeko borondatea ikusi dugu, baina azpikontrata bat gara, jasotzen duten dirua irabazitako lizitazioaren araberakoa da, eta iristen dira iristen diren punturaino». Tabakaleraren aldetik, oraingoz, erantzun zehatzik ez dutela jaso adierazi du Otxotorenak.

Langileen salaketaren inguruan Tabakalerak esateko zer duen galdetuta, Katerin Blasco Tabakalerako Komunikazio zuzendariak eman du erantzuna: «Tabakalera jakitun da egoera honetaz, gaiaren berri bagenuen, eta heldu diogu gaiari, bideratzen ari gara; beraz, esan dezakeguna da mahai gainean daukagula. Lan egitea da orain dagokiguna».

Bitartean, sare sozialetan beren egoeraren berri zabaltzen ari dira, Bitartekariak Martxan izenpean. Mobilizazioetara deitzea ere ez dute baztertzen. «Egutegi bat hitzartu dugu, eta laster jakinaraziko dugu. Gauzak konpontzen ez ditugun bitartean behintzat, aurrera jarraitzeko asmoz gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.