Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Apoteosi hutsalak

2016ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Estreinatu berri den Anomalisa filmeko protagonista bere azkeneko speech-ean, arras hondaturik, galderak egiten hasten da: «Zer da bizirik egotea? Zerk egiten du min?». Eta jarraian, inportanteena: «Nola hitz egin behar zaio bezero bati?». Ez du erantzunik aurkitzen. Galduta dago, apurtuta. Negar egin nahi du, larritasun existentzialaren amesgaiztotik ateratzeko, baina malko askatzaileak ez dira iristen.

Panpina apurtua da, literalki. Charlie Kaufmanen azken filma panpinekin egina dagoelako. Eta, hala ere, ikaragarri gizatiar egokitzen da, itsuski gizatiarra. Gure grina makurrak islatzen dituelako, zitalkeriak agerian. Edozer idealizatzeko dugun premia erakusten du, eta ondoriozko etsipen ekidinezinak. Alabaina, merezimenduz hunkigarria. Samurra ere bai. Baina ez zaie denei berdin suertatuko. Ez delako polita. Ez, oso itsusia da.

Beti izan da erraza masa hunkitzea; horregatik, etsi-etsian hunkitzeko premia horren helburua zein den galdetu beharko genuke. Ea horrenbeste edertasun doakoa ez ote den, beste zerbait ezkutatzeko erabiltzen ez ote dugun. Inoiz baino anestesiatuago bizi gara, dena hunkiberatasunez mozorrotzera behartuak gaudelarik. Giharrean ukitu, ala hil.

Badaude Kaufmanen hirugarren galderaren erantzuna ondo baino hobeto dakitenak. Kantu bat gara-rekin erakutsi digute berriz. Euskal Herrian jada ez dugu natural berba egiten. Gure herrietatik eszena punkia desagertzen ari den bitartean, Jon Maiaren edo Ken 7-ren moduko mezu hunkigarriak dira arrakastatsuenak GUri buruz aritzeko. Filmetan ere, metafora oroitarazle txundigarriak nagusi.

Ez dakit oraindik ze itsaso mota garen, baina GU izeneko ur zabal itogarri horietan naufrago sentitzen naiz. Egun independentismoa itsasoan hondoratzen ari den txalupa baten irudia izan arren, SOS mezuen ordez abesti epikoak entzuten dira, Titanic-eko orkestra gogoan.

Oraindik emozionalki superdisfuntzionalak gara. Tragediatik epikotasunera pasatu gara, besterik gabe. Hunki gaitezen. Negar egitera jo dezagun. Etor dadila malko askatzailea. Baina tranparik gabe, bidezidorrik gabe, epikotasun hutsalik gabe. Amaiera apoteosikoak txalotu aurretik, ezinbesteko urratsa dugu eta:katarsia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.