Kataluniako erreferenduma. Euskal Herria

Urkulluk bere burua eskaini dio Junckerri, bitartekari lana egiteko

Jaurlaritzako lehendakariak dio egoera bideratzeko «garaiz» dabiltzala eta «etsigarria» izan dela Felipe VI.aren jarduna. Euskal alderdi gehienek deitoratu dute erregeak esandakoa

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, joan den maiatzean egindako bileran, Bruselan. S. LECOCQ / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Izaskun Bilbao EAJko parlamentariak jakinarazi zuen atzo Europako Parlamentuko saioan: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eskutitz bidez jarri dela harremanetan Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin, eta bere burua eskaini diola Europaren eta Kataluniaren artean bitartekaritza lana egiteko. Gogorarazi dio Europako Batasuna ez zela eraiki «legearen mugak erabiliz» eta «elkarri purrustadak eginez», «baizik eta elkarri entzunez, elkar ulertuz eta eraikiz». Hori dela eta, Bilbaok berak eskatu zuen atzo «kataluniako krisia» Europako Batzordearen hurrengo bileran tratatu dadila, «irtenbide elkarrizketatu bat» topatu ahal izateko.

Izan ere, egoera gaiztotu egin dela, baina bideratzeko «garaiz» dabiltzalakoan dago Urkullu lehendakaria. Ama Esnearen Banku berrira egindako bisitan mintzatu zen Kataluniako aferaz, atzo, Galdakaon (Bizkaia). Espainiako errege Felipe VI.ak bezperan esandakoak «harrigarriak», «etsigarriak» eta «kezkagarriak» iruditu zitzaizkiola onartu zuen bertan. Harritu egin zela legea betetzeaz eta ordenamendu juridikoa errespetatu beharraz bakarrik jardun zelako erregea, etsitu egin zela ez zuelako bizikidetzan sakontzeko keinurik ikusi, eta kezkatu egin zela elkarrizketarako eta zubiak eraikitzeko proposamenik ez zuelako egin. «Horren alde egiten dut nik. Nire konpromiso osoa adierazten dut horren alde, Europako erakundeetatik proposatzen ari diren gisara. Jarraitzen dut pentsatzen garaiz gabiltzala».

«Elkarrizketa politikoaren» alde mintzatu zen Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea ere. Felipe VI.ak esandakoak ez zituen baloratu nahi izan, haiek «balorazio orokorra» egin nahi dutelako, eta nabarmendu nahi dutelako azkena gertatutakoak «kezkaz» bizi izan dituztela, eta «elkarrizketaren, patxadaren eta lasaitasunaren» aldeko mezua eman nahi dutela.

Alderdiak aritu dira gogorrago. EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek esan zuen «Kataluniaren kontrako gerra deklarazioa» izan zela erregearen hitzaldia, baina «funtsean» ez zuela ezer berririk ekarri: «Estatutik ezin dugula besterik espero, mehatxuak, errepresioa eta gure nazio eskubideen ukapena bakarrik». Urkulluri egin dizkio eskariak EH Bilduk: Generalitatean alboan jar dadila eskatu dio, eta agerraldi bat egin dezala legebiltzarrean azal dezan zein urrats egingo dituen «katalanen erabaki demokratikoa defendatzeko». Hitz batean esanda: «Jaurlaritzak inakziotik akziora pasatu behar du. Urkullu busti egin behar da, irtenbide baten bila».

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideari «kezkagarria» iruditu zaio Felipe VI.aren hitzaldia. «Suari gasolina botatzea» egotzi zion, eta egoerari ekarpen handiago egingo ziola «isilik egonda». Argudio berberak erabili zituen Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak ere. «Suari egurra botatzea» egotzi zion erregeari. «Zerbait positiborako» balio behar zuenak «justu kontrakorako» balio izan duela esan zuen. Eta gaineratu: «Estatu demokratiko batean bizi bagara, irtenbide demokratikoak beharko ditugu». PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak, aldiz, «elkarrizketarako deia» sumatu zuen faltan Felipe VI.aren hitzaldian. Gainontzean, ongi aritu zela, «ordena konstituzionalaren defentsan». Leopoldo Barreda PPkoari, ordea, «historikoa» iruditu zitzaion erregearen jarduna: «Demokraziaren boterea berretsi zuelako, estatu kolpe bat defendatu dutenen aurrean».

Laukoaren kritikak

Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau talde politikoek deitoratu zuten Espainiako erregearen jarduna. «Alde bakarreko» hitzaldia egitea egotzi zion Geroa Baiko Koldo Martinezek, ez zuela elkarrizketarik aipatu, eta ezta katalanez hitzik esan ere. Bakartxo Ruiz EH Bildukoarentzat, «mehatxuz eta mespretxuz» betetako jarduna izan zen harena. Eduardo Santos Ahal Dugu-koarentzat ez zuen «inolako ekarpenik egin», eta Ezkerrako Jose Miguel Nuinek «errepublika baten beharra» aldarrikatu zuen.

Maria Txibite PSNkoak ere elkarrizketa hitza bakarrik sumatu zuen faltan hitzaldian; ongi aritu zela gainontzean. UPN eta PPrentzat, «beharrezkoa, une egokian egina, eta bikaina» izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.