Pianorako altxor berreskuratua

Josu Okiñena musikari eta ikertzaileak Aita Donostiaren 1954ko 'Andante doloroso' pieza ezezaguna osatu eta grabatu du. Disko batean aterako du, beste hainbat lanekin batera

Josu Okiñena musikari eta ikerlaria —ezkerretik bigarrena—, erakundeetako ordezkariez inguraturik, atzo, Gipuzkoako Diputazioan, Aita Donostiaren Andante doloroso pieza berreskuratuaren eskuizkribu originala aurrean dutela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
«Aita Donostiaren maisulana dugu esku artean; pianorako eginiko azken abestia, 1954ko martxoaren 1ekoa, 1955ean gaixotu baino urtebete lehenagokoa, hil baino bi urte lehenagokoa, hain zuzen. Garai horretan idatziriko pieza berritzaile eta modernoenetakoa dugu. Lan abangoardista bat da, ezbairik gabe, kalitate itzelekoa eta bere garairako oso berritzailea». Andante doloroso obraz ari da Josu Okiñena musikari eta ikerlaria, bere azken aurkikuntzaz; «garai guztietako musika altxor bat da». Hala aurkeztu zuen, atzo, Musikaren Europako Egunean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Tronu aretoan egindako aurkezpenean.

Lehen ere ondo ezagutzen zuen Aita Donostiaren obra Okiñenak. 2011n, EHUren eta Donostiako Orfeoiaren ikerketa saria eskuratu zuen Donostiaren inguruan egindako Komunikazio autopoietikoa, musika interpretaziorako oinarria: bere ikerketa Jose Antonio Donostiak ahots eta pianorako egindako obran lanagatik. 2013an, Aita Donostiaren 150 kantu baino gehiago bildu zituen, piano eta ahotserako obra ia osoa; Sony Classicalek argitaratu zuen lau CDz osatutako kutxa batean, eta Almudena Ortega sopranoa izan zuen lagun.

Alabaina, berreskuratu berri duen obrak ezustean harrapatu zuen. Duela hamarkada bat baino gehiago Okiñenak eskuizkribu sorta bat jaso zuen, bere irakasle Felix Lavillak emanikoa, eta horien artean zegoen Andante doloroso. «Lavillak esan zidanez, Donostiak berak eman zion lana, lagun minak baitziren. Pianoan aukera sonoroak aztertu eta bere iritzia jakiteko eman zion Donostiak Lavillari, baina haren heriotza goiztiarrak dena zapuztu zuen. Hori zela eta, etorkizunean abesti hau zabaltzeaz ni arduratzeko eskatu zidan», adierazi zuen Okiñenak. Eta horretantxe aritu da azken hilabeteetan, lau minutu pasatxo dituen amaitu gabeko pieza «aztertzen, osatzen eta berreskuratzen».

«Maila artistiko gorenean» zegoenean idatzi zuen pieza Aita Donostiak, Okiñenaren iritzian: «Bere ibilbideko garairik aberats, eboluzionatu eta modernoenean zegoen. 1940, 1950 eta 1960ko hamarkadetan euskal konpositoreak gure folkloreko abestiak harmonizatzen ari ziren bitartean, Aita Donostia haratago joan eta inpresionismoan sartzen hasi zen: alegia, musika lengoaia aurreratuago baten bidetik jo zuen, Maurice Ravelen tradizioaren bidetik».

Diskoan ere bai

Okiñenak Donostiaren obraren kalitatea goraipatzeko orduan konplexurik gabe hitz egin behar dela nabarmendu zuen: «Euskal konpositoreen musikan aberastasun izugarria dago, baina zaila da nazioarteko obrekin alderatzeko moduko lanik topatzea; Guridiren bigarren laukoterako lanak datozkit burura, zeinak Bartoken edo Xoxtakovitxen lanen batere inbidiarik ez duten. Andante doloroso-k euskal musika ondarea aberasteaz gain, ondare unibertsala ere aberasten du, bere kalitate eta lengoaia abangoardista dela eta».

Pieza aztertu, osatu eta berreskuratzeaz gain, pianoan jo eta bideo batean ere grabatu du Okiñenak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du, baita denbora gutxi barru kaleratuko duen Xuxurlak diskoa ondu eta zabaltzeko ere. Disko hori ere Sony Classical zigiluarekin plazaratuko du, eta 20tik gora pieza izango ditu. Horietako %70 euskal konpositoreen obra ezezagunez osatua egongo da, gainera. Tomas Garbizuren (1901-1989) sei dantza, Pascual Aldaberen (1924-2013) hiru bagatela, euskal klabezin jotzaile zenbaiten sei sonata, eta Felix Lavillak pianorako sortutako sei pieza bilduko ditu diskoak.

Pascual Aldabe Lesakan (Nafarroa) jaiotako musikaria izan zen, baina Donostian eman zituen urterik gehienak. Haren bagatela ezezagun bat jasoko du Okiñenak diskoan: «Argitaratu gabea da, Aldabe familiaren artxibotik jasoa, eta euskal folklorean oinarriturikoa. Bagatela konposizio arina da, iraupen gutxikoa, gai jakin baten inguruko fantasia txikia, kasu honetan, Uso Shuriya-ren ingurukoa, hain zuzen ere».Juan Andres Lonbide klabezin jotzailearen XVIII. mendeko sonata bat eta Garbizuk 1940ko hamarkadan konposaturiko dantza bat ere badaude berritasunen artean.

Sony Classical diskoetxean estimutan dute Okiñenaren lana; esaterako, duela pare bat urte Eric Satieren pianorako obra batzuk grabatu zituen. Javier Briongos zigiluaren arduradunaren hitzetan, oso gutxi dira Okiñenaren ezaugarriak dituzten musikariak: «Ikertzaile zorrotza da, eta, gainera, ikertzen duen hori pianoan jotzeko gai da. Izugarria da euskal konpositore zenbaiten obrak berreskuratzen egiten ari den lana».

Berreskuraturiko obren partiturak, berak pianoan jotako piezen bideoak, dantza emanaldiak... ia-denetarik egingo du, obra zabaltzeko, «gaur egun dauden baliabide guztiak baliatu behar baitira», musikari eta ikertzailearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.