Munduko kantuen kartografia

Kantu inprobisatuaren adierazpide desberdinak bildu eta sailkatu dituzte munduko mapa batean, eta garrantzi berezia eman diote hizkuntzari. Ekarpenak jasoz joan ahala, datu basea gehiago osatzea espero dute

Donostia
2016ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Kulturartea Mapa osatu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak, eta munduko kantu inprobisatuaren argazkia zein den erakusten du lanak. Ia 100 kantu inprobisaturen inguruan egin diren 3.000 ikerketak jaso, informazio hori guztia digitalizatu, eta datu base bat osatu dute. Informazio hori guztia sarean jarri dute eskuragarri, maparekin batera. Proiektua atzo aurkeztu zuen Mintzola Ahozko Lantegiak, Donostiako Miramar jauregian, Europa Bat-batean jardunaldien barruan.

Mapan kokatuta ageri diren 97 kantu inprobisatuak hizkuntza familiaren arabera sailkatu ditu dokumentazio taldeak, turkiarra, sino-tibetarra, tucano hizkuntzak eta kreolerak adibide; familia bakoitza kolore batekin dago adierazita. Mapako puntuetako batean klik eginez gero, adierazpide baten izena agertuko da; hura zein hizkuntzatan egiten den eta hizkuntza hori zein familiatakoa den ere zehazten du mapak. Familia indoeuroparraren barruan, adibidez, kantu inprobisatu ugari daude: katalanez egiten den glosa, gaztelerazko punto kubatarra, lituanierazko rauda eta beste hainbat. Baina adierazpide bakarra duten hizkuntza familiak ere badaude: eskimo-aleutarra eta kitxua, esaterako. Euskara isolatutako hizkuntza gisa sailkatu dute mapan, eta haren barruan agertzen da bertsolaritza ere.

Maparen azpian agertzen den zerrendan, hizkuntzaz gain, kantu inprobisatuak zein herrialdetan egiten diren adierazten da, eta baita kantuaren aktibitate egoera ere: aktibo edo desagertua dagoen zehazten da. Gainera, adierazpidearen izenean sakatuta, fitxa bat irekitzen da. Hor, kantuaren deskribapen bat, inprobisatzaileen izena, kantuaren eta hizkuntzaren egoerak eta kokapen geografiko zehatzagoak agertzen dira.

Horretaz guztiaz gain, zenbait bideo azaltzen dira fitxa bakoitzean, non kantu inprobisatua nolakoa den eta nola egiten den ikus daitekeen. Gainera, adierazpidearen inguruko bibliografia ematen da, eta hainbat artikulu irakur daitezke.

Mintzolaren arabera, maparen hasiera bakarrik aurkeztu dute; web orrialdearen bitartez ekarpen gehiago jaso nahi dituzte, datu basea osatzeko; «kolorez» bete nahi dute «mundu txiki eta zabal hau».

Kantuan

Orain arte, transmisioa eta generoa landu dituzte Kantu Inprobisaturen Nazioarteko Topaketan, eta ahozkotasunari buruz aritu dira jardunaldien laugarren egunean. Haien ondotik aurkeztu dute mapa Mintzolako kideek.

Lantegiaren helburua bertsolaritza sustatzea eta munduko kantu inprobisatu desberdinak ezagutzea da, eta, horrekin batera, horien arteko zubiak eraikitzea. Horretarako, lantegiak bere egitasmoen dokumentazio beharrei Xenpelar zentroaren bidez erantzuten die. Mundu osoko ikertzaileekin elkarlanean osatu dute aurkeztutako datu basea, eta Mintzolako kideez gain, horietako batzuek parte hartu dute Miramar jauregiko aurkezpenean.

Oholtzara gonbidatu duten lehenengo aditua Ruth Finnegan soziologoa eta antropologoa izan da, zeina Afrikan aritu izan den hainbat herritako ahozkotasuna aztertzen. Azaldu duenez, bere ikerketan garrantzitsua izan zen hango biztanleen grabazioak lortzea. Horren harira, digitalizazioaren garrantzia nabarmentzen du antropologoak, eta Interneti esker artxibo «miresgarria» lortu dela gehitu du.

Missouriko unibertsitatetik (AEB) etorritako John Zemkeren hitzetan, munduko mapa honek aukera berriak erakusten ditu, eta datu baseak urruti dauden kulturak denon eskura jartzen ditu. «Aurrerapauso handia da gure arteko ezagutzan». Mapak kulturak hurbiltzen dituela uste du Renoko Euskal Ikasketen Zentroko (AEB) Euskal Liburutegiko Iñaki Arrietak ere, eta bertsolaritza munduan zabaltzeko baliogarria izango dela.

EHUren izenean, Jon Zaratek elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, eta, bertsotan, ikerkuntza eta euskararen normalizazioa aldarrikatu ditu, «Euskal Herria izan dadin kulturaren nazioa». Andoni Egañak ere bertso baten bitartez eman du bere iritzia; ikerlari eta sortzaileen harremanak aipatu ditu, eta kantu desberdinak «edonork eta edonondik» kontsultatzeko aukera egotea goraipatu du. Azkenik, Las Alondras Mexikoko taldeko kideak, sokazko instrumentuez lagunduta, kultura propioaren garrantziaz aritu dira kantuan.

Aurkezpenean parte hartu duten ahots guztiak kultura mantentzearen alde agertu dira, eta horretan mapak eginkizun garrantzitsua betetzen duela adierazi dute.

Kulturartea Mapa webgune honetan kontsultatu daiteke:

www.mintzola.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.