Ismael Manterola
BEGIZ

Desiren gutuna

2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Urtarrilaren hasieran atal honetan argitaratutako artikulu batean, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren hitz batzuk kritikatu nituen. Gustatuko litzaidake nik idatzitako hitzak ulertzeko gai balitz, nahiz eta badakidan ez dela. Aldaketa dator Museoko Zuzendaritzara eta gustatuko litzaidake hurrengo zuzendaria nik idatzitakoak ulertzeko gai balitz. Baina badakit ez dela hala izango.

Eskatzen hasiz gero, euskaraz jakiteaz gainera, gustatuko litzaidake emakumea izatea, museo horrek ez baitu bere 100 urte eta gehiagoko historian zuzendari emakumerik izan. Eskaeren zerrendarekin jarraituta, hurrengo zuzendaria ni baino gazteagoa izatea gustatuko litzaidake, batez ere erretiroa hartzera datozen profesionalen lekua izatearen inpresioa ez edukitzeko.

Hala ere, benetan hurrengo zuzendariaren inguruan gehien gustatuko litzaidakeena, museorako duen proiektua ezagutzea da. Baina azken desira hori ere ezinezkoa izango da, beste behin ere politikari baten telefono deiak izendatu duelako zuzendaria eta ez proiektu lehiaketa batek. Gustatuko litzaidake jakitea zein izango den bildumaren antolamenduaren inguruko proiektua, zein behin-behineko erakusketa ekarriko duen museora, museoko patronatuari erosketa politikan emakume artista gehiago eros dezan aholkatuko dion edo hemendik aurrera argitaratutako katalogoetan euskara normaltasunez txertatuko duen.

Hitz gutxitan esateko: hurrengo zuzendariak museorako duen proiektua ezagutu nahi nuke. Baina, gardentasuna eta gobernantza aldarrikatzen duten politikariek, berriz ere, nahi duten pertsona izendatu dute proiektuak kontrastatu gabe. Sarritan beste erakunde eta politikariei aurpegiratutako praktika ez egokiak erabili ditugu Euskal Herrian ere, kulturako goi postuko arduradunak izendatzeko. Herritarrok, bitartean, proiektu ezberdinen arteko konparazioa egiteko aukerarik gabe jarraituko dugu.

Erabaki batzuk estrategikoak direla erantzungo dute kultura sailetako goi postuetatik. Hitz magikoa da hori, esateko, gobernuak gobernatu egin behar duela herritarren iritzia kontuan izan gabe. Lasai, zuen onerako da, ikusiko duzue zein ondo egiten duen guk aukeratutakoak.

Eta hala izango da; benetan pentsatzen dut ez duela gaizki egingo. Aukeratutako pertsonaren profesionaltasuna estimatzen dut, eta konfiantza daukat museoa orain arteko autokonplazentzia ametsetik eta autokritika faltatik ateratzeko pertsona egokia dela, baina ezin dugu ziurtatu museorako dituen asmoak (baldin baditu) ez ditugulako ezagutzen. Eta eskaintza hobeagoa egingo lukeen norbait balego?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.