Begiari ezkutatutako formak

Performanceak une batez albo batera utzi, eta bere instalazioen erakusketa bat aurkeztu du Esther Ferrerrek Guggenheim museoan. Publikoaren elkarrekintza bilatu du

Esther Ferrer artista, Guggenheim museoan erakusgai duen Aulkiak zintzilik saileko instalazio batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Zuek [publikoak] definituko duzue artelana; zuen mugimendu, ikuspuntu eta begiradek emango diote esanahia espazioari». Ideia pentsatu, garatu eta espazio batean kokatu. Ondorioak bilatu baino gehiago, galderak plazaratzea du helburu Esther Ferrerren lanak. Ikuslearen esku geratzen da artelanera gerturatzeko modua, horrek sor ditzakeen emozioak eta esanahia bera. Horregatik, performancearen eta erakusketa klasikoaren artean koka daiteke Guggenheim museoan aurkeztu duen Elkarri lotutako guneak erakusketa. Performancearen erreferentziazko artistaren 11 instalaziok osatzen dute erakusketa, horietako bederatzi inoiz ikusi gabekoak.

Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak adierazi du «artistarekin zuten zorra» kitatzen dutela erakusketarekin. Erakusketaren izaera «berdingabea eta berezia» ere azpimarratu nahi izan ditu. Petra Joos erakusketako komisarioak ere nabarmendu du museoko 105. aretoan ikusgai egongo diren artelanen berezitasuna: «Une oro eraldatzen diren espazio arinen sekuentzia bat osatu du». Izan ere, Ferrerren lan ildoarekin eta pentsaerarekin bat egiteko, erakusketaren oinarria bihurtu dituzte espazioaren eraikuntza eta publikoaren elkarrekintza. Ikuspuntuaren arabera aldatzen diren formez eta publikoaren presentziarekin aktibatzen diren instalazioez osatu du erakusketa.

Maketak egiten ditu Ferrerrek, eta ehunka badituela esan du. Horietariko batzuk hautatu ditu orain erakusketa osatzeko. Eta horregatik aipatu dute sekula ikusi gabeak direla, nahiz eta maketa formatuan aurrez ere landuak dituen ideia horiek. Artistak adierazi du ez dela lan erraza izan tamaina txikiko egitura bat tamaina handiagoan eraikitzea, baina emaitza ikusita «lasai» dagoela dio. Bertan azaltzen dira hainbatetan landu dituen elementuak; besteak beste, aulkien instalazioak eta hari eta alanbreekin eraikitako formak. Hala ere, Ferrerrek argi utzi du erakusketa ez dela atzera begirakoa.

Erakusketa aretoak eskainitako espazioa baliatuz «espazioa irudikatu» duela azaldu du artistak. Hori lortze aldera jarraitzen duen prozedura azaldu du: «Espazio baten barruan, beste hainbat espazio eraiki ditut, ahalik eta elementu gutxien erabilita». Harien, kableen, aulkien eta material arinen aldeko apustua egin du artistak. «Pobre lan egitea gustatzen zait; materialak ahalik eta merkeenak izatea, posible bada berrerabiliak».

Publikoak aktibatuko ditu piezak, Ferrerren hitzetan. Artelanak hainbat ikuspegitatik begiratzeko aukera eskaintzen du erakusketak, eta kordel artetik ere piezen barrura sartu ahalko da bisitaria kasurik gehienetan. Ferrerrek azpimarratu du instalazioen forma guztiez ohartzeko ezinbestekoa dela horiekiko interakzioa.

Biluzik, utziz gero

Ferrerren lanek ikuslearen askatasuna bilatzea helburu badute ere, erakusketara sartzeko bide bakarra proposatu du: luma beltzez osatutako hiru metroko pasillo estu batean barrena. Sarrera, beraz, artelan bat da, eta, horren bitartez, artistak ikuslearen sentsazioak piztea du xede.

Ferrerren hitzetan, «ostean datorrena ulertzeko publikoa esnaraztea» du helburuErakusketa baten sarrera instalazioak. «Instalaziotik pasatzeko modurik onena, uzten baldin badute, biluzik eta begiak itxita da». Broma ere egin du artistak. Kazetari bat sartzean, instalazioko luma batzuk askatu, eta lurrean gelditu dira. Zeharka begiratu dio Ferrerrek Guggenheim museoko zuzendariari, bere ideia azaldu bitartean. «Gustatuko litzaidake lumaz betetzea museoa baina ez dakit zuzendaritzari gustatuko litzaiokeen».

Tuneleko itxitasuna atzean utzita, arintasuna eta espazioa nagusitzen dira gainontzeko instalazioetan. Proiektu espazialak saileko lanak, esaterako, ikusezinak dira lehen begiradan. Ikusleak instalaziora sartu behar duhariek eta elastikoek sortutako figura geometrikoak antzemateko: marra zuzen bat triangelu bihurtzen da, eta diagonal lau bat, berriz, hiru dimentsioko egitura bilakatzen da.

Hariak ere baliatu ditu Ferrerrek, bere objektu kuttuna den aulkiarekin egitura geometrikoak osatzeko. Aulkiak zintzilik saileko bi instalazio moldatu ditu tamaina handira: aulki tolesgarrien bidez osatutako L erraldoi bat, eta elastikoen bidez airean zintzilik dagoen aulki bakarti bat. Ferrerren esanetan, aulki baten «egiturazko aberastasuna» multzo batean konbinatzean, forma aniztasun «txundigarria» lortzen da.

Munduko barreak bildu ditu

Erakusketako instalazio guztiak ez dira, ordea, hariz osatutako egitura geometrikoak. Material elektriko zaharren mordoilo baten bitartez, adibidez, industrializazio garaiko Euskal Herria irudikatu du. Haren estiloari jarraituz, material berrerabiliak baliatu ditu, eta, behin bukatuta, beste erabilera bat ematea aurreikusi du.

Instalazio ikusgarriena, eta era berean konplikatuena, «munduko barreak» irudikatzen dituen munduko mapa interaktibo bat da. Herrialde bakoitzaren gainean, tabletak daude eskegita, eta publikoa hurbiltzen denean gailuak aktibatu, eta herrialde bakoitzeko pertsona bat azalduko da barrezka. Ferrerren hitzetan, «barre ezberdinen kontzertua».

Hain zuzen ere, barreen instalazioa izango da bere horretan mantenduko den bakarra. Gainontzeko instalazioak desegin, eta beste erabilera bat bilatuko diela azaldu du Ferrerrek: «Hori da performancearen izaera, arrastorik txikiena uztea, eta bakoitzak bere istorioa osatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.