Ismael Manterola
BEGIZ

Tailerrean

2014ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Orain dela hiru aste Bilbon Carreras Mugica izeneko galeria handia zabaltzearen berri eman nuen, eta, gaurko honetan, aspalditik dagoen proiektu xume nahiz interesgarri bati buruz hitz egin nahi dut.

La Taller izeneko lantokia eta galeria ez dago Bilbo erdialdean; auzo arruntean baizik. Ez da erakusketa espazio handia, baina txikitasunean gauza handiak egiten dituztela esan daiteke. Ez da galeria komertzial arrunta, nahiz eta erakusten dituzten lanak gustura saltzen dituzten. Ez da marchand tipikoak zuzendutako galeria, eta langileen antzera eskuak tintaz zikinduta gogoz azalduko dizkizu galeriaren arduradunak erakutsitako lanen gorabeherak.

Izenak dioen modura, tailerra eta erakustokia da gaurko artikuluaren protagonista, eta haren proiektua edo lan egiteko modu sinplea bezain erakargarria: artista gonbidatzen dute grabatu serie batean lan egiteko, gero emaitzak erakusteko konpromisoarekin. Sarritan, ez dira grabatuarekin harremana izan duten artistak, baina bertan lan egitea da erakusketa egiteko baldintza; horregatik da galeria baino gehiago La Taller delakoa. Artearen sustatzailea dela esan beharko genuke; artistei proposamena edo erronka jartzen die, eta egunetan egin duten lana erakustea izango da azken emaitza.

Artista asko pasatu badira ere, azken garaiko erakusketa batzuk aipatzeko modukoak izan direla iruditzen zait: Miren Arenzanarena, Jeletonena edo, oraintxe bertan ikusgai dagoen, Gema Intxaustirena.

Azken artista horren erakusketak Wilder is the New Black izenburua dauka. Banuen gogoa, eta nik bezala beste askok ere, Gema Intxaustiren erakusketaren bat ikusteko, urteak isilik pasatu arren Euskal Herriko artista interesgarrienetakotzat geneukalako aspaldian egindako lanei esker.

Intxaustik La Tallerren sortutako lanak badu autobiografikotik zerbait. Aitak artzain lanetan jarduteko Gernikatik Amerikako Estatu Batuetara egindako bidaiak, Gemak berak Ingalaterran egindako egonaldiarekin parekatzen ditu serie luzeko grabatuetan. Film baten gidoiaren antzera, Renon izandako aitaren istorioa eta berea kontatzen dizkigu argazki eta esaldi labur eta poetikoen bitartez. Polaroid zaharrak grabatu ondoren eta lekukotasunak horman jarrita, edozeinen bizitza izan zitekeenaren kontakizuna egiten digu Gema Intxaustik. Hain gurea, baina hain orokorra, mundu erdiak baino gehiagok jasan duen emigrazio-immigraziojoan-etorriko horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.