Ismael Manterola
BEGIZ

Gaur-ek 50 urte

2016ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Aste honetan beteko dira 50 urte Gaur taldeak Donostiako Barandiaran galerian aurkezpen erakusketa egin zuenetik. 1966ko apirilaren 28an zortzi artistak —Amable Ariasek, Nestor Basterretxeak, Remigio Mendiburuk, Jorge Oteizak, Rafael Ruiz Balerdik, Jose Antonio Sistiagak, Eduardo Txillidak eta Jose Luis Zumetak— jendearen aurrean bere lana eta bere proiektua aurkeztu zioten Euskal Herriko ikusleari. Hala ere, erakusketaren helburua ez zen bakarrik artista batzuen lana erakustea, ibilbide baten hasiera zen, Euskal Herria zeharkatu behar zuen ibilbide baten hasiera. Donostiako erakusketa hori Euskal Eskolen Mugimenduaren eratze unea izan beharko litzateke, hurrengo urratsa Bizkaira, Arabara eta Nafarroara salto egitea zen. Gaur taldearen helburua ez zen bakarrik erakusketak antolatzea, edo abangoardiako arte erakusketak egitea. Gizarteari jakinarazi nahi zioten euskal artea bazegoela eta bultzatu egin behar zela. Kultur mundura mugatu beharrean, gizarteak kontzientzia har zezan nahi zuten, eta gizarteak suspertzea kultura.

Urte batzuk lehenago artistak elkartzen ari ziren; diktadurak euskal kulturarentzat ezarritako baldintza gogorrak gainditzeko ordua zen eta gizarteak ezagutu behar zuen artistak ez zeudela konforme kulturaren egoera ofizialarekin. Hiru urte lehenago, Oteizak Quosque Tandem!... izeneko liburua idatzi zuen, euskal kultur herrikoiari balore emateko eta Neolitoak Euskal Herrian izan zituen lorpen artistikoak aldarrikatzeko. Oinarri horiekin eta beste askorekin, artistak harro azaldu ziren gizartearen aurrean. Harro aspalditik ikertzen ari ziren lanekin Oteiza, Txillida, Basterretxea eta Amable, eta harro orduan hasitako bideekin gazteagoak ziren Sistiaga, Mendiburu, Balerdi eta Zumeta.

Ez zen erraza izango horrelako erabaki bat hartzea egoera politiko gogor batean (batez ere zentsuraren begiradapean) eta gizartearen ez ulertze orokorraren aurrean. Hala ere, ekimenari hasiera eman nahi izan zioten «euskal artisten kultur frontea» osatzeko, manifestuan zioten modura; XX. mende hasierako abangoardia joeren ereduari jarraituta, manifestua argitaratu baitzuten.

Testu labur hartan ondo baino hobeto sumatzen da artista hauen egitasmoa: taldea osatu eta beste herrialdeetan osatutako taldeekin bat egitea Euskal Eskola antolatzeko. Gaur, Emen, Orain, Danok izeneko taldeek «gaur hemen orain denok» esaldia osatzen zuten, artistek orainaldiaren kontzientzia garbia zutela adierazteko. Hau da, modernoak zirela eta haien garaikoak zirela azpimarratu nahi zuten Gaur eta Orain hitzen bidez. Bestalde, hemengoak zirela ere aditzera eman nahi zuten, Hemen izenaren bidez, Euskal Herrikoak. Azkenik artistak batzeko gogoa argi eta garbi azaltzen zen Denok hitzarekin eta Iparraldeko taldea osatzerakoan segida izango lukeen Batera hitzaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.