Ismael Manterola
BEGIZ

Hogei urte pasatu ondoren

2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Bilboko Guggenheim museoa 20. urteurrena betetzen ari da aurten. Urtebetetze hauek erabiltzen ditu museoak Euskal Herriko arteari tokia egiteko. 10. urteurrena Ezezagunak: Euskal herriko arte garaikidearen kartografiak izeneko erakusketarekin ospatu zuen, eta aurten Pello Irazuri atzera begirakoa eskaini dio. Euskal kuota betetzea derrigorrezkoa denez, tartean denok ordaintzen dugun museoak (nahiz eta zenbat eta zein baldintzatan ez jakin) inguruan duen inguru arrotz horri ateak zabaltzen dizkio, indigenen erreserbetan egongo balitz bezala.

Inongo lan ildorik gabe, hemengo arte sarearekin inongo harremanik gabe eta arte zuzendaritzarik gabe, hogei urte betetzera txalo artean ailegatu gara, eta denok hitz ederrak izango ditugu Bilbo hiria nazioarteko mapan jarri duen erakundearentzat.

Tximistaz zauritutako dorrea izeneko erakusketa, Oteizari eskainitakoa, lehen aipatutako Kartografiak izenekoa, Laborategiak izeneko programan Koldo Jauregi, Aitor Ortiz eta Jesus Mari Lazkanoren lan bakarreko erakusketatxoak, Garmendia, Maneros eta Salaberriaren erakusketa polemikoa, inork ezagutzen ez duen eta ikusten ez duen Eginberri ekimen penagarria, eta, azkenik, Pello Irazuri eskainitako erakusketa ederra dira hogei urteko balantzea euskal artearentzat; Bilboko Guggenheimek duen egitasmo interesgarriena ahaztu gabe: eskolekin lantzen duen Artea Ikasbide izenekoa.

Hala ere, aldaketarako edozein itxaropen galduta dugunez, erraldoiarekin lan egitea beste aukerarik ez dugu.

Horren harira, poz handiz hartu nuen Espresionismo abstraktuaren (Expresionismo abstraktua web orriaren euskarazko bertsioaren arabera) erakusketaren bukaeran, behingoz, eta hainbeste eskatu dugun katalogoaren euskarazko bertsioa topatu nuenean. Ez dira alferrik izan BERRIAn idatzitako hainbeste iritzi artikulu edo kazetari batzuen egoskorkeriak; azkenean, euskaldunok lortu dugu gure bizkarretik ordaintzen dugun museoak euskarazko produkzio zientifikoa argitaratzea. Formula ez da txarra, nahiz eta normalizaziotik urrun egon. Katalogoaren gaztelaniazko bertsioari euskarazko testuen liburuxka atxiki diote, eta, horrela, guztiek erosi beharko dute testu euskaratua. Lorpen horrek hurrengo urratsean jartzen gaitu, guztiz normalizatutako euskarazko katalogoenean, alegia. Nola? Modu asko daude, klasikoenetik hasita —gaztelaniaz eta euskaraz argitalpen berean, elkarrekin berdintasunean—, ausartenetaraino —jatorrizko euskarazko testuak, liburuaren bukaeran gaztelaniara eta ingelesera itzulita, Katalunian ohikoa izaten den bezala—. Norbaitek pentsatuko du beti gehiago eskatzen ari garela, baina benetan eskatzen ari garena beste hizkuntzekiko berdintasun tratua besterik ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.