Ismael Manterola
BEGIZ

Joerak

2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Turismoaren hazkuntza ikusgarria jasan duen herri batekoa naiz. Azken bi urteetako udetan itxuragabeko jendetza ikusi dugu ikus-entzunezkoen bidez zabaldutako produktu eta sasi produktuen agertokien bila. Kontakizun ugari ditugu bertakoek turisten bitxikeriek eraginda. Hala ere, gizarteak bereganatu dituen edo asmatu dituen ohitura berriak dira gehien harritzen gaituztenak lagunekin izandako elkarrizketetan. Adibidez, nola joan daiteke erromesaldian telebistan ikusitako telesail baten agertokiaren atzetik. Hainbesteko zaletasuna eragiten al du telebistak edo Internetek zabaldutako denbora-pasa batek? Erantzuna baiezkoa da, kostako herri ez oso handi batean ikusitako jendetzari erreparatuz gero.

Erromesaldiak Erdi Aroan eta geroago ere izan dira, azken hamar urteetan modan jarritako Donejakue bidea lekuko. Baina gaur egungo joerak iheskorrago edo unean unekoagoak direla onartu behar dugu.

Lagun bati hartu diot maileguan joera hitzaren erabilpena gaur egun guztiok egiten ditugun gizarte ohiturei buruz hitz egiteko. Arte joerei buruz hitz egiten genuen lehen abangoardien artelanak azaltzeko. Gaur egun, joera hitza gizarte temaren sinonimo bihurtu da guretzat. Ez dakit oso ondo nola hasten den joeren kontua, baina norbaitek hasi, eta guztiok atzetik jarraitzen diogu unean-uneko joera berriari. Jakan etxea erostea dela joera nagusia, zuzenean joango gara Huescako herrira oporretako etxea erostera. Orain mendi lasterketak luze eta amaiezinak egiteko joera dagoela, hil arte hor ibiliko gara mendiz mendi saltoka eta saltaka.

Bilboko Guggenheim museoa bisitatzeko joeraz ere baliatu gara hiri zakarra berreskuratzeko. Baina arteak ondo erakusten digu joerak ez direla betiko eta noizbait joerak aldatu egiten direla, eta beste ohitura batek beteko duela oso modan egon zen joera interesgarri eta moderno hura.

Horregatik lasai nago, uste dudalako pasatuko dela ikus-entzunezkoen eta horiek zabaltzen dituzten paisaiak edo tokiak (lokalizazio hitza ere ikasi dugu) bisitatzeko joera. Azkar aldatzeko beharra daukagu «erabili eta bota» lelotzat hartu duen garaian. Hain ederra eta erakargarria zen herriak beste toki bati lekukoa pasatzeko ordua uste baino lehenago iritsiko delakoan egingo diogu aurre neguari kostako herri ez oso handian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.