Ismael Manterola
BEGIZ

Plazera

2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Azken egunetan literaturak sorrarazten duen plazerari buruz hitz egiten sumatu ditut agintariak liburu azoken testuinguruan. Ez dut nik ukatuko literaturak —eta arteak orokorrean— gugan sortzen duen plazera, baina, artearen inguruan zerbait azpimarratu behar banu, eskaintzen duen ezagutza aipatuko nuke.

XVIII. mendea baino lehen, arteak bi helburu betetzen zituen; alde batetik, entretenitu, musikarekin ederki konturatuko garen bezala; bestetik, zentzumenei plazera eskaini. Askotan aipatzen da Mozartek hartzen zuen amorrua jotzen zuen gorteetan bere musika ia ohartu gabe pasatzen zelako berriketan eta beste zereginetan pasatzen zuten errege, printze eta aristokraten artean. Pinturak berak ere bildumazaleen bitxien kabinetetan gordetzen zituzten, bata bestearen gainean jarrita, irudiari baino gehiago objektua edukitzeari garrantzia emanda.

Baina, XVI. mendetik aurrera, arteak atzera bueltarik gabeko bilakaera bat jasaten ari ziren, nahiz eta XVIII. mendera arte ez zen behin betiko sistematizatu. Aldaketa horiek artea artisautzaren lan mundutik kulturaren esparrura bultzatu zuten; hau da, arteak ezagutzarako bideak zabal zitzakeela idatzi zuten ilustrazioko teorikoek ordura arteko jakinduriaren antolaketa berrian.

Momentu horretatik aurrera, arteak goi mailako jakintza arloetara salto egin zuen, eta, plazera ematearekin eta entretenitzearekin batera, arteak ezagutza eman behar zuela aldarrikatu zuten hurrengo urteetan.

XIX. mendea artearen esperientzia intelektuala nolakoa den zehazteko garaia izan zen. Hausnarketa horietatik etorri zen esperientzia estetikoaren teoria, zeinaren arabera arteak zentzumenen hautematearen bidez burura jotzen duen ezagutza lortzeko, bai hautematea aberasteko, bai gure jakinduria aberasteko ere.

Nahiz eta esperientzia estetikoaren teoriak aldatu egin diren, oraindik artea ezagutzaren atalean sailkatuta daukagu gure gizartean, nahiz eta askotan denbora pasa huts moduan saldu nahi diguten edo gozagarria besterik ez dela esaten diguten.

Hala ere, nik ondo bereiziko nituzke plazer hutsa, entretenitzeko esperientzia, eta arteak eskaintzen duena. Kulturaren alor elitista baztertuta ere, arteak zerbait gehiago eskaini behar duela defendatuko nuke. Azalkeriaren garaietan, mamia duen zerbait; bestela ez genuke artea telebista, ikuskizun, publizitate eta beste alor batetik bereiziko, eta uste dut ez direla gauza bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.