Euskal Herriari bira 31 egunetan

Euskal Herriko zazpi lurraldetako eta diasporako ehun gaztek, 16-17 urtekoak, herrialdea zeharkatuko dute Euskarabentura espedizioarekin. Uztail osoa hartuko du ibilaldiak, eta zenbait kulturgilerekin batuko dira

Euskarabentura taldeko kideak ari dira antolatzen hilabete osoa hartuko duen espedizioa. EUSKARABENTURA ELKARTEA.
itziar ugarte irizar
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Mauletik abiatu eta Euskal Herria zeharkatuko du oinez Euskarabentura espedizioak, uztailaren 1ean hasi eta hilaren 31 bitartean. 16-17 urteko ehun gaztek osatuko dute espedizioa —oraingoz—, Euskal Herriko zazpi herrialdetakoak eta baita diasporakoak ere; Washingtongoak eta Patagoniakoak, zehatz. Egitasmoak bete du, beraz, hasieratik finkatutako helburua: Euskal Herriko eskualde bakoitzeko biztanleriaren araberako gazteen presentzia bermatzea.

Donejakue bideari jarraituz osatuko dute gazteek espedizio ibiltaria. 31 egunetan 28 etapa egingo dituzte; eta Iratxe monasterioa, Eunateko eliza, Añanako Gatzagak, Albaola, Baionako katedrala, Santimamiñeko kobazuloak, Ekainberriko leizeak eta beste hamaika toki zeharkatuko dituzte bidean. Aurreneko etapan, kasurako, Mauletik irten, Donibane Garazi, Iruñea eta Viana oinez igaro, eta handik Donemiliaga Kululako monasteriora joango dira autobusez, non euskaraz agertutako lehen idazkiak ezagutuko dituzten. Bertan jasotako Izioqui dugu esaldia baliatu du, hain justu, Euskarabenturak aurkezpen gutun gisa; gazteak eta hizkuntza piztu nahi dituztela aldarri egiteko.

Bada, 16-17 urteko adin tartea hizkuntza ohituretan eragiteko sasoi funtsezkoa dela uste du Ane de la Presa egitasmoaren koordinatzaileak: «Adin horretan heldutasunean daukagu oin bat, baina, aldi berean, nerabeak gara; ez dugu gure izaera guztiz zehaztu. Dena pasio handiz bizitzen dugu, eta, hein batean, esperientzia guztiek aldatzen dizute bizitza. Heldu moduan izango garen horren zutabe asko orduan eraikitzen ditugu». Hizkuntzarekin batera beste ohitura «positibo» batzuk transmititu nahi dituztela ere esan du De la Presak: ingurumenaren errespetua, genero parekidetasuna...

Hamar gazteko begirale bat izango da espedizioan eurekin, eta mediku, erizain, gidari eta antolakuntzako beste bost kidek osatuko dute taldea. Herri gehientsuetan, frontoietan, kiroldegietan eta eskoletako instalazioetan hartuko dute ostatu.

Kulturgileak bidelagun

Etapa bakoitzean eduki ezberdin bat lantzea da asmoa. «Ikaskuntza pasiboari» ihes egin nahi diotela zehaztu du, ordea, De la Presak, eta lantegien bidez egingo dutela hori. Hala, espedizioan zehar sormen lan bat garatzea proposatuko diete gazteei, eta hainbat kulturgilerekin bilduko dira horretarako: Miren Amurizak eta Odei Barrosok hizkuntza sormenaren tailer bat emango dute, Ander Lipusek ahots adierazpena landuko du gazteekin; Ximun Fuschekin eszenografia landuko dute; eta Jon Maiarekin, gorputzaren adierazpena. «Azken egunean ikuskizun bat edo arte eszenikoei lotutako zerbait egitea daukagu guk buruan. Baina gazteen esku egongo da, eta horretarako gonbidatu ditugu diziplina ezberdinetako sortzaileak», adierazi du koordinatzaileak.

Kulturgileez gain, beste jende bat ere lotu dute bidean. Lurralde bakoitzean hizlari bat izango da tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaz aritzeko: Beñat Garaio eta Ane Pedruzo Araban, Jone Goirigolzarri Bizkaian, Kike Amonarriz Gipuzkoan, Eneko Gorri Lapurdin eta Koldo Colomo Nafarroan.

Orientazio eta astronomia ikastaroak antolatzen ari direla ere aurreratu du De la Presak, baita bertso afari, proiekzio eta bestelako hitzaldiak ere; Asisko Urmenetak, esaterako, Euskal Herriaren historiaren inguruko hitzaldi ilustratuak eskainiko ditu Orreagan eta Lizarran. «Denbora guztian ez da zerbait antolatuta egongo, argi dago; hondartzara ere joango gara, igerilekura... Izango dituzte euren kasa ibiltzeko tarteak».

Quetzal bidea eredu

Euskarabentura espedizioa estreinakoz egingo da aurten. Hori antolatzeko sortu da preseski Euskarabentura elkartea. Egitasmoaren lehen ideia 2015ean izan zuten Boisen diasporaren jaialdian elkartu ziren zenbait gaztek. «Haietako batzuk Quetzal bidea egindakoak ziren, eta Euskal Herrian antzeko zerbait egitea pentsatu zuten gazte euskaldunekin». 1979-2016 artean iraun zuen Quetzal egitasmoak, eta Latinoamerikan eta Iberiar penintsulan barrena egin zituzten ibilbideak gaztelania hiztunek. Koordinatzailearen esanetan, «gazteen enkontru bat zen, hizkuntza bera hitz egiten zutenen artekoa, eta hainbat arlotako ekintzak uztartzen zituena; zientzia, antropologia, historia...». Bada, hori izan dute Euskarabenturako antolatzaileek eredu.

Itxita dago izen ematea jada. 120 lagunek baino gehiagok eman dute izena, eta askotariko lanak bidali behar izan dituzte horretarako. Euskarabentura elkartearen asmoa hasieratik 120ko taldea osatzea izan bada ere, 100 gazterentzako lekua dute bermatua oraingoz, eta zerrenda hori jakinarazi dute asteon. «Gure helburua oraindik ere espedizioan120 gazterekin joatea da, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu hori horrela izan dadin, baina, oraingoz, ezin dugu halakorik bermatu; elkarte bat gara, eta diru laguntzen eta babesleen menpe jarraitzen dugu». Besteak beste, hainbat udalek, aldundiek, Euskaraldiak eta Euskal Kultur Erakundeak babestu dute gaurdaino egitasmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.