Ismael Manterola
BEGIZ

Arte heziketa

2015eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Aurreko artikuluan Kalostraren itxierari buruz idatzi nuen. Artearen heziketak bete behar duen tokiaren inguruan galdetu nion neure buruari eta, irakurlearen bidez, gizarteari oro har. Horrekin lotuta, arteak gizartean bete behar duen rolari buruzko galdera ere egiten nuen.

Artelekuk urteetan bete zuen hutsuneetako bat heziketa ez-arautuarena izan zen. Artearen elkargune izateaz gainera, artearen inguruko ikasketak egin ondoren gehiago sakontzea behar zuen jendea biltzea izan zen Martuteneko zentroaren egitekoa. Gure gizarteak unibertsitate mailako ikasketak bihurtu ditu arte plastikoen eta arkitekturaren ingurukoak, baina beste batzuk, musikakoak, dantzakoak eta antzerkikoak, adibidez, beste maila ez- zehatzago batean utzi ditu. Azkenik, literatura ikasketa zehatzik ez dago gure gizartean eta idazle izan nahi duenak ez du bide akademikorik literatura mundura sartzeko. Desberdintasun horiek ondo edo gaizki dauden aztertu gabe, gaur egungo arte plastikoen ikasketen egoera aipatu nahi nuke Kalostrako itxieraren aitzakia hartuta.

Inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zait artea akademikoa ez den era batean irakasteko zentroa izatea Euskal Herrian. Arte Ederren unibertsitateko ikasketak plangintza akademikoei eta burokratikoei lotuta daude, eta, horregatik, oinarrizko ikasketak bihurtu dira azken urtetan. Hurrengo maila, masterren bitartez osatzen da, nahiz eta garestiagoa izan, eta, sarritan, akademiak dituen arazoei lotuta jarraitu. Masterrak bukatu arren, ikasle gehienek ez dute uste beraien formazioa bukatu dutenik. Zientzia arloan laborategiak egon daitezke ikerketan sakontzeko, arteen alorrean zaila da laborategi hitza duten esparruak bilatzea. Nahiz eta Arte Ederren Fakultatea lan handia egiten ari den masterren ikasketei lotuta, ez da nahikoa, jende kopuruari begira eta unibertsitateak dituen baliabide ekonomikoak kontuan izanda.

Horregatik, behar-beharrezkoak dira azpiegitura arinak dituzten Kalostra bezalako heziketa zentro ezberdinak sortzea. Ez dira ikastaro motz puntualak, Tabakalerak edo antzeko erakundeek antola ditzaketen modukoak; praktikan oinarrituta, luzeago lan egiteko eta hausnartzeko tokiak baizik. Halakoetan, goi mailako artista talde batek ikasleekin harreman profesionala izan dezake irakaspenak eta gomendioak ematen.

Ez dakigu formulak ondo funtzionatu duen edo ez, Kalostrari ez baitiote porroterako aukerarik eman, ikastaro bakarren ondoren itxi egin dutelako, baina ikasle eta irakasle izan diren Euskal Herriko artista interesgarrienetakoen iritziz, esperientzia ona izan da. Beraien kasa jarraitzeko asmoa ere azaldu izan dute, Kalostraren itxieraren gainean iritzia galdetu zaienean.

Hala ere, eskola mota horiek ez dute betetzen artistari eta arteari gizarteak eskatzen dion irudia. Ez dira komunikabideetan azaltzen artistaren topikoa betetzen, lan tokiak dira, ez ikuskizunaren iturri. Halakoetan egindako artea ere ez da, seguru asko, erakusketa ikusgarrietan ikusiko, ez da erakusleiho erraldoia izango Donostiako hirian ohituta dauden modura. Horregatik, seguru asko, itxi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.