Hik Hasik 25 ikastaro antolatu ditu, irakasleen zaintza erdigunean jarriz

Uztailaren 5ean, 6an eta 7an egingo dituzte, EHUren Donostiako campusean. Izen ematea zabalik dago Hik Hasiren webgunean

Udako topaketa pedagogikoen aurkezpena, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Iaz pandemiagatik eten bat egin ostean, Hik Hasik berriro antolatu ditu aurten udako topaketa pedagogikoak. Haien berri eman zuten atzo Mikel Arrizabalaga Hik Hasi egitasmo pedagogikoko formazio arduradunak, Beñat Amenabar EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak eta Naiara Gorroño Hik Hasiren topaketetako formatzaileak Donostian egindako agerraldian. COVID-19aren pandemia garaian, irakasleen zaintza erdigunean jarri nahi dute.

Hik Hasik, mende laurdena bete duela eta, urte adina ikastaro antolatu ditu udako topaketetarako: 25. Uztailaren 5ean, 6an eta 7an egingo dituzte, EHUren Donostiako campusean. Hik Hasik eskerrak eman dizkio EHUri bidelagun izateagatik. Agirrezabalak iragarri duenez, izena emateko aukera zabalik dago ekainaren 15era arte. Hik Hasiren harpidedunek lehentasuna izango dute, baita prezio berezia ere.

Aurtengoa pandemiak markatutako ikasturtea izaki, osasun krisiari erantzuteko ahalegina egingo dute hainbat ikastarotan, Agirrezabalak azaldu duenez. «Aurten errekonozimendu, aitortza eta eskertza berezia egin nahi diegu Euskal Herri luze zabaleko hezitzaileei». Horretarako, zenbait ikastarotan zuzenean eta zeharka landuko dute «pandemiak ekarri duen testuingurua»: besteak beste, irakasleen eta hezitzaileen estresari eta antsietateari begiratuko diote, eta«irakasleen zaintza ardatz» izango duen ikastaro bat ere eskainiko dute, meditazioa eta natura uztartuko dituena.

Halere, pandemiarekin zuzeneko loturarik ez duten ikastaroak ere eskainiko dituzte: hala nola heriotzaren lanketaz, dislexiaz eta eskoletako kanpo espazioez arituko dira. Gaiei dagokienez, bi ildotako ikastaroak izango dituztela esan du Agirrezabalak: «Gorputzari —irakasleenari nahiz ikasleenari— leku egingo diogu, baina puri-purian dauden beste gai batzuk ere ekarriko ditugu: eskoletako jolastokiei buruzko hausnarketak, jolasaren bidezko heziketa sortzailea eta Pikler-Loczy lan ildoa, esate baterako».

Agirrezabalak azpimarratu duenez, berrikuntza ugari izango dituzte aurtengo udako topaketek, ikastaroen ia erdiak berriak izango baitira, eta COVID-19agatik ezarritako babes neurrietara egokitu dituzte denak. Gainera, uztailaren 5ean «hausnarketa kolektibo bat» ere egingo dute: «Zaintza esperientziak ezagutuko ditugu, eta, datorren ikasturtea ere gogorra izan daitekeela aurreikusirik, mahai gainean jarriko ditugu ikasturte honetako lezioak, ondo eginak eta hobetu beharrekoak».

Hik Hasi hurrengo ikasturtera begira ere jarrita dago. Agirrezabalaren hitzetan, «indartu» egingo dute urte osoko formazio jarraitua, eta ikastaro bat gehiago eskainiko dute: pedagogia sistemikoari buruzkoa. Horretaz gain, Haur Hezkuntzako hezitzaileentzako graduondoko formazioa eta psikomotrizitate erlazionalari buruzkoa ere emango dituzte, aurrez aurre. Komunikazio ez-bortitzari buruzko ikastaro bat ere egingo dute, online.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.