Bachen doinuek zabalduko dute klasikoen jaia

Donostiako Musika Hamabostaldian 70 emanaldi izango dira, abuztuaren 4tik 31ra. Mozarten 'Don Giovanni' opera emango dute

Genevako Antzoki Handiko balletaren Tristan eta Isolda. GTG / GREGORY BATARDON.
Ihintza Elustondo
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Donostiako 77. Musika Hamabostaldia egingo dute abuztuaren 4tik 31ra. Kursaal auditoriumean izan ohi dira emanaldi nagusiak, eta, han, John Eliot Gardiner orkestra zuzendariak gidatuko du lehen saioa, abuztuaren 5ean. Ingalaterrako English Baroque Soloist orkestra eta Monteverdi korua ariko dira zuzenean, eta Donostiako Easo Eskolaniako hogei bat gazte haiekin batera. Johann Sebastian Bachen San Mateoren araberako nekaldia interpretatuko dute.

Esparru sinfonikoko lehen hiru kontzertuak, berriz, Budapest Festival Orchestrak emango ditu, aurtengo orkestra egoiliarrak, Ivan Fischerren gidaritzapean. Emanaldi horietako batean, abuztuaren 21ean, Donostiako Orfeoiak eta Orfeoi Txikiak parte hartuko dute: Gustav Mahlerren 3. sinfonia interpretatuko dute.

Nazioartean izen handikoa den Balthasar Neumann Abesbatza eta Bakarlariak taldea aurrenekoz ariko da Hamabostaldian, Balthasar Neumann Ensemblerekin batera. Thomas Hengelbrock zuzendari alemanak gidatuko ditu, eta Joseph Haydnen eta Ludwig van Beethovenen doinuak taularatuko dituzte, abuztuaren 24an.

Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoak Beethovenen 9. sinfonia joko du, Errenteriako (Gipuzkoa) Andra Mari abesbatzarekin batera, abuztuaren 27an. Hurrengo egunean, Alemaniako orkestra horrek beste kontzertu bat emango du, Steven Isserlis biolontxelo jotzaile ingelesarekin. Belgikako Philipp Herreweghek zuzenduko du orkestra.

Euskal Herrikoak, batuta

Kursaaleko azken emanaldian, abuztuaren 31n, Musika Hamabostaldiko historian lehen aldiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa elkarrekin ariko dira. Haiekin batera izango dira Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania, Araoz Gazte abesbatza eta Christian Elsner tenor alemana. Denen artean, Hector Berliozen Te Deum, Francisco Madinaren Aita gurea eta Pablo Sorozabalen Gernika interpretatuko dituzte.

Aurtengo opera ikuskizuna Wolfgang Amadeus Mozarten Don Giovanni izango da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo abesbatzak jarriko dute musika, Manuel Hernandez Silvaren zuzendaritzapean. Christoper Maltman baritono ingelesak interpretatuko du rol nagusia, eta harekin batera, Nicolle Cabell, Irina Lungu, Daniel Giulianini, Jose Fardilha eta Miren Urbieta ariko dira kantuan, besteak beste.

Urtero egin ohi dute dantza saio bat, eta aurten Genevako Antzoki Handiko Balletak Tristan eta Isolda ekarriko du Suitzatik, Philippe Cohenek zuzenduta, abuztuaren 7an.

Bestalde, Viktoria Eugenia antzokian bi emanaldi izango dira. Nikolai Luganski pianista errusiarra ariko da abuztuaren 6an, eta, abuztuaren 22an, Carlos Mena kontratenor gasteiztarra, Santa Maria Kapera bere taldearekin batera.

Kontzertu horiez gain, beste hainbat emanaldi izango dira Donostian, baita Gipuzkoako beste zenbait herritan, Nafarroan, Araban eta Ipar Euskal Herrian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.