Katalunia

Bost atxilotze agindu auzitegian, eta presoak askatzeko oihua kalean

Puigdemont eta Belgikan dauden Kataluniako Gobernuko lau kontseilariak atxilotzeko agindu du Lamela epaileak. Estradizio eskaera egin du. Sanchezek eta Cuixartek kartzelan segituko dute

Milaka eta milaka lagun bildu ziren atzo iluntzean Kataluniako udaletxeen aurrean, «preso politikoak» aska ditzatela eskatzeko. Irudian, Bartzelonako elkarretaratzea. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
«Etxean nahi zaituztegu», «Europa lotsagarria» eta «diktadura da, ez justizia» oihukatzen ari ziren, besteak beste, milaka eta milaka lagun. Atzo iluntzean Kataluniaren luze-zabaleko udaletxeen parean bilduta eskatzen ari ziren aska ditzatela «preso politikoak»; kartzelatik atera ditzatela gobernuko zortzi kontseilariak eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea zein Jordi Cuixart Omnium Culturalekoa. 19:00etarako zeuden deituta eta 20:00ak pasatxo zirenean han jarraitzen zuten.

Belgikako RTBF telebista katea Carles Puigdemonti egindako elkarrizketa bat emititzen ari zen. Kataluniako Gobernuko presidentea adierazten ari zen, besteak beste, Belgikan, «benetako justiziaren» aurrean, deklaratzeko prest dagoela; biolentzia inoiz ez dela aukera bat izan haientzako; edo irtenbide bakarra elkarrizketa dela. Baina 20:05ean Puigdemont Belgikan atxilotzeko agindua iragarri zuen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak. Sedizioa, matxinada eta funtsen bidegabeko erabilera egotzita, epailearen aurrean deklaratzera deituta zegoen Puigdemont herenegun, baina, iragarri bezala, presidentea ez zen agertu. Miguel Angel Carballo fiskalak, beraz, hura atxilotzeko eskatu zuen, eta eskaera hori onartu du Lamelak. Gainera,Antoni Comin, Clara Ponsati, Meritxell Serret eta Lluis Puig Belgikan dauden beste lau kontseilariak atxilotzeko eskatzen du. Finean Puigdemonti leporatzen diona da «matxinada aktibo bat» akuilatzea.

Belgikako Fiskaltzako bozeramaile batek baieztatu zuen agindua jaso dutela. «Itzulpenaren zain gaude. Ondoren aztertuko dugu». Guztira hamar auto dira.Bost —pertsona bakoitzeko bat—, Belgikan atxilotu eta estraditatzeko, eta beste bost, Espainiako Poliziari igorritakoak, handik alde eginez atzeman ahal izateko. Belgikan atxilotua izanez gero, hango justiziak erabaki beharko du estraditatzeko nahikoa arrazoirik dagoen. Paul Bekaert Puigdemontek Belgikan daukan abokatuak esan izan du bere esku dauden inpugnazio guztiak egingo dituela hori gerta ez dadin. Salbuespenak gorabehera, 60 eguneko epean hartu behar da erabakia.

Kasua ikertuko duen epaileak baieztatu beharko luke —EB Europako Batasunaren arautegiaren arabera—, aldi berean, ea Puigdemont eta kontseilariak Espainian tratu txarrak jasateko arriskuan dauden. Kasu horretan, informazio osagarria eskatuko luke epaileak.

Ez du inongo epaitegian salaketarik jarri, baina Estremerako kartzelara bidean, herenegun, Oriol Junqueras, Carles Mundo eta Raul Romeva Kataluniako Gobernuko kontseilariek «tratu desegokia» pairatu zutela salatu du Andreu Van der Eynde haien abokatuak. Espetxera bisita egin zien atzo goizean, eta zehaztu zuen ez duela salaketarik jarriko, Espainiako Espetxe Erakundeak azalpenak eman arte. Haren esanetan, «dezenteko inpunitateko guneak» dira kartzeletarako lekualdatzeak. Ohartarazi zuen, bidez batez, nazioarteko erakundeak «oso zorrotzak» direla preso dauden pertsonei ematen zaien tratua babesterakoan. Argi utzi zuen erakunde horietara joko duela defendatzen dituenen eskubideak urratzen dituztela egiaztatzen badu.

Argi geratu dena da, herenegun, Espainiako Auzitegi Nazionaletik kartzelara lekualdatu behar zituztenean, Junquerasez trufatu zirela ingurua zaintzen ari ziren Espainiako hiru polizia. Reuters berri agentziak grabatu zuen 20 segundoko bideoa, eta horretan ondokoak esaten entzuten zaie hirurei: «Haraino iritsi bitartean pasatuko dituztenak...»; «ikusiko duzu hartz txikia [Junqueras] nola jarri behar duten... lau hanketan jarri arte».

Hori gutxi ez, eta Lamela epaileak, eta fiskalak, herenegungo deklarazioan edukitako jarrera kritikatu zuen Van den Eyndek, RAC-1 irratian egindako elkarrizketa batean. Abokatuaren esanetan, hitz egiten zutenean ez zieten kasurik egiten —«epaileak sakelakoari begiratzen zion»—, eta aurkeztu zituzten dokumentuak begiratu ere ez zituzten egin.

Kartzelan jarraituko dutenakJordi Sanchez eta Jordi Cuixart dira. Lamela epaileak sedizioa egotzita, pasa den urriaren 17tik daude Soto del Realen, eta behin- behinean han jarraituko dute, Auzitegi Nazionaleko helegiteen salak ez baitzituen onartu, atzo, elkarte subiranistetako abokatuek aurkeztutako helegiteak. Bost magistratuetako batek erabaki horren kontra bozkatu zuen.

Testuingurua aldatu da

Defentsak alegatu du Kataluniako testuinguru politikoan aldaketak gertatu direla; izan ere, Lamelak kartzelatzeko argudio gisa erabili zuena izan zen oraindik ere ekintza zigorgarriak egiteko moduan zirela Sanchez eta Cuixart. «Kartzelatu zituztenetikKatalunian zirkunstantziak aldatu direla alegatu dugu. Mundu guztiak daki Jordi Sanchez espetxean dagoenetik berak partaidetzarik eduki ez duen ekintzak egin direla; esaterako, parlamentuan gertatutakoa [independentzia aldarrikapena, pasa den urriaren 27an], eta 155.aren aplikazioa [hurrengo egunean]», esplikatu zuen Marina Roig Sanchezen abokatuak, bistatik ateratzerakoan. Ebazpenaren kontrako helegiteak aurkeztuko dituzte.

Epaileak jarritako 50.000 euroko bermea ordaindu eta gero kartzelatik atera dena Santi Vila Generalitateko Enpresa kontseilari ohia da. Atzo, behin kalean, Espainiako Gobernuari eskatu zion «ekimen politikoa» sustatu dezala, «arazoa» ezin baita auzitegien bidez konpondu, «soilik politikaren bidez». Vilak dimisioa eman zuen Kataluniako Parlamentuak independentzia deklaratu bezperan, eta horregatik bereizi dute besteengandik. Vilak, beste kontseilariek ez bezala, epaileak egindako galderei ere erantzun zien herenegungo galdeketan.

Hain zuzen, hori bera izan zuen hizpide Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak, herenegun gauean, SER irratian. Haren arabera, kontseilariek akusaziok egindako galderei erantzun izan baliete, «agian gauzaren bat aldatuko zitekeen». Fiskalak pentsatzen du, gainera, behin-behineko kartzelaldia «saihetsezina» dela, eta «zuzenbide estatuak» eduki duela «dezenteko pazientzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.