ATZEKOZ AURRERA. Bill Ayers. The Weather Underground taldeko kide ohia

«Iraultzaren hotsa nonahi aditzen zen»

Gerren, inperialismoaren eta arrazakeriaren aurkako oihua izan zen The Weather Underground taldearen jarduna 1960 eta 1970eko urteen artean. Indarkeria erabili zuten indarkeriari aurre egiteko.

Iker Tubia.
2014ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Iraultza garaietan, 1969an sortu zen The Weather Underground taldea. Bertako kide izan zen Bill Ayers (Chicago, 1944), eta gaur Iruñeko Katakrak liburu dendan izanen da, 19:00etan, Bernardine Dohrn burkidearekin eta Daniel Alvarez editorearekin batera solasean.

1968an iraultza gogoa zegoen munduan. AEBetan ere bai?

Noski: Columbiako Unibertsitateak boterea hartu zuen, Democratic National Convention egin zen, eta Poliziarekin istiluak izan ziren Chicagon; Kingen hilketaren ondorenhiri altxamenduak izan ziren 135 hiritan, Tet ofentsibaren ondoren zatiketa handia zegoen, etaAEBek munduan duten rolaren inguruan gogoeta sakona piztu zen jende askorengan. Iraultzaren danbor hotsak nonahi adi zitezkeen.

«Ezin dugu indarkeriarik ezaren aldeko konpromisorik hartu historiak sekula sortu duen gizarterik biolentoenean». Bernardine Dohrnen hitzak dira.

Hori dun eta, Bernardine! 50 urtez indarkeriarik eza praktikatu genuen, eta erabateko maitasun eta errespetua diogu erresistentzia pazifikoari eta indarkeriarik ezaren aldeko ekintzaileei. Hala ere, munduko biolentzia hornitzailerik handienean bizi ginen, eta nazkagarria da soilik indarkeriarik gabeko oposizioa eskatzea zertarako eta horien jarrera basati eta maltzurrari kontra egiteko: inbasio eta okupazioen arkitektoak, suntsipen handiko armen sortzaileak, izugarrizko armategien ekoizleak, gazte beltzen saileko hilketen egile ofizialak, torturatzaileak, bonbalariak, drone-borrokalari anonimoak...

SDS ikasle sindikatuko kide askoren babesa lortu zenuten 1969an.

Jendea itzartu egin zen. AEBek 6.000 pertsona hiltzen zituzten astean, bukaerarik ez zen ikusten, eta gure erresistentzia handitzea beharrezkoa zen gizateria salbatzeko.

Gero etorri ziren amorru egunak.

Errepresioaren eta gerraren aurkako indarkeriazko erantzuna erradikalki handitzeko saioa izan zen. Genozidioaren, inperioaren eta zurien nagusitasunaren aurkako alarma oihu bat zabaltzeko ahalegina. Guztiz bizigarria izan zen; izugarria.

Kapitolioa eta Pentagonoa bezalako eraikin enblematikoen aurkako atentatu ikusgarriak egitea erabaki zenuten, baina ez zenuten odolik isurtzerik nahi izan.

Ez. Hasieran, legea urratuko genuela erabaki genuen, legearen muga zeharkatu, ordenuarena, eta agian, batzuetan, zentzuzko jokaerarena ere bai. Eraikinak publikoki suntsitzea deliberatu genuen adierazpenak egiteko, baina ekintzak sabotaje mailakatuak ziren, inola ere ez gizakien aurkako beldur sorrarazleak.

Iraultza egin nahi zenuten. Irabaziko zenutelakoan?

Handituz zihoan itxaropena genuen, eta munduko iraultzen ondoan borrokatzeko esperantza sakona elikatu egin genuen, ama aberriaren barnean fronte bat sortu eta bakean eta orekan oinarrituriko mundu baten sorreran parte hartzekoa. Oraindik itxaropena dut.

Zein egoeratan dago gaur egun ezkerra AEBetan?

Borroka eta mugimendu orotan, haran aroak eta mendi aroak izaten dira. Egun, haran tenorea da. Orain dugun egitekoa antolaketa eta hezkuntza dira, mobilizazioa, esperimentatu eta birpentsatu, eguneroko aferak birplanteatu. Momentu honetan ez dago ezker koherente eta sendo bat langile klasearen eta herri masaren barnean. Baina egoera dinamikoa da; hamaika proiektu eta ekinbide dago, bultzada eta txinparta anitz. Denbora kontua da larrean su batek beste bat sortzea. Prest egon beharko dugu.

Zer iritzi duzu Ocuppy Wall Street bezalako mugimenduez?

Borrokaren dialektikaren adibide egokia da: gertatu aurreko egunean, hura ezinezkotzat jotzen zen. Hurrengo egunean, geldiezina zen. Occupy mugimenduak markoak eta baldintzak aldatu zituen, ideia berri bat ezarriz: %1 eta %99. Zehazgabea bada ere, egungo garaien metafora ederra da. Eta botereak espero zitekeen bezala erantzun zuen: ez zioten kasurik egin, irrigarri utzi zuten, bere egiten saiatu ziren, egurra eman zioten, eta hori, behin eta berriz. Occupy garatu gabe dago oraindik; 60ko hamarkadan bezalakoa da. Occupy preludio bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.