ATZEKOZ AURRERA. Veronica Huilipan. Neuqueneko Maputxe konfederazioko bozeramailea

«Gobernu aurrerakoiek enpresen esku utzi gaituzte»

Amerikako herri indigenek 25 urtean dihardute elkarlanean, eta zer proposamen bateratu egin dituzten azaldu du Veronica Huilipanek.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Nazio anitzeko estatua eta Ondo Bizitzearen proposamena. Horiek dira Amerikako herri indigenen bi proposamen nagusiak. Haien egoera azaltzeko Amerikako lau tokitako emakume indigenak ekarri ditu Mugarik Gabe elkarteak Euskal Herrira. Veronica Huilipan Neuqueneko Maputxe konfederazioko bozeramailea da (Junin de los Andes, Neuquen, Argentina, 1968), Gasteizen eman du hitzaldia. Argentinako egoeraz daki hark, baina oso presente du kontinenteko errealitatea.

Zeintzuk dira egun Neuquenen herri maputxeak dituen arazo nagusiak?

Lehenik, Neuqueneren definizio politikoarekin topo egiten dugu. Estatuak ez gaitu onartzen eskubide osoko subjektu politiko gisa. Horren ondorioz, estatuak erregaiak, meatzaritza eta beste hainbat kontzesio ematen dizkie enpresei maputxeoi, jatorrizko herriari, galdetu gabe. Horiek dira lurraren defentsan ditugun gatazkarik garrantzitsuenak. Bestalde, higiezinen espekulazioa pairatzen dugu. Probintziako hegoaldea oso aberatsa da paisaiari dagokionez. Eraikuntza enpresak elkartu egin dira, maputxeen aurkako politika bateratua egiteko eta gure lurretatik kanporatzeko.

Hitzaldietan nazio anitzeko estatua aldarrikatu duzu. Zertan datza hori?

Kultura bakarreko estatu arrazistak guztiz eraldatu behar dira. Herrialdeetako kultura aniztasuna batuko duen nazio anitzeko estatu eredura jo behar dugu. Estatu horrek maputxeen lurralde komunitarioetan ezarrita dagoela onartu beharko du. Horretarako prestatu dugu politika publikoen erabateko aldaketarako proposamena, justizia arloan, legegilean eta hezkuntzan.

Proposamen horiek Neuqueneko agintariei aurkeztu dizkiegu, baina ez dugu erantzunik jaso. Soilik lortu ditugu onartzea Nor Feleal maputxeen legeak. Baina, bakarrik, komunitatearen barruko gaietarako. Hurrengo urratsa izango da Nor Feleala onartzea komunitatetik kanpoko arazoetan.

Zer-nolako pausoak eman dira Amerikan nazio anitzeko estatuen alde?

Bolivia da nazio anitzeko estatu bakarra munduan. Horrek erakutsi du borondate politikoarekin lordaitekeela. Ekuadorren ere pausoak ematen ari dira bide horretan.

Horrekin batera, Ondo Bizitzearen proposamena egin duzue. Azaldezakezu proposamena?

Kapitalismotik ateratzea planteatu dugu, estatuko instituzioek hezi dituzten kultura bakarreko buru arrazistetatik ateratzea, gizaki berria sortzeko. Ondokoa lagun gisaikusiko dugu, ez arerio gisa, eta naturarekiko beste harreman bat proposatu dugu. Hau da, bizi filosofia erabat aldatu nahi dugu.

Hiru oinarri ditu Ondo Bizitzeak: lurraldearen, nortasunaren eta autonomiaren onarpena. Hiru puntu horiek onartu ezean, ezingo dugu garatu. Halaber, Ondo Bizitzea ez da indigenei begira egindako proposamena, herritar guztiei zabaldua dago. Mundua aldatzeko beharra duten ez-indigenekin komunikatzeko bide berria da.

Jatorrizko herriek zer harreman duzue kontinenteko gobernu aurrerakoiekin?

Azken hogei urteetan, Latinoamerikan murgilduta gaude demokrazia berreskuratzeko prozesuan. Lortutako guztia Latinoamerikako herri guztien mobilizazioari esker izan da, eta indigenok horretan parte hartu dugu. Baina, egun, eskualdeko gobernuek lagunduta urratudituzte indigenen giza eskubideak, bai eta enpresa multinazionalen sarraskiak egin ere. Beraz, esan dezakegu gai horretan gaizki gaudela. Gobernu progresisten alde lan egin dugu, baina, gero, gobernu horiek enpresen esku utzi gaituzte.

Zer harreman duzue Amerikako gainontzeko jatorrizko herriekin?

Koordinazioa ezarri genuen 1990. urtean. Ordutik hona garatu ditugu hainbat prozesu politiko. Hori bai, herri bakoitzak haren estrategiak erabaki ditu. Proiektu komuna dugu: gure nortasuna indartzea. Horretarako, autonomia, lurraldea eta nortasuna aldarrikatu ditugu, eta Ondo Bizitzea da gure gizarte paradigma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.