ATZEKOZ AURRERA. Erb Mon. Kaleko artista

«Artea bizipenetatik urrundu egin da»

Bizipen ugari izandakoa da Erb Mon artista. Une honetan, 'Koan Route' proiektu artistikoko kidea da, eta denetarik egiten du: marraztu, diseinatu, atelierrak egin eta abar.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Koan Route izendapenari, beste izen batzuk lotzen zaizkio: Joke de Uriese, Atelier Durban, Yuma Tree, David Hornback eta Erb Mon. Azken hori izan da «komando artistiko» hori bultzatu edo xaxatu duen kaleko artista. «Orain arte egin dudan lana laburbiltzen du», dio. Baina musika, argazkia, moda eta beste hainbat diziplina biltzen ditu. Ostegun honetan, Getxoko (Bizkaia) Igeretxe hotelean egongo dira euren proposamenarekin.

Erb Mon zer da, izena ala izengoitia?

Izen artistikoa.

Nola duzu izena?

Ez dut nire izena erabiltzen. Gauza gutxi daki jendeak nire nortasunaren inguruan. Nire izen erreala idazten baduzu Interneten, esaterako, ez da ezer agertzen. Ez naiz nire izenarekin existitu. Ez daukat kontu korronterik, eta ez nago inon erroldatuta. Mugan bizi izan naiz.

Orduan, elkarrizketa guztietan eskatzen dugun jaioterri eta urteari buruz ere ez duzu ezer esango...

Ezta ere.

Ederki hasten dugu elkarrizketa, orduan.

Tira, baina bada material interesgarriagorik nire izena baino. Azken finean, izena pertsonaia bat da. Nik hiru izen ezberdinekin sinatzen ditut hiru artelan erabat ezberdin.

Eta, orain, zeinekin ari gara hitz egiten?

Hirurak batera ari dira munduan elkarrekintzan.

Eta zeintzuk dira? Erb Mon bat da.

Badira beste batzuk, baina ez dizut esango zein diren. Ez dira, gainera, hiru identitate ezberdin, hiru artelan ezberdin baizik. Eta ni, berez, ez naiz horietako inor. Ni, ni naiz. Pertsona bat gehiago. Gainerakoa eszenifikazio bat da.

Esan izan duzu gaur egun artea %6k edo %8k bakarrik ulertzen dutela. Ehuneko horien barruan zaude?

Ez dakit. Ezingo nuke definitu, ez zaidalako ongi iruditzen bakoitzari zer den esatea. Gauza batzuk zehaztu ditzakezu, baina beste gauza asko ez dira batere objektiboak. Nik esan nahi dudana zera da: artean teknologia agertzearekin, teknika asko lortu dugula azken hamabost urte hauetan, baina kontzeptua eta lengoaia galdu ditugula. Jendea sekulako gauzak egiten ari da, baina ez du ezer esaten. Eta artea beti izan da lengoaia.

Ez da jendearengana iristen?

Hori da; oso chick bihurtu da askorentzat. Bizipenetatik oso aldenduta dagoen gauza bat bihurtu da. Erotismoan oinarrituta, baina ez erotismo kontzeptualean, baizik eta soilik formetan oinarrituta. Eta, hor, bizipen ugari galtzen ditugu, baina bizitza eta artelana da artea. Jarrera. Obra egutegi bat da.

Eta zuk zer nolako esperientziak izan dituzu?

Asko. Hamalau urte nituenetik, bakarrik hezi naiz, eta nire gisan ikasi ditut gauzak. Eskolan, urtebete bakarrik egin nuen. Oso askea izan naiz, ezjakina, eta behartsua. Nik ez dut sekula diru laguntzarik jaso, baina bizipen asko izan ditut jendearekin. Ez daukat etxe finkorik, eta horrek ematen dit hala bizitzeko aukera. Hutsunean bizi naizela esan daiteke. Joke [Uriese] ere antzera bizi da, eta hori berarekin partekatzea sekulakoa da. Lau urte daramatzat etxe finkorik gabe, proiektuz proiektu.

Eta hortik, Koan Route egitasmoa atera duzue.

Bai, guk orain arte lortu gabeko zerbait egin dugu. Sekulako elkar eragina lortu dugu, komando artistiko bat sortu baita. Proiektu honetan, jendea zirikatu nahi dugu, kalean, eta, horretarako, street guerrilla edo antzeko ekintzak egiten ari gara, hainbat ekitaldiz gain.

Noiz arte jarraituko duzue Koan Route-rekin? Proiektuz proiektu ibilita, hurrengoa buruan izango duzu...

Hasierarik ez duen gauza batek ez dauka amaierarik. Ez dakigu noiz sortu zen Koan Route, eta ez dakigu noiz amaituko den. Momentua aprobetxatzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.