ATZEKOZ AURRERA. Pablo Sastre. Idazlea

«Emakumeek zein gizonok sinplera egin behar dugu»

Lanbide xumeen inguruko 'Errekuperatzaileak' saiakera idatzi du Sastrek. Horien balioa aintzat hartu, eta gizon zein emakumeen berdintasuna eta autonomia haietan oinarritzeko deia egin du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Tolosa
2015eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Pablo Sastre Forest idazlea (Madril, 1958) makinek bazter utzitako lanez eta langileez ari da azken lanean. Teknologia besterik gabe onartzearen aurka jo du.

Zergatik ez dago aspaldiko lanak gure egitea baino ezer «baliosagorik», liburuan diozun bezala?

Naturako gauzak kontserbatzea bezalakoa delako. Eutsi behar zaie gauza txiki, zahar eta bariatuei, zer edo zer ikasteko ematen digutenei, lanbideei ere bai, tokian tokiko jakintzari, goitik ezarritako makineriak baztertu dituen horiei.

Baina zertarako gorde zaharkiturik geratu diren langintzak, zoologiko batean bezala izateko?

Ez. Eskulangile ferietan tristura pixka bat sentitu izan dut beti, zoologiko itxura dutelako: eskulangile batzuk hor, plazaren bazter batean, erreserba batean bezala. Bizitzan erabiliko ditugun gauzak geuk edo ondokoek egitea, hori da nahi dudana.

Lehen ere idatzi izan duzu teknologiaren aurka. Nanogunea «badaezpada ixteko» eskatu zenuen 2012an. Zergatik duzu teknologia gaiztotzat?

Gauzak etortzen zaizkigun bezala onartzearekin naiz kritiko. Komunitate txikiek eta handiek erabaki beharko lukete zein teknologia onartu eta zein ez. Gauzak goitik behera eta halabeharrez egiten direnean gaitzesten dut. Esaten digute: «Onartu Internet, sakelakoa, hau delako gure garaiko teknologia, eta isildu». Are gehiago ezkutuan egiten dutenean, nanoteknologia bezala. Gure garaiko ideologia nagusia da teknologia berez dela ona. Baina zertarako da teknologia hori? Komunitatearen onerako? Hori jartzen dut zalantzan.

Idatzi duzu jende gehienak gaur egiten dituen lanek oso gutxi laguntzen dutela bizimodu independentea izaten. Idazle izatea ez al da lanik espezializatuenetan espezializatuenetako bat?

Bai. Edozein lanbide bezala. Baina nik, idazle izan baino gehiago, idatzi egiten dut. Aditza erabiltzen duzunean, hor badago aniztasun bat, hainbat gauza egiten dituzulako. Hitza bihurtzen duzunean, lanbide bat esaten duzunean, hor espezializazio bete-betean sartzen zara.

Duela aste batzuk ika-mika sortu zenuen Argia-n. Gizona ez da emakume hiltzen artikuluan, zalantzan jarri nahi izan zenuen gizonen eta emakumeen arteko aldea eraikitako gauza dela. Zergatik jo duzu genero teorien aurka?

Egia bilatu beharko genuke, dagoen tokian. Egiara hurbiltzen gaituenarekin, harekin ados nago ni. Emakunde kanpaina bat egiten dabil emakumeek historian eginiko gauzak nabarmenduz. Baina beti beste aldeko eskasian gabiltza. Inoiz ez digute esaten: «Begiratu zein lan ederra egin izan duten emakumeek etxeetan, nondik gizonok ikasi beharko genukeen asko». Lan horiek goretsi partez, beti bezala, gorde, ezkutatu eta isildu egiten ditugu. Emakume askok, Emakundek, feministek hori altxatu ordez, batez ere gizonek egin izan dutena goresten dute esanez: «Emakume batzuek ere egin izan dute, egin ahal dute».

Idatzi duzu «bidegabea» dela haurrak mutilen eta nesken biologia ezberdinari erreparatu gabe hazi nahi izatea. Zergatik?

Dena ez da berdin. Ez da patua, ezta determinismoa ere, baina emakumeen %90ek umeak izango dituzte, eta hor badago zerbait emakumearen bizitza hainbat urtez beteko duena. Ez ditzagun begiak itxi horren aurrean. Oso txarra izan da mutikoei panpinekin jolastea ukatzea; orain neskei ere ukatu behar diegu? Badirudi denak ingeniari izateko hezi behar ditugula.

Nola joan berdintasunera, ordea?

XIX. mendean, batez ere gizonek egin zuten etxetik ihes, bakarrik dirua irabazteko bizitzera. Orain emakumeek gizonek bezala egin behar dute lan horiek baloratuta ez daudelako? Denok, emakumeek zein gizonok, egin behar dugu sinplera; lan horiek gustura egingo genituzke denok hain lainotan biziko ez bagina, diruari begira. Makinek egingo dizkigute? Hegoamerikako neskameek? Amorratu egiten naiz. Balora ditzagun etxe aldeko lanak, umeak izateari lotutakoak, gauza sinpleak, maitasunari loturikoak ere bai. Bizitza! Hori da bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.