ATZEKOZ AURRERA. Xabi Luna. 'Pedaleando por los refugiados' egitasmoaren sortzailea

«Bakardadeak beldurtzen nau»

Bizikleta bat hartu, eta 4.000 kilometro egingo ditu Xabi Lunak, Atenastik Stockholmera. Hainbat errefuxiatuk Europara iristeko egiten duten ibilbide bera da. Blog batean jasoko ditu bizitakoak.

Xabi Luna, errefuxiatu batekin, Greziako Kios irlan. BERRIA.
Ihintza Elustondo
2016ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Atzo iritsi zen Atenasera Xabi Luna (Mutiloa, Nafarroa, 1979). Suhiltzailea izateaz gain, Pedaleando por los refugiados (Errefuxiatuen alde pedalei eragiten) egitasmoaren sortzailea ere bada: 4.000 kilometro egingo ditu bizikletaz, Atenastik Stockholmeraino. Hainbat errefuxiatuk Europara iristeko oinez egiten duten ibilbide bera da. Aurrez, Kiosen (Grezia) eta Calaisen (Frantzia) egona da, boluntario lanetan.

Bizikleta bat hartu, eta 4.000 kilometro egingo dituzu errefuxiatuen alde. Ez da udarako planik ohikoena.

Ni bizi naizen lekuan, Aranguren ibarrean, Nafarroan hartu diren errefuxiatu gehien hartu dira. Denbora bat bada errealitatea ikusten dudala eta sentsibilizazio hori gertutik bizi dudala. Gainera, apirilean, Kiosera joan nintzen GKE batekin, eta esperientzia horrekin askoz gehiago enpatizatu nuen. Haiekin hitz egin nuen, lagunak egin nituen, eta frustratuta, haserretuta itzuli nintzen. Orduan, ahal nuena egiten hasi nintzen; zerbait egin nahi nuen haien egoera ikusarazteko: bozgorailu txiki bat izan, beste erakusleiho bat, haien istorioak hemengo jendearengana hurbiltzeko. Informazio faltagatik edo ezjakintasunagatik, ez direlako kontziente gertatzen ari denaz.

Oraindik ez dago kontzientziarik gizartean?

Oraindik jende asko dago desinformatuta. Albistegiak ikusten ditugu, baina, askotan, oharkabean pasatzen dira. Egunero gertatzen den zerbait ikusten dugunean, normalizatu egiten dugu: normalizatu egiten dugu Iraken ehun pertsona hiltzen direnean atentatu batean, normalizatu egiten dugu Europan barrena milioi bat errefuxiatu oinez ibiltzea. Kezkatzeari uzten diogu, nolabait, ez digulako eragiten. Gu lasai gaudelako gure etxean. Kontzientzia falta da, eta egunero gertatzen den gauza batek ez dio albiste izateari uzten.

Errefuxiatuek Europara iristeko egiten duten ibilbide bera egingo duzu. Zerbait sinbolikoa, ezta?

Helburua haien azalean jartzea da. Horregatik daramat bizikleta, haiek erabiltzen duten garraio antzekoa da. Oinez joaten dira, eta bagaje guztia eramaten dute gainean.Nahiz eta uste dudan ezingo dudala haiek egiten duten ibilbide bera egin, gutxienez herrialde berberetatik igaroko naiz.

Zenbat denbora emango duzu ibilbide horretan?

Bihar eta etzi, elkarrizketak egingo ditut errefuxiatuen kanpaleku batean, Kiosen ezagutu nuen lagun palestinar batekin. Uztailaren 1ean abiatuko naiz Mazedoniara, eta abuztuaren 16rako Stockholmen egotea da asmoa.

Zenbat kilometro egingo dituzu egunean?

Egunean, ehun inguru, 45 egunean edo. Baina ez dut ezer antolatu; egin ahala ikusiko dut.

Bereziki prestatu zara?

Gutxien prestatu naizen urtea da azken urte askoan. 500 kilometro inguru egin ditut joan den urtetik. Bizikletaz zoazenean, erritmoa suabeagoa da, baina lehen egunak pisutsuagoak izango dira.

Helburua errefuxiatuen egoera ikusaraztea da. Nola egingo duzu hori?

Blog bat sortu dut horretarako: pedaleandoporlosrefugiados.es. Errefuxiatuen istorioak jasoko ditut, eta GKEekin kolaborazioa sustatu ere bai.

Horrela masa bat izateari utziko diotela esan izan duzu.

Hori da. Ia beti daukagun arazoa da ez ditugula pertsonak tratatzen; etorkinak, errefuxiatuak, frantsesak tratatzen ditugu, eta etiketa horien atzean pertsonak daudela ahazten dugu. Nik uste dut pertsonak ezagutzen ditugunean, haien arazoak ezagutzen ditugunean eta identifikatzen garenean sentsibilizatzen garela gehien.

Atzo iritsi zinen Atenasera. Zer itxaropen dituzu?

Ez dakit nola erantzungo duten nire hankek, nolakoa izango den klima, nolako arazoekin topo egingo dudan Serbian eta Mazedonian, segurua izango ote den edo ez, aterpea aurkitzeko nola ibiliko naizen, jatekoa... Bakarrik joateak halako proiektu pertsonal batean gehiago barneratzen laguntzen dit, baina, aldi berean, uste dut pixka bat gogorra izango dela ez partekatzea izango ditudan emozioak eta ezagutuko dudan ibilbidea. Bakardadeak beldurtzen nau gehien, proiektuak duen emozioarengatik.

Nafarroako suhiltzaileekin ere elkartuko zara.

Kanpalekuz kanpaleku ari dira lanean, eraitsi egiten dituztelako egun batetik bestera. Hori salatu egin behar da: 00:04an sartzen dira hondeamakinekin, errefuxiatuei esaten diete gauzak hartu eta alde egiteko, eta 00:08an ez da existitzen ezer han. Suhiltzaileek hilabeteak daramatzate lanean, eta lehen eskutik kontatuko didate zein den hango egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.