ATZEKOZ AURRERA. Alvaro Ledesma. Artista

«Obra bat egin, eta hura baztertzen saiatzen naiz segituan, etengabe»

Errementari lana askotariko arte diziplinekin uztartzen du Ledesmak. Denak elkarren osagarri direla dio. Maiatzaren 14ra arte, bere argazkietako batzuk Zarauzko Photomuseumen ikus daitezke.

MAITE ALUSTIZA.
Maite Alustiza.
Oiartzun
2017ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Aitak duela 25 urte sortutako tailerra gidatzen du Alvaro Ledesma artistak (Donostia, 1975), Oiartzunen (Gipuzkoa). Bezeroek enkargatutako lanentzat ez ezik, sorkuntza propiorako espazioak ditu tailerrean bertan. Eskultura, pintura, musika, argazkilaritza... Burua bueltaka beti.

«Sobera hartzen duenak gaizki estutzen du», esan diezazuke norbaitek.

Berdin zait. Egon zen garai bat pentsatzen nuena zerbaitetan espezializatu behar nuela, baina konturatu naiz egiten ari naizena gehitzea dela. Diziplina jakin batean egiten dudana ez litzateke horrelakoa izango besteei esker ez balitz.

Errementari lanak aspertuta hasi zinen eskulturan?

Ikasle garaian, literaturaren zale amorratua nintzen. Aitarekin lanean hasi nintzenean, ordea, leher eginda iristen nintzen etxera. Tailerrean bertan esperimentu batzuk egiten hasi nintzen, eta zerbait aurkitu nuen. Ez zen mahai bat edo eskailera bat egitea, baizik eta nik neuzkan sentimendu batzuk adierazteko bide bat.

Eskulturekin, Essere niente (Ezer ere ez izatea) atzera begirakoa prestatu duzu. Sorpresarik hartu duzu zuk egindakoak ikustean?

Oso modu berezian sentitu dut. Obra bat egin, eta hura baztertzen saiatzen naiz segituan, etengabe, aurrera jarraitzeko. Bizitzarekiko jarrera bat ere bada. Baina, momentu horretan, lan bakoitzak oroitzapen batzuk ekarri zizkidan, momentu emozionalak. Egindako ahalegin guztia sarituta ikusi nuen.

Eguneroko objektuak batuz, txotxongiloak sortu dituzu. Zer zerekin elkartu?

Objektuei beste modu batera begiratzen hasi nintzen une batean, eta horiek biltzen. Horiekin, egoera bati buelta ematera animatu nintzen: zerbait eskuetan hartu, ebaditu, eta sortuz joan.

Txotxongilo sentitu zara noizbait?

Ez zehazki manipulatua, baina pentsatzen dut baietz. Hala ere, txotxongiloena gehiago dator eskulturen estetikatik eta antzerkiarekin izan dudan harremanetik; panpinek nire arreta erakarri dute beti.

Tailer honek inspiratzen zaitu?

Edozein tokik. Nire filosofia da zerbait sortzea eskura daukadan gutxiarekin, edo hastea maitatzen inguruan daukadana, nahiz eta hasieran gustuko ez izan.

Zer falta zitzaizun eskulturan, margotzen hastea erabakitzeko?

Hain justu, eskulturen zirriborroak izan ziren lehen koadroak. Gero, Espectros lana egin nuen, baina oso kontziente nintzen ez zirela iristen nik nahi nuenera. Orain, hamar urteren ondoren, berriz hartu dut pintura. Esperimentatzen ari naiz.

Nola doaz esperimentuak?

Ez dakit nondik datorren ateratzen ari den emaitza. Orain arte izan dira sentimenduak, sentsazioak, eta badakit zergatik egin ditudan gauzak modu horretara. Baina, txotxongiloena egin nuenetik, ez da horrela. Ez naiz ni identifikatzen horietan.

Bada jendea, erakusketa batera joan, eta kexatzen dena ez duelako artistak adierazi nahi zuena ulertu. Zer esango zenioke?

Obrek zuzeneko elkarrizketa bat izan behar dute lana ikusten ari denarekin. Bakoitzak sortu behar du bere esanahia. Niri lehen inpaktuak balio dit, obraren inguruko inolako esplikaziorik jaso gabe ere.

Argazki lanen artean, autorretratuak egin dituzu. Autoanalisia egiteko. Nolako Alvaro ikusten duzu?

Hasieran uste nuen argazkia ateratzen ari nintzaiona erreala zela, baina ez: orain ikusi dut fikzioko pertsona bat dela. Kontziente naiz nik eraikitako pertsonaia bat izan zela, baina, nahiz eta fikziokoa izan, nire zati bat dago hor. Argazkiok egin bitartean, kontziente nintzen argazkia modu horretara egin nahi nuela.

Musikan hasteak zer ekarri dizu?

Ihesaldi bat aurkitu nuen, eta sormenerako erreminta oso garrantzitsu bat. Oso berandu hasi nintzen pianoa ikasten, eta gaur egun bizitzako momentu jakin batean topatzen duzun lagun bat bezalakoa da.

Musika tresnen barrualdeak ere arakatzen dituzu.

Asmoa zen profesionalki garatzea jarduna, konponketak-eta egitea, baina maila pertsonalean geratu zen. Hemen inguruan badaude batzuk, Donostian bertan. Orion ere bai, Pianoaren Galeria dago.

Elkarlan ugari egiten dituzu, askotariko artistekin. Zer ikasi duzu?

Elkarlanek nigandik ateratzea ematen didate, eta besteengandik ikastea. Askotan, gehiegi begiratzen diogu gure zilborrari.

Errementari modura, jarduna aldatu zaizu?

Egoera aldatu da. Lehen, zerbaitek balio ez bazuen, segituan bota egiten zen; orain, berriz, konpondu egiten dira gauzak. Gure gurasoen garaira itzultzen ari gara. Era berean, horrek imajinazioa gehiago lantzera behartzen zaitu zu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.