ATZEKOZ AURRERA. Luis Quevedo. Zientzia kazetaria

«Maitasun harremana daukat zientziarekin»

'En busca del futuro perdido' dokumentala aurkeztu du Quevedok Gasteizen. Iraganeko zibilizazioen historiak aztertu ditu filmean, egungo eta etorkizuneko galderei erantzuna aurkitzeko asmoz.

BERRIA.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Aurkezle, ekoizle eta zientzia kazetari jardun du Luis Quevedok (Bartzelona, 1981). Bioteknologia ikasi bazuen ere, bere pasioan dihardu etengabe: zientzia zabaltzen. Eduard Punsetekin egin zuen lan Redes telebistako programan; Imagine Science Film Festival zuzendu du; En busca del primer europeo (Lehen europarraren bila) dokumentala ekoitzi zuen, eta abar. Oraingoan, Eudal Carbonell Atapuerca aztarnategiko zuzendarikidearekin ekoitzitako dokumentala aurkeztu du Gasteizen: En busca del futuro perdido (Etorkizun galduaren bila).

Lau kontinentetan ibili zarete gizadiaren etorkizunaren bila. Eta? Aurkitu al duzue?

Aurkitu duguna da sistema on bat. Sistema horrekin, etengabe galderak egingo dizkiozu zeure buruari, aukera zuzenak egiteko eta etorkizun hobe bat aurkitzeko. Dokumentalak ez dizu formula magikorik emango.

Orduan, gizadiak ez du etorkizun garbirik?

Ez dakigu horri erantzuten. Baina iragana ikertu nahi dugu etorkizunari buruz galdera hobeak egiteko. Carbonell eta biok galdera horiek erantzuten saiatzeak ez du zentzurik: norberak erantzun behar ditu.

Iraganeko zibilizazioak ikertu dituzue dokumentalean. Beharrezkoa al da iragana aztertzea etorkizuna ulertzeko?

Bai, ondo ulertu nahi baduzu. Ia zibilizazio guztietan, antzeko gauzak pasatu dira, antzeko hutsegiteak egin zituzten. Gaur egun ere, antzera gabiltza. Baina arazo horiek konpondu ditzakegu, historian konponbidea eman zaien arazoak direlako. Maiei gertatu zitzaienaz ikas dezakegu, guri gauza bera ez pasatzeko.

Gizadia jasaten dabilen krisiari buruzko hausnarketa bultzatu nahi duzue. Baina zein da krisia?

Lehen esan bezala, historia ikertuta, kontu bertsuak pasatzen direla ikusten duzu. Orain, zenbaitzuk errepikatzen ari dira. Dokumentalaren irakaspen bat da zibilizazioaren edo kultura batean gainbehera egon denean hiru kontu pasatu direla: krisi politiko edo gerra bat egotea; indarrean zegoen sistemari eusteko, klimak edo ekosistemak huts egitea; eta kulturalki egoerari erantzuten ez jakitea.

Antzinako zibilizazioek kulturalki huts egin zutela ulertu behar da?

Ez zuten pentsatu gauzak beste modu batera egin behar zituztela. Maiek sakrifizio eta gerra gehiago egin zituzten egoera konpontzeko asmoz. Gaur egun, austeritate handiagoa eskatzen dute agintariek.

Aurreko dokumentalean, lehen europarraren bila jardun zineten; oraingoan, gizadiaren etorkizunaren bila. Gai konplexuak gustuko al dituzu?

Bai; ezin ditut burutik kendu. Gogoko ditut eboluzioaren gaiak. Behin ulertzen dituzunean, Suitzako labana bihurtzen dira edozein arazori erantzuteko: politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta abar. Jakintza hori inork ez luke sobera izango, eta jende askori lagundu egingo lioke.

Doktore tesia egiten hasi zinen, baina zientzia hedatzen bukatu duzu. Nolatan eman duzu aldaketa hori?

Nik maitasun harremana daukat zientziarekin. Horrenbeste maite dut, kalera atera nahi baitut mundu guztiari esateko maite dudala. Baina zientzialaria bazara, emaitza txarrak jasan behar dituzu. Zientzialari batek erantzun zehatz baten bila jardun behar du, tematuta eta beste guztia ahaztuta. Nire promiskuitate intelektualak ez dit utzi doktore tesia egiten.

Telebistan lan egin duzu, bi dokumental argitaratu dituzu, podcast bat daukazu sarean, zientziari buruzko zinemaldiak zuzendu dituzu... Oraindik zientzia zabaltzeko bide onenaren bila zabiltza, edo aurkitu duzu jada?

Ni bide guztiak erabiltzen saiatzen naiz. Bakoitza jende ezberdinarengana heltzen da, egoera ezberdinetara, eta momentu ezberdinetan. Esperantza daukat probetxuzko zerbait egin dudala lan horretako zerbaitekin norbaitentzako.

Zein bide duzu nahiago?

Podcast-ekin liluratuta nago. Nahi duzunean entzun ditzakezu, nahi duzun tokian, eta, presaka bazabiltza, azkartu dezakezu audioa edo gelditu, geroago entzuteko.

Gizarteak ba al dauka interesik zientzia aurkikuntzak ezagutzeko?

Nik uste gizaki guztiok dugula jakin-mina. Normalean, errua azaltzen duenarena izaten da. Ez badizute entzuten, beharbada ez zabiltza gaia interesgarri egiten.

Zientziak badu tokirik ohiko komunikabideetan?

Tradizionalki, ez du leku askorik izan. Baina 2017an gaude. Jada ez nau arduratzen galdera horrek. Bide asko daude jendearengana heltzeko, bide asko daude informazioa helarazteko. Jada berdin zait, adibidez, ETBk zenbat ordu eskaintzen dizkion zientziari astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.