ATZEKOZ AURRERA. Txelu Angoitia. Argazkilaria

«Argazkiekin kutsu narratibo bat sortzen saiatzen naiz»

'Tanger Dream' argazki liburua kaleratu du Angoitiak, hainbat urtez Tangerren ateratako argazkiekin. Argazkilaritza eta literatura batu nahi izan ditu durangarrak.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Tanger hiriarekin (Maroko) «maitemindu» egin zela eta, argazki ugari atera zituen han Txelu Angoitiak (Durango, 1960), eta, orain, argazki horiek bildu ditu Tanger Dream (Tangerko ametsa) liburuan. Han egondako idazle ezagunen aipuak ere bildu ditu, argazki eta hitzak lotzeko. Liburua [email protected] helbidera idatzita bakarrik eros daiteke.

Zergatik Tanger?

2013an joan nintzen lehen aldiz Tangerrera, eta hasieratik hiriarekin maitemindu nintzen. Argazkiak ateratzen nituen, eta itzuli egin nintzen, oso gustura nengoelako, baina liburu bat egiteko ideiarik gabe. Baina apurka-apurka lan hori pisua hartuz joan da, eta proiektua abiatzea erabaki nuen.

Argazkilaritza lanbidea da zuretzat, ala zaletasuna?

Niretzat, lanbidea eta zaletasuna da; dikotomia antzeko bat dago hor. Alde batetik, bezeroentzako argazkiak bezeroentzako egiten ditut, euren gusturako argazkiak, eta, bestetik, nire lan pertsonala, nire gustukoa. Kasu honetan, Tanger Dream alde pertsonal hori da.

Liburuko argazkiak istorio baten moduan antolatu dituzu.

Beti saiatzen naiz argazkiekin narratiba puntu bat sortzen; niretzat oso eragin indartsua da, agian beste argazkilariek nigan dutena baino indartsuagoa. Horregatik, nahi gabe ere saiatzen naiz kutsu narratibo bat topatzen, edo puntu zinematografiko bat...

Zenbait idazle ezagunen aipuak ere bildu dituzu, ezta?

Tangerrek oso historia ahaltsua dauka, XX. mendekoa bereziki. Idazle mordoa pasatu dira handik, eta askok hiriari buruz idatzi dute, edo behintzat euren istorioak kokatu dituzte Tangerren. Niretzat oso idazle estimatuak dira: Mohammed Xukri, William Burroughs, Paul Bowles... Asmoa zen nire hango sentsazioak haiek euren liburuetan sortzen zituzten atmosferekin nahastea. Konturatzen nintzen haiek idatzitako gauza asko nik topatzen nituela Tangerren, eta alderantziz; batzuetan argazkiak ateratzen nituen, eta gero argazki horiek ikusten nituen liburuetan. Halako mundu paralelo batean sartu nintzen.

Zertara zihoazen idazleak Tangerrera XX. mende hasieran?

Askatasunaren bila, euren ametsak sortzera... 1923tik aurrera, «nazioarteko hiria» bilakatu zen Tanger,gobernu gabeko hiria. Une hartako potentzien artean zegoen, eta oso egoera berezia sortu zen: sekulako askatasuna zegoen, tolerantzia, baita libertinajea ere.

Kolore ilunak dira nagusi liburuko argazkietan.

Haien eleberrietan galtzaileek kontatzen zituzten istorioak maiz, beti istorio oso gogorrak, edo oso beltzak. Errealitatea nik barruan daukadana adierazteko erabiltzen saiatzen naiz nolabait; nire sentimenduak azaltzeko. Kolore beltza tresna bat da hori adierazteko, eta niri asko gustatzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.