ATZEKOZ AURRERA

Puska denek daukate saria

Errege bezperako elkartasun opil erraldoiaren 3.000 errazio inguru banatu dituzte Bilbon. Bildutako diru guztia Bizkaiko Caritasen haurrentzako programarentzat izango da

Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, errege opila erruz banatu zuten atzo Bilboko Plaza Barrian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Gabon bezperako eta Urtezaharreko afarian turroia nola, etxe askotan errege opila jaten da Errege magoak iristen direnean. Ospakizun bakoitzak bere jana edukiko balu bezala. Hori ondo asko dakite Bilbon ere, eta handikiro heldu zioten atzo usadio horri: 500 kilotik gorako opil bat egin zuten, hain zuzen. 3.000 errazio inguru atera ziren opil erraldoi horretatik, eta zati bakoitzaren truke ordaintzen den dirua Bizkaiko Caritasek haurrentzako dituen programetan erabiliko da. Horrela, Plaza Barrira inguratu diren milaka pertsonek opila dastatu eta beharrik handiena dutenei lagundu diete.

Saria izaten da errege opilaren bereizgarrietako bat. Garbantzu formako edo bestelako objekturen bat jartzen da opilaren zati batean, eta hori tokatzen zaionak hurrengo urteko opila ordaindu behar izaten du gehienetan. Hori dio, behintzat, etxe askotan errepikatzen den ohiturak. Ez zen halakorik atzo Bilbon egin zuten opilean, ordea. Ez garbantzurik, ez errege baten iruditxorik. «Lasai jan daiteke opila, ez baita halakorik tokatuko», zioen Pili Castro Caritaseko kideak, irri artean, halako opil bat ordaindu behar izateak ekar dezakeen gastuaz jakitun. Bizkaiko okindegien elkarteak, Kaikuk, Laboral Kutxak, Zazpikaleetako Merkatari Elkarteak, Baque kafeak, Iruña taldeak eta Bilboko Udalak egin dute aurten egitasmoa aurrera ateratzeko ahalegina. Iazko garbantzua haiei egokitu balitzaie bezala.

Proiektuak, gainera, harrera ona izan zuen jendearen artean. «Eguraldi txarra egin arren, jende asko batu da plazan; jendea zain zegoen ilaran goiz-goizetik». Castro pozik zegoen horregatik, jendeak lagundu nahi izan zuelako. «Gaurko [atzoko] eguna haurren ilusioaren eguna da, eta, horregatik, batzen dugun diru guztia haurrei emango zaie». Izan ere, arazo ekonomikoak dituzten etxeetan egoera hori «belaunaldiz belaunaldi» transmititzen da, oro har. Horregatik, atzo bildutako diru guztia haien egoera hobetzeko erabiliko da.

Nicolas Incera eta Mari Carmen Cruz basauriarrek ezaguna zuten proiektua. Ilaran egon ostean jaso zuten bakoitzari zegokion opil zatia eta katilukada bat txokolate bero. «Ekimen interesgarria da; karitatezko ekintza bat da, eta, gainera, opila oso goxoa dago», esan zuen Incerak. «Keinu bakar batekin, opila dastatu eta beharrik handiena dutenei laguntzen diegu; beraz, ezin da hobea izan», gehitu zuen aldamenetik Cruzek.

Gero eta behar handiagoa

Bilbon errege opila jatea elkartasun keinu bat izan zen atzo. Izan ere, badago horretarako beharra, Castroren arabera. «Ekonomia hobetzen ari dela esaten dute behin eta berriro, baina guk gero eta jende gehiagori ematen diogu laguntza». Horietako asko, gainera, lanean ari dira: «Lana eduki arren, jendeak arazoak ditu oraindik». Hau da, lana duten askok oraindik Caritasek egiten duen lanaren beharra dute gaur- gaurkoz.

Errege opilak, atzo behintzat, beharrik handiena dutenen premiak asetzeko funtzioa bete zuten. Eta inongo garbantzu zatirik edo bestelako objekturik ez zuenez, datorren urtean berriz ere borondatezko lanarekin ekingo diote ekimenari. Baina opil zati guztiek daukate saria. Beharra dutenei laguntzeko saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.