ATZEKOZ AURRERA. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai. Umoregileak

«Ahalduntzeko balio izan digu umoreak»

'Bakean dagoena bakean utzi' bakarrizketa bi ahotsetara sortu dute Martiarenak eta Torregaraik: euskara, umorea eta generoa dira saioaren ardatzak, euren egunerokoan ere ardatz dituztelako.

ION MARKEL ARGAZKIAK.
Maialen Unanue Irureta.
Usurbil
2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ahoan bilorik gabe, eta, batez ere, gelditu gabe hitz egiten dute Idoia Torregarai Martijak (Usurbil, Gipuzkoa, 1974) eta Mirari Martiarena Iraolak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986). «Umoregile, umorezale eta umore saltseroak» direla diote, eta plazara ateratzeko «beharra» daukatela: hala egingo dute Lankuk ekoitzitako Bakean dagoena bakean utzi saioan. Oraingoz, bi emanaldi dituzte lotuak: martxoaren 4an, Elizondon, eta martxoaren 11n, Donezteben: «Nafarroa gurea da!».

Elkarrizketa zozo samarra ateratzen bada...

IDOIA TORREGARAI: Kontrako eragina izan dezake, baina esango dugu errua zurea dela! [Barreak].

Twitterren idatzi zenuen Mirari: «Ze nezesidade»?

MIRARI MARTIARENA: Umorezaleak izan gara beti, eta «ze nezesidade» hori da saioen aurreko beldur hori: «Eta nik hau zergatik egin behar dut?». Baina oholtzan hainbeste disfrutatzen dut, jendaurrean jarri eta jendea barrez ikustean...

I. T.: Ez duzu esan zure esaldia: zer gara gu?

M. M.: Umore bikiak!

I. T.: Gauza askotan egiten dugu bat: biok baserrikoak —bera ni baino gehiago—, kazetaritza ikasitakoak, umorezaleak eta umorea lantzen dugunak... Nik barne behar handi bat neukan hau egiteko. Hau da, Barretartia-rekin [bloga] 2012an hasi nintzen, ikastaro batzuk ere ematen ditut, eta badira hiruzpalau urte kanpora ateratzeko beharra neukala. Hurrengo pausoa zen: behar fisiko eta psikologikoa neukan.

M. M.: Ahalduntzeko balio izan digu umoreak, bizitza ikusteko beste modu bat da.

Zuk ere Mirarikeriak bakarrizketak egin dituzu lehenago.

M. M.: Mirarikeriekin hasi nintzenean, batek esan zidan: «Ez egin zeure buruari buruz». Eta, berandu zebilen, neure buruaz hitz egiten dudalako. Nire miseriak dira, baina ez nireak bakarrik: neure buruari barre eginez, jendeak, askotan, bere burua islatuta ikusten du.

Zer esateko baliatuko duzue saio berria?

I. T.: Guretzat, inportanteak dira euskara, generoa eta umorea: hirukote horren erpinetan mugitzen gara, egunerokotasunetik.

Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek ere Erradikalak gara saioa sortu zuten, beraiek ere bikotean eta umorea egiten. Baina erreferenteak ez dira asko, ezta?

I. T.: Aktoreak egon dira, Kontxu Odriozolatik hasita, edo Bi eta bat-ekoak... Badago tradizio bat antzerkian. Hor daude, baita ere, Aitziber Garmendia, edo Onintza Enbeita, baina gutxi dira oraindik, eta, umoregile etiketarekin, gutxiago.

Oso kontu serioa da umorea; barre eginaraztea, oso zaila. Edo ez?

M. M.: Batzuetan, zerbaitek nire buruan sekulako grazia izan dezake, eta ikusten duzu jendearengan ez daukala hainbeste, edo alderantziz. Hain da fina barregarria denaren eta ez denaren arteko muga...

I. T.: Uste dut abantaila bat daukagula, betidanik erabili dugulako umorea, estrategia gisa, harremanetarako. Kirola egiten duenak, gorputza askoz trebatuagoa daukan bezala, bizitza umorez ikusten duenak erraztasun handiagoa du barre eginarazteko.

Zeintzuk dira halako saio on bat egiteko gakoak?

I. T.: Ordu eta bost minutuko saioan denbora guztian gaude hitz egiten: hitzak dauka garrantzia, baina baita gorpuztasunak ere.

M. M.: Orain gutxi ikastaro bat egin dut Miren Gaztañagarekin, eta esaten zuen ez garela konturatzen gorputzak gorputzei begira gaudela: hizketan ari garenean, gure jarrerarekin ere asko esaten dugula. Mirarikerietan, lehenengo esaten dudana da: «Ni Mirari naiz, neska fina naiz komatxo artean, baserritarra naiz komatxo artean, eta neska gizena naiz komatxo artean».

I. T.: Puskatzeko gaude: gure muga eta gure presioetatik harago pauso bat eman eta aurrera egiteko. Zor genion geure buruari, eta baita, kasu honetan, emakumeei edo gorputz desberdinei... ere.

Bi izanda, nola moldatuko zarete?

I. T.: Ia txanda hartu ezinik ibiltzen gara!

M. M.: Nola hasiko garen, txanponak erabakitzen du, jendaurrean. Horrek baldintzatzen du publikoarekin izango dugun lehenengo kontaktua, bakoitza bere erara hasiko baita. Bakoitzak bere gaiak ditu, baina batzuk konpartitzen ditugu: nik hitz egiten dut ama izatearen presioaz, Idoiak amatasunaz...

I. T.: Belaunaldi desberdinetakoak garenez, jende gehiagorengana hel gaitezke. Gorputz desberdinak, amatasuna edo ama izan beharraren presioa, depilazioaren beharrezkotasun hori, hilerokoa... Gai askoz gehiago egon daitezke, baina horietatik hasi nahi genuen.

Bakean dagoenari bakean utzi: itxura guztien arabera, ez duzue inortxo ere bakean utziko, ezta?

I. T.: Aldarri bat egiten dugu: esaterako, depilatzea zein kontrakoa erabakitzen duenari bakean uzteko. Eta, aldi berean, gai horiek bakean ez uzteko aldarria ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.