ATZEKOZ AURRERA. Josetxu Riviere. Berdintasun teknikaria

«Gizonezko gehienek ez dute argi ikusten grebarena»

Maskulinitate eredu berrien inguruko ikastaroak ematen dizkie Rivierek gizonezko helduei. Biharko grebaren inguruan ikusi dituen jarrerez, matxismo berriaz eta Munillaz mintzatu da.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Josetxu Riviere (Arrasate, Gipuzkoa, 1962) Emakunderen Gizonduz egitasmoaren koordinatzailea da 2007. urtetik, eta Gizonak Berdintasunaren Alde sareko kidea.

Bihar emakumeen nazioarteko eguna da, eta greba egingo dute emakume askok. Zuk gizonezko helduekin egiten duzu lan. Zelako giroa sortzen ari da horien artean?

Gizon asko galduta eta ezeroso daude, ez dakitelako zein den euren eginkizuna. Hori oso maskulinoa da, azken batean. Erdigunean ez egoteak ezerosotasun handia sortzen digu. Gizonezko gehienek ez dute argi ikusten grebarena; helburuak ez dituzte argi. Horregatik da oso interesgarria deialdiak eragiten duen eztabaida: zergatik eskatzen dizuten egun horretan zaintzeko, edo emakumeek egiten duten lana zeure gain hartzeko...

Gauza bat esaten dute gizonezkoek grebaz jendaurrean, eta beste bat euren artean edo anonimoki?

Hala gertatzen da berdintasunaren gaiarekin oro har. Horren alde txarra da ezin duzula eztabaidatu gizon batzuek dituzten benetako zalantzen inguruan. «Hau zuri esango dizut, baina ez dut botako gure kuadrilla mistoan», esaten dizute. Kontua da grebaren eztabaidak zeuri zuzenean egiten dizula galdera, zuk egiten duzunaz da: zenbat denbora eskaintzen diozun zaintzari, zenbateko espazio politikoa eta soziala okupatzen duzun... Eztabaida horrek ez digu eskatzen ados egoteko, baizik eta gauza jakin batzuk egiteko. Horregatik eragiten die atzera gizonezkoei, ez eztabaidatzeko «giro txarra» dagoelako.

Antzeman duzu matxismo berri bat sortzen ari dela?

Bai. Sare sozialetan etengabeak dira erasoak foro horietan iritzia ematen duten emakumeen kontra. Gizonezkoen alderdi oso tradizional batzuk berriz armatzen ari dira. Donald Trump bera moralki berriz armatu den maskulinitate horren adierazpen kezkagarri samarra da. Postmatxismoaz edo neomatxismoaz hitz egiten ari dira hainbat pentsalari.

Lehen Hezkuntzako irakaslea izateko ikasi zenuen, baina gizon helduak hezten ari zara lanean. Nahikoa al da hezkuntzan egiten ari den lana eskemak erreproduzi ez ditzan?

Ez, ez da nahiko lan egiten. Berdintasunak epe luzeko egitasmoak behar ditu, adituek gauzatutakoak, eta aurrekontuak. Ezin da gelako 25 ikasleko ratio batekin gai hau landu.

Ostiralean gizonezkoek esango al dute: «Hara, orain arte ez gara konturatu emakumeen ekarpena horrenbestekoa zenik, eta geuk gehiago egingo dugu»?

Hala bedi! Baina ez dut uste. Hau prozesu luzea izango da oraindik. Baina garrantzitsua da halako gizarte eztabaida mugarriak gertatzea debatea mahai gainean jartzeko. Greba honetan, gizon batzuek gauzak berriz aztertuko dituzte.

Euskal Herriko errealitatea nondik dago gertuago: Europako iparraldetik edo Mediterraneoaren inguruko herrialdeetatik?

Geure desberdintasun testuinguru propioa dugu, baina Europako hegoaldearen antza dugu. Ratio interesgarri on batzuk ditugu, baina beste batzuk, okerragoak. Alardeek gure muga erakusten dute, esaterako, oso modu argian. Ez gara ingurukoak baino hobeak.

Zer esango zenioke Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainari maskulinitate eredu berrien inguruko hitzaldi batean agertuko balitzaizu?

Elizako buruzagitzan dago erresistentziarik handienetako bat berdintasunaren kontra. Munillak eta beste gotzaiek genero ideologiaz horrelako mespretxuz hitz egitea lotsagarria da, elizaren buruzagitzak zabaldu baitu ideologia matxista urte luzez herrialde honetan. Hitzaldira etorriko balitz... iruditzen zait hura bezalako pertsona batekin zaila dela arrazoitzea. Oso atzerakoia da. Baina, halere, esango nioke otoitz egiteko, eta uzteko gizarteari berdintasunerantz aurrera egiten bakean. Pertsonen espiritualtasunaz gehiago arduratzeko, eta, bitartean, haien bizitza politikotik baztertzeko, alegia. Vade retro, Satanas!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.