ATZEKOZ AURRERA. Beatriz Fernandez. EHUko ikertzailea

«Aurrera egiteko entziklopedia bat idazten dugu ikertzaileok»

Fernandezek dio Antartika laborategi natural bikaina dela ikerketak egiteko. Gizakia bizitzeko kontinente ezatsegina den arren, kostaldean 400 liken espezie inguru daude.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Kerman Garralda Zubimendi.
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Antartikatik itzuli berri da Beatriz Fernandez (Bilbo, 1984). EHUko ikertzaile talde batek hilabetez ikertu du nola irauten duten bizirik likenek eta goroldioek euren ehunetan urik gabe.

Positiboa izan al da esperientzia?

Erabat. Bidaia luzea eta neketsua da, baina merezi izan du. Talde lanean sortu den giroa aparta izan da, eta ikerketa oso positiboa.

Zertan datza zuen ikerketa?

Ikerketa Topstep proiektuaren barneko atal bat da. Proiektuaren helburua ekoizpen masiboaren eta landareek sufritzen duten estresaren arteko erlazioa topatzea da. Normalean alderantziz izaten da: azkar hazten diren landareek okerrago jasaten dute estresa. Antartikan, zera jakin nahi genuen: nola eusten dieten landareek tenperatura hotzei eta ur likidorik gabeko garai luzeei.

Nolako landareak topatu dituzue Antartikan?

Antartikan ohikoenak diren fotosintesi organismoetan zentratu gara bereziki, hala nola itsas belarren eta onddoen arteko nahasketaren ondorio diren likenak eta goroldioak. Bi hodidun landare espezie besterik ez daude bertan, eta horietako bat ere ikertu dugu.

Antartika kontinente bizia da, hortaz.

Biomasari dagokionez, Antartika basamortutzat har genezake. Baina periferia, hau da, kosta eremua, aberatsa da; esaterako, 400 liken espezie baino gehiago topa ditzakegu bertan. Horregatik joan gara Euskal Herritik Antartikako kostalderaino.

Lan egiteko ongi moldatu zarete horren klima gogorrarekin?

Egia esan, gu udan joan gara, eta ez zuen horrenbesteko hotzik egiten: zero azpitik lau graduren bueltan ibili gara, baina tenperatura positiboak ere izan ditugu. Okerrena ez jakitea da; eguraldia ezegonkorra da Antartikan, eta kanpoan lan egiteko arazoak sortu dizkigu.

Zer lortu nahi duzue ikerketa honen bitartez?

Ez dugu zuzeneko erabilerarik bilatzen. Ezagutza pilatu nahi dugu soilik, etorkizunean proiektu zehatzagoak errazteko. Antartika laborategi natural bikaina da halako ikerketentzako, gizakiaren eragina oso txikia baita.

Eta zer ondorio lortu dituzue?

Oraindik goizegi da ondorio zehatzak ateratzeko. Ekainean helduko dira laginak, eta horiek prozesatzean izango dugu azken emaitza. Baina landa lanetik ateratako aurretiazko datuen arabera, badirudi likenek eta marearteko alga batzuek ongi eusten dietela lehorteei eta tenperatura baxuei. Elementu interesgarriak dira etorkizunean sakonago ikertzeko.

Beraz, ikerketak jarraipena izango du?

Hiru urteko proiektua da Topstep, eta printzipioz aurten amaituko da. Balearretako unibertsitatearekin elkarlanean dihardugu proiektu honetan. Haiek egon dira Antartikan lehenago, eta gure taldeari orain egokitu zaio. Emaitzak ateratzea besterik ez da falta, baina, abendua baino lehen finantzaketa lortzen badugu, jarraituko dugu ikertzen.

Erakundeek behar beste laguntzen dizuete?

Orain arte, logistikak eskatzen dituen beharrei aurre egiteko efizienteak izan gara Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Ministerioak emandako diru laguntzekin. Baina diru laguntzak oso murritzak dira doktore tesiaren osteko ikerketentzat. Ikerbaskek, esaterako, hamar eta hamabost kontraturen artean besterik ez ditu ematen ikerketa esparru guztietarako.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Beltz ikusten dutso zaila da ikertzaile moduan lanpostu finko bat topatzea. Gazte askok ekiten diote doktore izateko bideari, eta, batzuek bidean uko egin arren, ez dago denontzako lan eskaintzarik.

Nolako eragina izan dezake horrek?

Gazteen aldeko apustua egitea beti da ona, are gehiago gure ogibidean. Uste dut oinarrizko ikerketa beharrezkoa dela, sortzen dugun ezagutzak gure mundua ulertzen laguntzen baitigu. Ikertzaileok aurrera egiteko entziklopedia bat idazten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.