ATZEKOZ AURRERA. Ane Gebara. Ipuin kontalaria

«Ipuinak behar-beharrezkoak dira helduontzat ere»

Ipuinek oinarrizko mezuak transmititzen dituzte haur zein helduentzat, Gebararen ustez. «Momentu eta arazo baten aurrean jartzen gaituzte, eta nola jokatu erakusten digute».

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Haurrei ipuinak kontatzen ohitua dago Ane Gebara (Gasteiz, 1989), baina ostiralean helduen aurrean jarriko da. Harriek kontatu didatena narrazio ikuskizuna estreinatuko du Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

Zer kontatu dizute harriek?

Nire buruari galdetu nion ea zer nahi nuen kontatu, eta orduan jabetu nintzen ez nituela ezagutzen Arabako istorio zaharrak. Gai gara munduko beste puntako ipuinak kontatzeko, baina gure izaera eratu duten ipuinak ez dakizkigu. Harriek gure arbasoek kontatzen zituzten istorioak kontatu dizkidate. Forma eman diet, Itziar Rekalderen laguntzarekin, eta Beitia eta Osses musikariekin plazaratuko ditut.

Nolako ikuskizuna da?

Hamar istorioz osatutako ibilbide bat da. Patxadaz egiteko ibilbidea, hausnarketa eragin nahi duena.

Ipuin zaharrek eusten al diote gaurkotasunari?

Erabat. Gure arbasoek ere kezka berberak zituzten, eta, munduak ez gaitzan jan, oinarrizko mezuak transmititzen zituzten ipuinekin.

Ipuinak soilik umeen kontua dira?

Ipuinak umeentzako direla uste dugu, baina denontzat dira beharrezkoak. Momentu eta arazo baten aurrean jartzen gaituzte, eta nola jokatu erakusten digute. Jakinduria hori geure barruan gelditzen da.

Helduek zergatik uzten diote ipuinak kontsumitzeari?

Beharbada helduok pentsatzen dugulako ikaste prozesua soilik umetan gertatzen dela. Barneratua dugu helduok umeei kontatu behar dizkiegula ipuinak, zerbait irakasteko. Baina helduontzat ere behar beharrezkoak dira ipuinak, erabaki zuzenak hartzeko, begiak zabaltzeko... Betidanik kontsumitu izan ditugu ipuin eta istorioak, baina orain beste bide batzuetatik jasotzen ditugu, hala nola zinematik edo antzerkitik.

Helduek gustura entzuten dituzte ipuinak?

Umeei ipuinak kontatzen dizkiedanean, gurasoek ere adi egoten dira. «Bazen behin» entzuten dugunean, denak sartzen gara istorioan. Urrun gaude, baina gertatzen den guztia hurbil sentitzen dugu. Leku eta pertsonaiekin bat egiten dugu, gaizki pasatzeko beldurrik gabe.

Ipuinak umeei kontatzetik, helduei kontatzera. Nolatan aldaketa hori?

Aspalditik nuen buruan helduei zuzendutako zerbait egin behar nuela. Oso desberdina da helduei zuzendutako ikuskizun bat edo haurrei bideratutako: erritmoa, tonua, sakontasuna... Horrek denbora eskatzen du, eta Gazte Sortzaileak bekak emandako laguntza baliatu dut proiektua gauzatzeko. Irailean hasi nintzen guztia ongi prestatzen.

Zer baloratu dute epaimahaikideek Gazte Sortzaileak bekan?

Aurreko urteetan beka jaso duten lagun batzuk nituen, eta horregatik eskatu nuen beka. Proiektuak bi gutxiengo izan behar ditu: euskara eta ahozkotasuna. Harriek kontatu didatena-k biak betetzen ditu, Arabako ipuin zaharrak jasotzen baititut, ahoz eta euskaraz.

Beka ezinbestekoa izan da proiektuak aurrera egiteko?

Bekak profesional batekin lan egiteko aukera eman dit, eta produktu sakon bat lantzea erraztu dit. Gainera, istorioak pilatu ahala, proiektua aldatuz joan da, baina malgutasun handia izan dut nahi nuena transmititzeko.

Proiektuan Arabako ipuin zaharrak jaso dituzu. Ikerketa lanetan ere ibili zara, hortaz.

Herriz herri ibili naiz galdezka. Toki guztietan dute zer kontatu: istorio txikiak beharbada, baina, arakatzen baduzu, istorio politak osatzen dira. Egia esan, Arabako istorio eta ohitura asko idatziak daude. Aurkikuntza itzela izan da; ez nuen espero horrenbeste egongo zenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.