ATZEKOZ AURRERA. Ramon Llopis. Soziologoa

«Hitz bakar batekin definitzen dugu mundu oso bat; hori da arazoa»

Gizarteko arazoak konpontzeko irtenbiderik aproposena kirola dela dioen uste okerra zabaldu dela iritzi dio Llopisek. Ezaugarri eta baldintza asko hartu behar dira kontuan, ordea, haren hitzetan.

BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Kirolak batu ala aldendu egiten gaitu? Galdera horren bueltan ariko da Ramon Llopis soziologoa (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1967) bihar Gasteizko Estadio aretoan, 18:30ean. Alboan izango ditu Miren Egibar EHUko soziologoa eta Pedro Insua filosofia irakaslea ere.

Kirola elkarbizitza sustatzeko bide ona den ala ez hausnartuko duzue hitzaldian.

Hala da. Azkeneko urteetan, kirolaren inguruko uste orokortu bat zabaldu da han eta hemen, zeinak argudiatzen duen gizarteko hainbat arazori aurre egiteko antidoto ezin hobea dela kirola. Erakundeek sustatu dute, adituek... Baina badira kontrakoa erakusten duten ebidentziak ere. Kasu horiek aztertuko ditugu hitzaldian.

Beharrezkoa da testuingurua ere aintzat hartzea, ezta?

Noski, elementu asko hartu behar dira kontuan: ikuskizun kirola da? Eskola kirola? Praktika kirola? Azken horrek, esaterako, baditu integrazioa sustatzen duten ezaugarri batzuk. Hala ere, sarri ez dute izaten esperotako emaitza.

Zein ezaugarri hartu behar dira kontuan, baina?

Praktika kirolean beharrezkoa da kirol modalitateaz hitz egitea, ez baita gauza bera kirol indibiduala edo taldekakoa. Horrez gain, testuingurua ere kontuan hartu behar da. Ikuskizun kirolean, bestalde, kirolak hedabideetan duen irudikapena ere aintzat hartu beharrekoa da. Zehaztapen horiek guztiek aukeraketa asko eragiten dituzte; zaila da orokortzea.

Zergatik dute klubek edo taldeek identitate komun bat eratzeko horrelako gaitasuna?

Datuei arreta jarri besterik ez dago: Espainiako biztanleen %50 inguru dira futbolzaleak, baina %68 identifikatzen dira klub edo talde batekin. Ikaragarria da. Garai batean, futbola izan zen kirolik esanguratsuena, jende gehienak jokatzeko aukera zuen... Garai hartan, gizarteko erreferentziak lokalak ziren batez ere; beraz, taldeek edota klubek zeresan handia izan zuten identitate kolektiboetan. Dinamika horrek jarraipena izan du gerora, hein handi batean hedabideek ere hori sustatu dutelako.

Identitate kolektibo horren albo kalteak dira futbol zelaietan ikusten ditugun jarrera desegokiak?

Ez nuke esango horren ondorio direnik bakarrik, halako jarrerarik ez duten talde eta zale asko baitaude. Gauza gehiago onartzen dira futbol zelaietan, eta, anonimotasuna gailentzen denez, autokontrolerako baldintzek oso erraz huts egiten dute, baina ez identitateagatik.

Esango zenuke taldeek eta klubek nahikoa egiten dutela elkarbizitza sustatzeko?

Zaila da horri erantzutea. Esango nuke beti egin daitekeela gehiago. Pertsona askok duten identitate erreferentziarik garrantzitsuenak dira futbol taldeak egun; beraz, haiek egiten dutena eraginkorragoa izango da bestelako erakundeek egiten dutena baino. Identitate ahulen garai batean bizi gara; identitate politikoak nabarmen jaitsi dira azken hamarkadetan, esaterako, edota familiarrak. Hauskorrago bilakatu da dena, baina futbol talde batekiko lotura, berriz, bizitza osorako da.

Oinarrizkoa izango da, beraz, kirol profesionala eta amateurra bereiztea.

Noski. Bi mundu ezberdin dira. Kirol profesionala izozmendi baten zati bat besterik ez da. Eta, askotan, ez gara ohartzen azpiko horrek guztiak ez duela zerikusirik ikusten dugunarekin. Kirolari ikoniko horiek erreferente ditugu askotan, baina azpian daude helburu horretara iristea lortu ez duten milaka eta milaka pertsona. Kirolaren heroi, izar eta txapeldun handia porrot askoren emaitza da. Kirola, beste erakunde guztiak ez bezala, entitate konplexu eta plurala da. Baina, hala ere, hitz bakar batekin definitzen dugu mundu oso bat; hori da arazoa.

Zein ardura dute kirolari profesionalek horretan?

Ardura handia dute, eta badakite. Baina bizi garen gizarte honen ondorio zuzenak dira.

Kirola oasi bat da jarrera kontuei dagokienez?

Bai, baina komeniko litzateke hor ere bereizketak egitea. Esate baterako: kirol hedabide batean estereotipo matxisten zantzu gehiago aurki daitezke beste edozein hedabidetan baino. Adibide bat besterik ez da, baina bai, noski, egunerokoan onartzen ez ditugun jarrera batzuk onartzen ditugu kirolean.

Zer egin hori konpontzeko?

Sentsibilizazio eta kontzientziazio gehiago behar dela esango nuke. Beti gauza bera esaten da, baina hala da: hezkuntza da gakoa. Zibilizazio prozesua azkartu beharra dago: hau da, autokontrola ardatz izango duten pertsonak hezi behar ditugu, balioak oinarri hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.