ATZEKOZ AURRERA. Josean Vega. Txanbela otxoteko zuzendaria

«Jan, lanari esker jaten dugu, baina musikari esker bizi gara»

Bizi guztia darama kantuaren bueltan Vegak; abeslari modura aspalditik, eta Txanbela otxotearen zuzendari udazkenetik. Kantuaren kulturak Euskal Herrian bizirik dirauela uste du.

itziar ugarte irizar
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Juanjo Mena orkestra zuzendariak otxote bat sortzeko eskatzeko deitu zion udazkenean Josean Vegari (Errenteria, Gipuzkoa, 1963), AEBetako Cincinnatiko May Festivalen «euskal kultura tradizionala» ezagutarazteko asmoarekin. Txanbela otxotea sortu dute, hala, Vegaren zuzendaritzapean. Hauek osatzen dute taldea: Bautista Agirre, Eduardo Zubikoa, Xabier Barriola, Fernando Idiakez, Pablo Azpeitia, Miguel Angel Segarra, Inaxio Olaizola eta Luis Arratibel. Cincinnatira joan aurretik, Añorgan (Donostia) izango dira igande honetan, eta Lekunberrin (Nafarroa) hilaren 12an .

Nolatan egin zizuen Juanjo Menak otxote bat sortzeko eskaria?

Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Cincinnati May Festivaleko zuzendari artistiko izendatu zuten iaz; 1840an sortutako festibal bat da, oso ospetsua. Han Euskal Herriko kantu tradizioa ezagutarazi nahi duelako deitu zidan. Aldaketak egin nahi ditu jaialdian, eta, gure kasuan, otxoteen kultura nola sortzen den ezagutarazi nahi du: elkarte batean-edo hasten dela jendea abesten, kalera ateratzeko momentu bat iristen den arte; orduan sortzen da otxotea. Eta, gero, modu boluntarioan, kantatzen duela kalean.

Zein aldaketa egin nahi ditu?

Kontzertu parte hartzaileak bultzatu nahi ditu; esaten du taxi gidari batek eta sukaldean daudenek ere kantatu dezaketela. Musika atera nahi du kalera, eta hiriari giro bat eman, jendeak ere partekatzeko. Hemen egiten den bezala Donostiako Musika Hamabostaldian.

Maiatzaren 19tik 28ra egongo zarete Cincinnatin. Zein da harako plana?

Bi kontzertu nagusiren aurretik, ordu erdiko aurre-kontzertuak egingo ditugu. Lehenengoa Aleluia egunean izango da, eta partaide guztiekin kantatuko dugu: 200 laguneko korua, gospel korua, jazz korua, haurren abesbatzak... Bakoitzak aleluia bat kantatuko du, eta nik euskal aleluia bat izatea nahi nuenez, nik neuk konposatu dut: Aleluia kanta jaunari. Gainontzean, egunean bi emanaldi motz egitea da ideia: Fountain Squaren, musika eskolan, zaharren egoitzan...

Eta nolatan jarri diozue Txanbela izena otxoteari?

Gu euskal kultura tradizionalaren ordezkari gisa goaz hara; horregatik bururatu zitzaidan Txanbela izena. Zuberoako artzainek jotzen dute; alboka edo dultzainaren antzekoa da, oboearen senidea. Euskal Herriko instrumentu propioa da.

Goizeko izarra, Maitia nun zira, El menú, Boga boga... Zeren arabera gertatu duzue errepertorioa?

Hogei kantu dira. Aleluia da musika sakroko bakarra, eta beste guztia folklorea da. Denak dira euskaraz, hiru izan ezik. Taldeari distira egiteko aukera handiena emango dioten kantuak hartu ditut, eta baita garai askotakoak ere.

Zortzi gizon a cappella. Nola hartuko zaituztetela uste duzue?

Hori da geure buruari egiten diogun galdera. Uste dugu harrituta geratuko direla, batez ere, gure kantatzeko modua oso ezberdina baita. Hemengo tenorren sokak oso distiratsuak dira, eta arreta pizten du; kanpoan opakuagoak dira.

Nola dago otxoteen kultura gaur?

1960-1970eko hamarkadetan, indar handia zuten otxoteek; lehiaketa asko izaten ziren, kultura handia zegoen. Gero, beherakada ikaragarria egon zen, baina ikusten dira berriz topaketak, lehiaketak... eta badirudi berriro pizten ari dela.

Kantuaren kulturari, oro har, eusten zaiola iruditzen zaizu?

Bai. Edozein festa dugula, nola bukatzen dugu beti? Abesten, beti. 18 urteko kuadrilla bati koru batean abesten duzula esanez gero, atzera egiten dute; baina jende hori topatu dut gero sagardotegian elkarrekin abesten. Guk otxotean askotan esaten dugu: jan, lanari esker jaten dugu, baina musikari esker bizi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.