ATZEKOZ AURRERA. Isabel Ceballos. EHUko ikaslea

«Emakume izanagatik, besteek bezala jokatu nahi dut»

'World Of Warcraft' bideo jokoa fantasiazko mundu bat izan arren, Ceballosek ondorioztatu du matxismoz beterik dagoela. «Kalean bizi ditugun patroiak errepikatu egiten dira».

EHU.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Game Boy-a eskuetan, 10 urterekin murgildu zen bideo jokoen munduan Isabel Ceballos (Santander, Espainia, 1988). Egun, ordenagailuan jolasten du, rol joetan bereziki.WOWWorld Of Warcraft du gustukoena, eta bertan matxismoa dagoen ikertu du gradu amaierako lanean.

Zenbateraino dago sartua matxismoa bideo jokoetan?

WOW-n, matxismoa egon, badago. Azken finean, pertsonaien atzean pertsonak daude, eta bigarren bizitza baten modukoa bilakatzen da. Kalean bizi ditugun patroiak errepikatu egiten dira jokoan.

Nolakoak dira jarrera matxista horiek?

Askotan eskatu ez duzun laguntza ematen dizute, neska izateagatik.Jendeak pentsatzen du ez dakizula jolasten, eta laguntza behar duzula. Era berean, zerbait gaizki egitean, emakumea izateagatik izan dela esaten dizute mikrofonotik, edo biraoka hartzen zaituzte. Mikrofonoa ezinbestekoa da jokatzeko, baina gogaikarria izan daiteke. Askotan, neskatan egiteko erabiltzen dute, iaia jazarpeneraino. Elkarrizketatu dudan nesketako batek Espainiako ermandaderik garrantzitsuenetako batean jokatzen zuen. Baina nagusiaren maitasun kontuei jaramonik egiten ez zienez, alboratu egin zuten. Jokatzen dugunean, ongi pasatu nahi dugu, besterik ez.

Matxismoa sufritu izan duzu?

Bai, jende ezezagunarekin nagusiki. Baina nire kasua berezia da: elkarrizketatu ditudan emakumeek nahiko iritzi negatiboa zuten beste neska jokalariei buruz. Harritu egin nau, ni emakume baten bidez hasi nintzelako jokatzen. Beti egon naiz neskez inguratuta. Baina elkarrizketatu ditudan lau nesketatik hiruk argi dute nahiago dutela gizonezkoekin jokatu. Haiekin arazo gehiago izan dituzte, baina min handiagoa ematen diete neskekin izandako arazoek.

Nolakoak izaten dira emakumeen arteko harremanak?

Nik harreman ona izan dut beti gainerako emakumeekin. Ermandadeko burua izatera heldu naiz, eta errespetuz hartu naute beti. Baina beste batzuen kasua zeharo desberdina da. Ezagutzen dut emakume bat bere partidak sarean igotzen dituena, eta emakume askok iraindu egiten dute. Benetan penatzen nau horrek. Guztiok pairatzen dugu matxismoa; batu gaitezen, eta egin diezaiogun aurre. Baina jokoan sortzen diren batasunek oztopatu egiten dute.

Jendeak jarrera aldatzen al du aurrean emakume bat duela jakitean?

Jakin nuen jokalari batzuk leotz bat egiteko jende bila zebiltzala, eta batu egin nintzen. Hasieran ez zen arazorik egon, baina, hitz egiten hasi nintzenean, txalotzen hasi zitzaizkidan: 'emakume bat', harritu ziren. Ez ninduten gaizki hartu, baina bai desberdin. Ez dut emakume izateagatik desberdin tratatzerik nahi; beste edonork bezala jokatu nahi dut.

Sortzaileek ezer egiten al dute jokaera matxistak saihesteko?

Blizzard konpainia mugak zabaltzen ari da. Overwatch jokoan, adibidez, gorputz errealak dituzten pertsonaiak sortu dituzte. Gainera, LGTBI kolektiboak geroz eta presentzia handiagoa du. Enpresak ari dira egokitzen.

Pertsonaiak sexualizatuta agertzen dira oraindik?

Arroparik gabe doan gudari bat. Noiz ikusi da hori? Baina, egin, egiten dute, gizonezkoak erakartzen dituelako. Haiek izan dira orain arteko publikoa, baina aldatzen ari da. WOW-n, esaterako, denetariko armadurak daude. Gizonezko eta emakumezko pertsonaientzat, gehiago edo gutxiago erakusten duten armadurak daude. Norberak bere gustura moldatu dezake. Boteredun emakumezko pertsonaiak ere badaude, eta hori eskertzen da.

Nolakoa da emakumeen presentzia lehiaketetan?

Bereizi egiten dira gizonezko eta emakumezko taldeak, eta arreta gehiago eskaintzen zaie gizonezkoenei. Nik uste dut denok batera jokatu beharko genukeela, baina ulertzen ditut gizonezkoekin jokatu nahi ez dituztenak. Gune propioak behar ditugu, emakume izateagatik estigmatizatuko ez gaituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.