ATZEKOZ AURRERA. Chema Salcedo. Kazetaria

«Arbasoen bizitokietan, bada energia biologiko bat»

'Aita' dokumentalak Perura erbesteratu behar izan zuen euskal gudari baten pasadizoak kontatzen ditu; Salcedo istorio haien entzule izan zen, eta bere aitaren urratsak berregin ditu.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Chema Salcedo kazetariak (Bilbo, 1946), 5 urte zituela, Perura erbesteratu behar izan zuen familiarekin. Aita Eusko Gudarosteko Irrintzi batailoian aritu ostean, alde egin zuten Hego Amerikara, espetxetik ihesi. Iragan astean, Salcedo Euskal Herrira itzuli zen, bere aitak emandako pausoak berregiten dituen Aita dokumentala aurkezteko.

Gudari baten urratsen atzetik gurutzatu duzu ozeanoa. Nola bururatu zitzaizun lan hori egitea?

Txikia nintzenean, aitak gerrako pasarte batzuk kontatzen zizkidan, eta pertsona batzuen izenak beti errepikatzen ziren. Nik gudari horiek buruan imajinatzen nituen, zer egin zuten eta zeintzuk izan ziren haien balentriak... Baina, egun batean, Euskal pilota: larrua harriaren kontra dokumentala ikusten ari nintzela, irudietako batean, mortero bat kargatzen ari zen gizon bat ikusi nuen. Nire aita zela iruditu zitzaidan, baina ez nengoen ziur. Horrek misterioarekin jarraitzeko gogoa piztu zidan, eta, azaroan, Euskal Herrira etorri nintzen, gaztetan kontatzen zidan guztia benetakoa izan zen egiaztatzera. Eta halaxe izan da. Baina, oraindik, ez dut deskubritu pelikulan ageri zen gizon hura nire aita ote zen. Hori misterio bat da oraindik.

Zein arrastori jarraitu diezu?

Aitak, hil baino lehen, gogoratzen zituen pertsona eta tokien izenak idatzi zizkidan. Horiek esku artean, Sancho de Beurko elkartearekin harremanetan jarri nintzen. Handik gutxira hil zen aita. Baina, geroago, Sabino Arana fundaziotik hots egin eta esan zidaten nire aitaren izena dokumentu batzuetan agertu zela, MAI Irrintzi batailoian, hain zuzen. Pixkanaka, harreman sare bat sortuz joan nintzen, eta hona etortzea erabaki nuen. Gudari izandako eta oraindik Portugaleten bizi den Jose Moreno ezagutu dut; Lekeition gudariei laguntzen zieten moja batzuekin elkartu nintzen; beste gudari batzuen alabekin hitz egin nuen Eibarren... Laguntza oso handia jaso dut, eta gerrako agertokietan ere ibili gara.

Basoetan ibili eta zuloetan sartu zara. Zer sentitu duzu?

Emozio oso handia sentitu dut. Arbasoen bizitokietan, bada energia biologiko bat; leku horietan deskribatu ezin daitekeen zerbait dago. Koba txiki batean sartu nintzenean, iluntasunean, aitak deskribatu zizkidan tokiak errealak zirela egiaztatu nuen, eta, haitzulo horretan sartuta, ezin izan nion negarrari eutsi.

Zerk harritu zaitu gehien?

Jendearen kolaboraziorako prestasuna. Erakutsi duten emozioa oso arraroa iruditu zait; ez nago horretara ohituta. Asko gustatu zaidan ezustekoa izan da. Bestalde, dokumentalaren hiru emanaldi egin ditugu, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Eta harrigarria izan da jendea niregana etortzea eta esatea haiek ere batailoi hartan senideak izan zituztela eta dokumentalean kontatzen diren istorioen berri bazutela.

Garestia al da mota horretako dokumental bat ekoiztea?

Euskal Herrian, bost egunez aritu gara grabatzen, eta, Liman, beste lau egun pasatu ditugu muntaketa egiten. Zergatik hain denbora gutxi? Dirua dela eta. Lanean zenbat eta denbora gehiago iraun, garestiagoa ateratzen da, eta proiektu hau nire poltsikotik finantzatzen ari naiz. Hala ere, Liman pertsona batzuen laguntza ekonomikoa jaso dut. Gainera, parte hartu duten aditu eta historialariek ez didate ezer kobratu nahi izan, eta hori eskertzekoa da.

Perutik hona, maleta aitak idatziriko oharrez beteta ekarri zenuen. Zerekin bete duzu itzulerakoa?

Planeten arteko loturak dauden sentipenarekin. Donostian, Venezuelako emakume bat etorri zitzaidan. Dokumentalean agertzen ziren istorioak bere aitonak ere kontatu izan zizkiola esan zidan, eta orain alabei kontatu dizkiela. Azaldu zidan alabak emanaldira ekarri zituela ikus zezaten gertakizun haiek errealak izan zirela. Beste pertsona bat etorri zitzaidan, eta esan zidan bere aita ere Irrintzin ibili zela eta haren istorioa sakonago ikertzeko etorri zela filma ikustera. Proiektuak lotura batzuk azaleratzea ahalbidetu du, eta horrekin bueltatzen naiz Perura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.