ATZEKOZ AURRERA. David Corral. Historia Irakaslea

«Erasmus programak Europa lotzen laguntzen du»

Erasmus programaren historia eta etorkizunerako erronkak aztertu ditu David Corralek, Europako Sustraiak elkarteak antolatutako 'Europa gehiago' jardunaldietan.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2014ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ikasle garaian Parmako Unibertsitatera (Italia) joan zen Erasmus programarekin David Corral historialaria (Gasteiz, 1984). Gaur egun, Historia irakaslea da Bilboko eskola batean, eta, tarteka, Europako Sustraiak elkartearekin kolaboratzen du. Topikoen gainetik, Corral irakasleak uste du Erasmus programa dela europazaletasuna sustatzeko egin den ekintzarik garrantzitsuenetarikoa.

Nola sortu zen Erasmus programa?

Europako Parlamentuak 1986an onartu zuen Erasmus programa martxan jartzea, gazteen artean Europako hiritartasun kontzientzia sustatzeko helburuarekin. Historian, Europako herrialdeak oso bananduak egon dira, askotan etengabeko gerratan. Baina europarrok ezaugarri historiko eta kulturalak partekatzen ditugu, eta batasun ideia hori helarazi nahi zaie gazteei Erasmus programarekin. Eurak izango baitira etorkizuneko buruzagiak.

Noiz sortu zen kontzientzia europazalea?

XIX. mendearen bukaera aldean eta lehen mundu gerra bitartean bake eta oparotasun garaia dago Europan. Iraganean herrialdeen artean hamaika gatazka egon dira. Baina pixkanaka sortu zen Europa batuaren beharraren kontzientzia. Hala ere, XX. mendearen lehen erdialdean bi mundu gerrek asmo horiek zapuztu zituzten. Bigarren mundu gerra bukatzean hasi ziren Europa batzeko ahaleginik garrantzitsuenak, 1957ko itunarekin adibidez.

Parman ikasi zenuen. Zer gogoratzen duzu esperientzia hartatik?

Beste herrialde bat ezagutu eta beste hizkuntza bat ikasi nuen. Bakarrik bizi nintzen lehen aldia zen, horrek eragiten duen guztiarekin; are gehiago, beste herrialde batean. Baina, bereziki, gogoan dut han ezagutu nuen jendea. Oraindik badut harremana han ezagututako lagunekin. Aldiro hitz egiten dugu, eta norberaren herrialdean gertatzen diren gauzen berri ematen diogu elkarri. Noski, gure komunikazioa italieraz da.

Zeintzuk dira Erasmus programaren indarguneak?

Alde batetik, atzerriko unibertsitate batean ikasteko dauden erraztasunak. Programa hori gabe, burokrazia askoz ere luzeagoa litzateke. Ikasketa kredituak baliozkotzen dituzte unibertsitate batetik bestera, eta ez dira matrikulazio tasak ordaindu behar. Horrez gain, jasotzen den diru laguntza handia ez bada ere, egunerokoan laguntzen du. Beste alde batetik, oso aberasgarria da beste herrialdeetako jendea ezagutzea.

Zeintzuk izan daitezke ahulguneak?

Nik esango nuke, hainbatetan harrera programak ez direla behar bezalakoak. Nik zortea izan nuen. Parman, Erasmusekin joan ginen ikasleez arduratzen zen taldea baitzegoen, eta ekintza kultural ugarietan parte hartzeko aukera izan nuen. Beste leku batzuetan, ordea, jaietara bakarrik gonbidatzen dituzte Erasmusekoak; besterik ez.

Askotan, festarekin lotu da Erasmus programa. Hori horrela al da?

Egia da parranda egiten dela. Baina, uste dut etxetik kanpo ikasten duen edonork egiten duenarekin alderatu daitekeela. Askatasun handiagoa eta kontrol txikiagoa dute ikasleek. Norberaren ardura da zer egin. Baina ez dut uste jaia denik funtsezkoena. Badira beste elementu batzuk askoz ere positiboagoak.

Iragan ikasturtean, hainbat murrizketa egin zituzten Erasmus programan. Ba al du etorkizunikprogramak?

Nik uste dut aurrera jarraituko duela. Adibide moduan, Erasmus bekararako aurrekontua bikoizteko da Europan onartu den lehen herri ekinaldi legegilea. Ez dakit onartuko duten edo ez, baina argi eta garbi ikusten da: Erasmus programak Europa lotzen laguntzen du. Noizbehinka mehatxuren bat egon daiteke, baina Europako buruzagiek badakite ezin dutela hori bertan behera utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.