ATZEKOZ AURRERA. Claudia Gomez. Historialaria

«Euskal pilota Espainiako folklorearekin lotu nahi zuten»

Antso Jakituna fundazioaren unibertsitate ikerketako lehiaketan saritu dute Claudia Gomez, 'Euskal pilota eta No-doa. Euskal ikur bat zinema albistegi frankistaren bitartez' lanagatik.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2014ko urriaren 31
00:00
Entzun
Euskal identitatea frankismoaren ikuspegitik ari da aztertzen Claudia Gomez (Palma, Herrialde Katalanak, 1988), No-doa aztertuz. Master bukaerako lana garatuz, Baskonia espainiarra? Euskal Herria frankismoaren imajinarioan no-doaren bidez doktore tesia egiten ari da. Ikerketako ataletako bat euskal pilotari eskaini dio. Bide horretan sakonduz, Euskal pilota eta No-doa. Euskal ikur bat zinema albistegi frankistan artikulua idatzi du. Antso Jakituna fundazioak artikulu hori saritu du.

No-do albistegi frankistak euskal ikurrak nola lantzen zituen ikertu duzu. Zergatik aukeratu duzu gai hori?

Nire ikerketa ildoak historia eta zinema dira. Interesagarria iruditzen zait ikertzea nola No-do albistegi frankistak irudikatzen zituen euskal lurraldeak.

Zein da ikerketaren helburua?

Hasieran planteatu dudan hipotesia honako hau da: albistegiak nola irudikatzen zituen euskal lurraldeak? Nola aurkezten zituen erregimen frankistak? Eta ea identitate elementu ez-abertzaleak mantentzen ziren. Elementu abertzaleak debekatuak baitzeuden. Identitate elementuak, berriz, kulturarekin lotuagoak daudenak dira, eta euskal pilota horren adibide argia da.

Zer ondorio atera dituzu lanean?

Euskal pilota identitate ikur garrantzitsua izanda, albistegiaren ale askotan agertzen zen. Noski, futbolarekin eta zezenketekin alderatzen badugu, askoz gutxiago agertzen zen. Baina nazioarteko beste kirol batzuekin alderatuta, besteak beste, beisbol eta badmintonarekin, askoz ere presentzia handiagoa zuen pilotak. Horrek frogatzen du gizarteak interesa zuela gai horretan.

Frankismoak helburu berezirik bazuen euskal pilotaren gaia lantzeko?

Nik oraindik ez dut ikerketa bukatu, baina pilota estatuan integratzeko ahalegina egin zutela uste dut. Euskal pilota Espainiako folklorearekin lotu nahi zuten.

Zer da atentzioa gehien eman dizuna?

Euskal elementuak biltzen zituzten berrietan, hainbatetan ez zuten No-doko ohiko sintonia erabiltzen, euskal musika baizik. Esatariak pilota jokalariak aipatzerakoan pilotari hitza ere erabiltzen zuen. Garai hartan euskara debekatuta egon arren, euskarazko hitza erabiltzen zuen. Horrez gain, bada beste gauza bat atentzioa eman didana: euskal lurraldeei buruzko berrietan, Gipuzkoa agertzen zen gehien, beharbada Francok uda Donostian pasatzen zuelako. No-doa interesagarria da euskal probintzien urte horietako historia ezagutzeko.

Zein beste euskal ikur ziren ohikoak No-do albistegian?

Jantziak askotan agertzen ziren, hala nola txapela eta ohiko soinekoak. Dantzak eta musika tradizionala ere hainbatetan erakusten zituzten. Kirolari dagokionez, pilotaz gain, estropadak ziren gehien ateratzen zen euskal kirola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.