ATZEKOZ AURRERA

Hunkitu duen lore sorta

Filma deskribatzeko hitz egokiak aurkitu ezinik atera dira ikusleak 'Loreak' filma ikustetik. Jaialdietan izan ondoren, atzo estreinatu zuten zinema aretoetan.

Ikusleak, Loreak ikusi ondoren, Iruñeko zinema aretotik irteten. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2014ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Xumea, fina eta oso polita». Hitz horiekin definitu du Blanca Susana Prebostek Loreak filma. Iruñean ikusi du, estreineko emanaldian, atzo arratsaldeko bost eta erdietan. Kosta egin zaio hitzak esatea; ele egokiak aurkitu nahi zituen. «Sentimenduak ederki landu dituzte, eta euskaraz egindako filma da gainera». Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren lore sortak hunkitu egin du Preboste.

Atzo estreinatu zuten Loreak filma Euskal Herrian: Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Irunen eta Getxon. Halere, aurretik ikusi ahal izan dute zenbaitek irailean, Donostiako Zinemaldian. Ikusmin handia sortu zuen filmaren estreinaldiak orduan. Sail Ofizialean egon ondoren, asko hitz egin da filmari buruz; eta, hala, ezagutu dute ikusle gehienek. «Donostiako Zinemaldian egon delako ezagutu dut filma, eta, kritika onak jaso dituenez, ikustera etorri gara», azaldu du Edurne Arangurenek. Atzo ikusi zuen hark ere filma, lehenengo emanaldian. «Ez da jende asko egon, baina gaur [atzo] ez da egunik aproposena izan estreinatzeko. Nire semeak, adibidez, jai eguna zuen gaurkoa. Tartetxo bat aurkitu dugulako etorri gara».

Kritika onak irakurri dituelako ikusi du Mikel Babarberenak filma. Ohikoan ez da joaten zinema jaialdietan proiektatzen dituzten filmak ikustera. Baina salbuespena egin du Loreak ikusteko. «Kritika onak jaso ditu, baita erderazko hedabideetan ere. Horregatik, film ona behar zuela pentsatu nuen», argitu du. Ona zela pentsatu, eta film ona dela deritzo ikusi ondoren: «Fikzio asko ez izan arren, eta erritmo oso azkarra eduki ez arren, sakoneko mezua igortzen du filmak».

Astero-astero, ostegunetan, lore sorta bat jasotzen hasiko da filmeko protagonista Ane. Zeinek bidaltzen dizkion eta zergatik jakin gabe, loreek harridura sortuko dute harengan hasieran; baina baita ilusioa ere. Loreek, baina, ez dute soilik haren bizitzan eraginaizango. Tere eta Lourdes protagonisten bizimodua ere lore anonimoek aldatuko dute. Istorioa arraroa da Barberenaren iritziz, eta, aitortu du, inoiz ez zaiola halakorik gertatu bizitzan. Hala ere, pertsonaia errealak direla uste du. «Euskal Herrian egon daitezke halako pertsonak, bai». Prebostek, berriz, aurkitu du antzekotasunik bere egunerokoarekin: «Beti bada zerekin identifikatu. Loreak filmeko pertsonaia denek dute nirea ere baden ezaugarriren bat».

Nagore Aranburu, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru aritu dira aktore protagonista. Eta ikusleen aburuz, oso ongi antzeztu dute hirurek. «Aktoreek oso lan txukuna egin dute, ulergarria da oso hirurak saritu izana. Oso ongi egiten baitute», esan du Barberenak. Donostiako Zinemaldian ez zuten saririk lortu. Baina, Donostian ez ezik, Japoniako Latin Beat Festivalen, Zurich Film Festivalen, Koreako Asian Film Marketen eta London Film Festivalen ere izan dira egileak Loreak filma aurkezten. Eta atentzioa eman du filmak atzerrian. Hiru aktore protagonistek emakumezko aktore onenaren saria jaso dute Japoniako jaialdian.

Krispeta hotsik ez

Pertsona bakarrak hartu ditu krispetak Iruñeko estreinaldian. Baina argiak itzali, eta berehala isildu da krispetari kosk egitean egiten zuen hotsa. Arretaz begiratu dute denek pantaila zuria, eta filmeko musikasoinuaz bete da aretoa. «Momentu oro arreta pizturik izan dugu», aitortu du Barberenak. Gidoiak harrapatu egin du : «Sentimenduak gehienbat». Baina ez horrek bakarrik. Irudia eta soinua ere nabarmendu dituzte ikusleek. Euriaren hotsa gustatu zaio gehien Arangureni: «Autoen kristalean tanta bakoitzak nola jotzen zuen entzun zitekeen ia. Izugarria izan da». Prebostek, berriz, irudietan jarri du bereziki arreta. «Oso irudi politak sortu dituzte. Enkoadreekin oso ongi jolastu dute».

Loreak ez da Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak elkarrekin egin duten film bakarra. 80 egunean filma estreinatu zuten 2010. urtean. Eta hura ere asko gustatu zitzaion Arangureni: «Irudia, giroa, istorioa... oso ongi zegoen dena». Pertsonen arteko sentimenduak lantzen dira bietan, haren ustez. Dena den, aurkitu du filmen arteko ezberdintasunik: «Erdialdean aldatu egiten da Loreak filmeko istorioa, bira bat ematen du». Amaiera izan da bereziki hunkigarria Arangurenentzat. Kredituak bukatu, argiak piztu eta musika amaitu denean irten da. Azken minutura arte ikusi nahi izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.