ATZEKOZ AURRERA. Aroa Huarte. Errusiar kulturan aditua

«Ez dakit errusierak ospe txarra daukan edo zer!»

Arte Ederrak ikasi zituen Aroa Huartek, baina errusiar kulturarekin maitemindu zen, eta eslaviar filologiari ekin zion. Orain, Errusiaren inguruko ikastaroa eskaintzen ari da, Donostian.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2014ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Ikaragarri hozbera» da Aroa Huarte (Leitza, 1984), baina, hala ere, maite du Moskuko eta San Petersburgoko giro hotza. Liluratuta dauka Errusiak. Horregatik, hasieran, Arte Ederrak ikasi bazituen ere, gero, eslaviar filologia karreran sartu zen. Eta ekialdera joan zen bizitzera, Errusiara. Orain, baina, Euska Herrira bueltatu da; etxera. Baina kezka bat izan du buruan: «Non eduki dezake errusiar kulturak Euskal Herrian tokia?». Lekurik ez zuela ikusita, hark eman dio. Errusiar hizkuntza, historia eta literaturaren inguruko ikastaroa gidatzen du egun, EHUn, Donostian.

Nola bukatu du leitzar batek errusierazko klaseak ematen?

Irakurri nituen Tolstoi eta Dostoyevski. Hala, hango literaturarekin berotuta nengoela, Interneten begiratu nuen non ikasi gehiago, eta Bartzelonara joan nintzen eslaviar filologia ikastera.

Aurretik Arte Ederrak ikasi zenuen. Ez dute ikusteko handirik.

Artea beti interesatu izan zait. Bereziki ez naiz marrazte zalea, baina bolumena, argazkigintza... Baina Erasmus egin nuen Errumanian, eta, errumaniera ikasita, bururatu zitzaidan eslaviar filologia egitea.

Erasmus, nora, eta Errumaniara. Hori ere ez da oso ohikoa.

Mapan ikusi, eta esan nuen: 'Merkea da, ezezaguna, exotikoa, interesgarria... Hara noa!'.

Zer ematen da eslaviar filologian?

Poloniera eta errusiera, eta hango historia, literatura, filosofia...

Bigarren Erasmus egin zenuen orduan: Errusiara abiatu zinen.

Bai, Moskura aldatu nintzen. Oso diferentea da hango bizimodua: Stalinen garaiko eraikin erraldoi batean dago unibertsitatea; distantziak oso handiak dira; ohikoak dira zortzi bideko errepideak; elurrak erabat estaltzen du dena... Gero, Moskutik San Petesburgora joan nintzen, masterra egitera, eta urtebete eman nuen han.

Estereotipoek diote errusiarrak urrunak direla, hotzak. Hala al da?

Edozein pertsonari irribarre egitea ez dute ohitura. Han, barre egiten duzu, baldin badago arrazoi bat; bestela, ez duzu egiten, eta kito. Baina, musika dagoenean, tabernetan... ohartzen zara ez direla batere itxiak.

Errusiarrek ba al dute euskaldenen berri?

Batzuek bai. Filologia fakultatean, jendeak bazuen euskararekiko interesa. Gainera, kanpokoarekiko kristoren gogoa dute. Muturrera eramanda ere: zu haiengan interesatuta zaude, baina garrantzia kentzen diote bertakoari.

Orain, Euskal Herrian zaude bueltan, Leitzan. Zer moduzkoa izan da itzulera?

Ona. Orain dela urtebete edo bueltatu naiz, eta banuen gogoa etxea hartzeko. Urte asko pasatu ditut kanpoan, eta nahi nuen bueltatu. Hala ere, inbidia emate dit horko neguak, elurrak...

Baina, hona etorrita ere, Errusiarekin jarraitu duzu gora eta behera. Orain, ikastaroa ematen ari zara.

Bai, Bilbon errusiera irakasten dute, eta Gasteizeko filologia fakultatean, baina, gainontzekoan, gutxi ezagutzen da Errusia. Munduan hitz egiten den hizkuntza handienetako bat da, eta ez dago oso zabalduta. Ez dakit ospe txarra den edo zer!

Zer ematen ari zarete ikastaroan?

Astean bitan, Donostian elkartzen gara, eta Errusiako hizkuntza, historia eta literatura aztertzen ditugu, herrialdea gehiago ezagutzeko.

Hiru hilabeteko ikastaroa da. Historia luzea duzu azaltzeko.

XIX. eta XX. mendean zentratzen gara. Baina ez horretan bakarrik; garai guztien errepasoa egiten dugu, gainetik bada ere. Iraultzaz gain, gertakari asko dago eta.

Eta hizkuntzari dagokionez, posible al da hain denbora gutxian ikastea?

Alfabetoa errusieraz idazten eta irakurtzen ikasten dute. Eta oinarrizkoena: haien burua nola aurkeztu... Sakontzeko denborarik ez dugu, baina oinarri bat, behintzat, izango dute.

Literaturan, non jarri duzu fokua?

Fernomeno artistiko gisa literaturak Errusiako gizartean duen garrantzian. Lotuta dago pentsamendu filosofikoarekin, politikoarekin historiarekin... Eta alderantziz: literaturak ere eraldatu du historia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.