ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Muguruza. Ingeniaria

«Robotika garapen handi baten atarian dago»

Gasteizko Erle Robotics enpresak droneak egiten ditu. AEBetako eta Londresko enpresa batzuekin akordioa sinatu du droneentzako aplikazio plataforma bat sortzeko.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Piloturik gabeko hegazkinak dira droneak. Azken urteetan gero eta ezagunagoak egin dira, baina horien erabilera ez dago orokortua. Iñigo Muguruza (Donostia, 1989) Gasteizko Erle Robotics enpresako ingeniaria da. Haren aburuz, orain arte droneak jostailu moduan eta irudiak hartzeko baino ez dira erabili. Eurek droneak merkaturatu dituzte, baina azken hilabeteetan beste abentura + batean sartu dira: Londresko Canonical eta AEBetako Open Source Robotics Foundation enpresekin itun bat sinatu dute droneentzako aplikazio plataforma sortzeko. Teknologia irekiaren alde dago, garapen teknologikoa arinduko duelakoan.

Zertan egiten duzue lan?

Duela gutxi arte, droneak merkaturatu ditugu. Orain, berriz, zerbitzu zehatzak eskaintzen hasi gara, droneari adimen handiagoa txertatzeko eta bezeroen beharrei erantzuteko. Canonicalekin egindako adimen artifizialei buruzko App Store-a osatuz, aplikazioak egiten ari gara. Hori izango da gure negozioa. Uste dugu hemendik aurrera aplikazio eta zerbitzuekin lan egingo dugula gehienbat.

Beraz, droneak merkaturatzen hasi zineten?

Bai, uste dut hori egiten duen Euskal Herriko lehen enpresa garela.

Droneak zertarako erabiltzen dira?

Orain arte, droneak jostailu moduan ibili dira askotan. Horrez gain, ikus-entzunezkoen munduan erabilera ugari ditu, nahiko erabilgarria baita irudiak hartzeko. Baina gure produktua ez da hegan egiten duen gauza bat. Gurea ordenagailua ere bada, eta adimen artifiziala txertatu daiteke bertan. Gure droneek pauso bat aurrera eman dute.

Zertarako balioko dute droneen aplikazioek?

App Store-a oso berria da, eta denbora pixka bat beharko du. Gure asmoa da droneei jokaera eta aplikazio zehatzak ematea. Droneari kamera jarriz gero, patroi jakin batzuk detektatzeko programatu daiteke. Adibidez, sua bilatzeko aplikazioa sortu eta droneari txertatuz gero, suteak daudenean erabili ahal izango da. Baina beste edozer izan daiteke, oso zabalak baitira adimen artifizialak ahalbidetzen dituen aukerak.

Zeintzuk dira zuen bezeroak?

Orain arte, pertsona pribatuekin lan egin dugu bereziki. Baina unibertsitateekin hitz egiten hasi gara, eta Txorierriko [Bizkaia] eskola politeknikoak dronea erosi digu. Guk gure proiektua ikerkuntza eta hezkuntzara bideratu nahi dugu, uste baitugu robotika ez dela gauza irekia izan, eta gure droneek hori ahalbidetzen dute.

Nola?

Gure software eta hardware guztiak irekiak dira. Beraz, nahi duenak robotikari buruz asko ikas dezake gure droneekin. Gure webgunean, gainera, liburu dezente ditugu programazioari buruz.

Zer esan nahi du software eta hardware irekiak izateak?

Edonork jakin dezake gure droneak nola dauden eginak. Beraz, nahi duenak teknologia horri buruz ikas dezake. Horrez gain, produktu hori hobetuko duen komunitatea garatzen lagunduko du. Droneak hobetzeko feedback handia dago komunitate guztian. Jendeak ikas dezake bakoitzak zer egin duen, eta ikusten dituen akatsak zuzendu. Horrela, garapen denborak murriztu egiten dira. Jakintza partekatzeko filosofia berria dago horren atzean, eta interesgarria da bertan parte hartzea.

Baina horrek ez al dio kalterik egiten negozioari?

Teknologia hau martxan jartzeko ezagutza handia behar da. Ez da erraza gu gauden lekura heltzea; asko ikasi behar da. Gainera, lizentzien gaia dago. Egia da ohituak gaudela enpresek euren produktuak kutxa beltzetan nola gordetzen dituzten ikustera. Baina nik uste dut hori aldatzen ari dela. Adibidez, Android sistema bera Linuxen oinarrituta dago, hau da, teknologia ireki batean.

Droneek bizimodua aldatuko dute?

Ez droneek bakarrik: robotikak, oro har. Azken finean, droneak ezaugarri bereziak dituzten robotak baino ez dira. Robotika garapen handi baten atarian dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.