ATZEKOZ AURRERA. Aritza Saenz del Castillo. Historia Garaikidean doktorea

«Abertzaleek ez zuten rocka begi onez ikusi»

Euskal Herrian 1980ko hamarkadan sortutako kontrakultura ikertu du Saenz del Castillok, aztertu gabeko esparru bat dela uste baitu.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Rockak iraultza kulturala ekarri zuen Euskal Herrira 1980ko hamarkadan. Gazteek AEBetatik eta Erresuma Batutik zetorren musikarekin bat egin zuten, eta bigarren mailan utzi zituzten aurreko belaunaldiko kantariak. Jaungoikoak lehendakaria babes dezala hitzaldia eskaini du Aritza Saenz del Castillo (Gasteiz, 1980) Historia Garaikidean doktoreak eta EHUko irakasleak Gasteizko Oihaneder euskararen etxean. Euskal Rock Erradikala oihartzun handiko fenomenoa izanda ere gutxi aztertu dela dio. Horregatik ikertu ditu mugimenduaren gorabeherak eta diskurtsoak.

Rockaren garrantzia aztertu duzu Euskal Herrian. Zer irizpide erabili dituzu?

Lehenik, musika eta kultura aldetik aztertu dut 1960ko hamarkadaren bukaera eta 1970ekoaren hasiera. Hori azalduta, rocka iristeak zer aldaketa sortu zituen ikus daiteke. Nola ezerezetik rock-and-rollaren inguruko kultura berria sortu zen. Hortik aurrera, interesgarria da jakitea zein lekutan hasi zen mugimendu soziokultural hori eta zeintzuk ziren horren diskurtsoak.

Zergatik ikertu duzu Euskal Rock Erradikala?

Nire ustez, historia garaikidean hutsune bat dago. Ikertu gabe dago Euskal Herrian 1980ko hamarkadan sortutako kontrakultura. Gazte mugimendu garrantzitsua izan zen; kontzertuetan 10.000 lagun ere bildu izan ziren. Gizarte mugimendu berriak aztertu dira, hala nola feminismoa, ekologismoa eta antimilitarismoa. Baina esparru hori ikertu gabe zegoen, eta garrantzia duela iruditzen zait.

Taldeen hitzak teorialari anarkisten testuekin alderatu dituzu. Zer aurkitu duzu?

Lotura asko daude abestien eta teorialari anarkistek idatzitakoaren artean. Hiru egile aukeratu ditut: Bakunin, Kropotkin eta Malatesta. Anarkismoaren ildoak dira: hierarkiak gaitzestea, autoritatea gaitzestea eta boterea gaitzestea. Ideia horiek argi eta garbi agertzen dira Euskal Rock Erradikaleko taldeen hitzetan .

Hala ere, mugimendu anarkistak ez zuen bat egin kontrakulturan mugitzen zirenekin.

Ikuspuntu postmodernotik ikertu behar da hori. Garai hartako anarkismo sindikalarentzat, lantegia eta langile mugimendua ziren gizartea eraldatzeko subjektuak. Besteek, ordea, gizartea eraldatzeko kultura aldatu behar zutela uste zuten, eguneroko praktikak eta mentalitateak aldatuz. Zatiketa hori oso garbi ikusi zen 1977an Bartzelonan egin zituzten nazioarteko topaketa libertarioetan. Kontrakulturatik zetozen mugimenduak eta euren burua anarkistatzat jotzen zutenak baztertuak izan ziren.

Kontrakulturak harremana izan du ezker abertzalearekin, nahiz eta ideologikoki urrunago zegoen mugimendu bat izan.

Trantsizioan, Frankismoaren hausturaren aldeko jarrera izan zutenak galtzaile atera ziren. Kalea astintzeko indarra bazuten, baina hauteskundeetan ez zuten emaitza handirik lortzen. Orduan, ideologia ezberdinen uztarketa bat egon zen; galtzaileen arteko elkartasuna, nolabait. Hala ere, harreman horiek oso gorabeheratsuak izan ziren. Hasieran, abertzaleek ez zuten rocka begi onez ikusi. Gerra hotzaren garaiak ziren, eta ezker abertzaleak kontuz hartzen zuen AEBetatik zetorren edozer. Musika taldeen hitzetan ere badaude harreman horren islak; besteak beste, Hertzainaken Rock and Roll batzokian eta Ta zer ez da berdin.

Zer ekarri zion kontrakulturak Euskal Herriari?

Aldaketa ikaragarria. Garai hartako bakarlariak bigarren tokian utzi zituen. Autogestioaren ideia edonora zabaldu zen; gaztetxeak, irrati libreak eta fanzineak garai horretan loratu ziren. Do it yourself [egizu zerorrek] leloak eztanda egin zuen.

Zergatik dute garai hartako taldeek oihartzuna oraindik?

Pentsa daiteke nostalgiko hutsak garela. Kritika bat egin beharko genioke geure buruari. Talde berriak atera dira: adibidez, S.A. eta Berri Txarrak. Baina jada ez dago musikaren inguruko kultura eraldatzailerik. Rocka estandarizatu eta komertzializatu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.