ATZEKOZ AURRERA. Nida Abu Awwad. Unibertsitate irakaslea

«Leku gehiago dugu politika ez-formalean»

UPWC Palestinako Emakumeen Elkarteen Batasuneko kide da; Lemoan izan da asteon, Palestinako emakumeen mugimendua eta feminismoa hizpide hartuta.

Maialen Unanue Irureta.
2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Palestinako BZU Birzeiteko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da Nida Abu Awwad (Ramallah, Palestina, 1962). Irmo erantzun die galderei, irribarrea ageri duela betiere.

Zer-nolako osasuna du Palestinako emakumeen mugimenduak?

Egia esan, ez dago lehen bezain indartsu —batez ere, gainontzeko gizarte mugimenduak bezala—, duten arazo orokorrengatik. Baina emakumeen elkarteak antolatuago daude, hain zuzen ere, aurrera eramaten dituzten ekintza feministak direla medio. Batez ere, gizarteari dagozkien gaietan, bortxakerian eta emakumeen ahalduntzean, arlo guztietan.

Zein egiteko izan beharko lukete emakumeek Palestinako Estatua eraikitzeko garaian?

Tamalez, ezin dugu estatu baten eraikuntzaz hitz egin; guretzat, ilusio bat besterik ez da oraingoz. Baina Palestinako Estatua eraiki beharko bagenu, ziur gaude rol garrantzitsua jokatuko genukeela, eskubideen aldeko borroka eguneroko kontua delako.

Emakumeek zer rol betetzen dute egun Palestinako politikan?

Politika formalean, emakumeak badaude botere guneetan. Emakumeen ministerioa dago, eta ministerioguztietan dago emakumeen kontseilu bat. Emakumeek kuotak dituzte gobernuan, alegia: minimoa eskuratu dugu. Politika ez-formalean leku gehiago dugu: mugimendu politiko askoren buru dira emakumeak.

Eta gizartean, oro har?

Emakumeek gizartearen eremu guztietan parte hartzen dute, baina egia da oraindik lan asko dagoela egiteko. Baina emakumeen presentzia lan merkatuan apala da oraindik, Israelek lana suntsitzearen ondorioz. Eta existitzen da gizon eta emakumeen arteko diskriminazioalan merkatura sartzerakoan. Emakumeek aukera gutxiago dute etxetik atera eta lanean hasteko.

Feminismoaren ideia zabalduta al dago Palestinako emakumeen artean?

Mendebaldeko emakumeen ikuspegitik begiratuta, berria da. Baina ez hemengoentzat: emakumeen taldeek denbora asko daramate feminismotik lanean. Sexu eta ugaltze eskubideak dezente ari gara lantzen egun, batez ere, hala politikaren eta erabaki prozesuen inguruan nola ahalduntzearen inguruan. Jasaten dugun kolonialismoarengatik, ordea, askotan bestelako erresistentzia modu batzuk lehenetsi behar ditugu, eta egunerokoan lan egin.

Emakumeak gizartean, ekonomian, politikan eta kulturan ahalduntzea duzue helburu. Zein alorretan ikusten duzue beharrik handiena?

Azken batean, guztiek dute zerikusia elkarren artean. Eta kolonialismoaren ondorioz, horietanguztietan neurri berean lan egin behar dugu.

Zer-nolako laguntza eskatu ohi dizuete zuengana jotzen duten emakumeek ?

Normalean, oinarrizko beharrei aurre egiteko izaten da: laguntza ekonomikoa, ikasteko eta preso politikoei babesa emateko. Batzuetan, bortxari aurre egiteko laguntza ere eskatu ohi digute.

Nola ikusten dute gizonek zuen jarduna?

Denetik dago. Badira euren babesa helarazi diguten eta ez diguten gizon taldeak. Talde politiko zenbaitekin hitz egin ohi dugu, gure programekin lagun diezaguten,agenda komun bat bilatzen saiatzeko, emakumeen eskubideak entzunak izan daitezen. Tokiko komunitatean zenbait gizonek euren laguntza eskaintzen digute, baina ez guztiek.

Ba al duzue harremanik nazioarteko eragile feministekin?

Bai, noski. Gure gizartean, emakume talde guztiak feministak izan ohi dira, eta guk emakume palestinar guztien bilgune orokorrarekin lan egiten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.