ATZEKOZ AURRERA. Helena Matute. Psikologia Esperimentaleko katedraduna

«Eszeptikoak izaten ikasi behar dugu»

Kausa-efektu ugari kasualitate hutsa direla ohartarazi du Matutek. Modu berean, uste du ezinbestekoa dela pentsamendu kritikoa eta zientifikoa izatea sasi-zientzien trikimailuei aurre egiteko.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2015eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Gizartea sineskeriaz eta oinarri sendorik gabeko sasi-zientziaz beteta egon arren burua hotz edukitzen eta kritiko izaten ikasi behar dugula aldarrikatzen du Helena MatutePsikologia Esperimentaleko katedradunak (Bilbo, 1960). Hain zuzen ere, horri buruz mintzatu zen atzo, Iruñeko Planetarioan, Sasi-zientzien aurrean jardunaldietan.

Nola sortzen dira sasi-zientziak?

Nahikoa da norbaitek produktu batek funtzionatzen duela esatea, eta merkatura publizitate egokia eginez plazaratzea; jende asko konbentzi dezake. Horren atzean ezjakintasuna egon daiteke, baina maiz engainu hutsa izaten da.

Badaude horretaz baliatzen diren enpresak?

Bai. Hori gertatu zen ustez mirariak egiten zituzten eskumutur haiekin. Begien bistakoa zen iruzurra zela, baina sekulako oihartzuna izan zuten. Noski, denborarekin guztia argitu, eta iruzurgileek kalte-ordainak ordaindu behar izan zituzten.

Botikekin ere antzeko zerbait gertatzen da?

Zoritxarrez, bai. Farmazietan geroz eta sasi-zientzia gehiago saltzen ari dira. Garai batean, botikariak emandako sendagaia frogatuta eta homologatuta egoten zen beti; orain, berriz, inolako kontrolik izan ez duten belarrak eta sendagaiak saltzen dituzte, medikuntza alternatiboaren izenean.

Baina arrakasta dute. Zergatik?

Izugarrizko arrakasta dute. Aintzat hartu behar dugu ez dugula denborarik momentu oro aurrean dugunari buruzko informazioa biltzeko. Ezin gara hain eguneratuta egon.Gainera, gure bizitzako garai zailetan zerbait onuragarria dela esaten badigute, zuzenean frogatutzat eta ontzat jo ohi dugu, kausa-ondorio faltsuetan eroriz. Kontuz ibili behar dugu.

Nola zabaltzen dira hain azkar sineskeria horiek?

Era ugari daude horretarako. Arazoak sortzen direnean, jendeak zer edo zeri eusteko beharra sentitzen du, eta hor sartzen da sasi-zientzia. Azkar hedatzen badira ere, desagertu ere halaxe egiten dira, jendea ohartzen baita ez dutela ezertarako balio. Kontua da une horretan beste zerbait asmatuko dutela. Gurpil zoro baten gisakoa da. Ahoz ahokoak ere indar handia dauka.

Konfiantzan oinarritzen gara?

Hori da arriskutsuena. Gure lagunek eta senideek esaten badigute edari berezi batek mina kendu diela, guk sinetsi egingo diegu, badakigulako guretzat onena nahi dutela. Baina zientzia tartean baldin badago, hobe da horretan adituak direnei entzutea.

Marketinak ere badu zerikusirik, ezta?

Noski. Telebistetako iragarkietan, kasurako, gizon bat bata zuri batekin ikusten badugu, aditutzat hartu, eta esandako guztia balizkotzat joko dugu. Baina zenbat datu ezkutatzen ditu marketinak atzean? Produkturen bat hartu dutenen %80 hobeto sentitzen direla esaten digute, baina zer eboluzio izan dute probatu ez dutenek? Hori ez dute esaten. Informazio guztia eskatu behar dugu; ezin gaituzte horrela engainatu.

Kritikoak izaten irakastea beharrezkoa da, orduan?

Harago joango naiz. Irakasgai oso bat egin beharko litzateke horren inguruan. Kritikotasuna lantzeko lehen mailako irakasgai bat egon beharko litzateke. Txikitatik ikasi behar dugu zein erraza den gu engainatzea eta zer tresna erabil ditzakegun horri aurre egiteko.

Benetako arriskua eragin dezake sasi-zientziak?

Bai. Pertsona ugarik beren etorkizunean zer gertatuko den jakin nahi dute, eta sasi-jakintsuengana joaten dira kartak irakurtzeko eskatzera. Gehienetan, benetako laguntza behar dute; ezin die karta batek etorkizuna aldatu. Areago, pertsona batzuek, jasotako aholku bati jarraituz, diru ugari inbertitu dute nonbait, eta kale gorrian geratu dira horregatik. Norberaren bizitza alda dezaketen erabakiak modu absurdo batean hartzen ditugu, planeta guztiak lerrokatu direlako.

Kasualitateetan dago gakoa?

Bai. Askok uste dutenaren aurka, kasualitateak existitzen dira; gertatzen zaizkigun gauzak ez ditu patuak eragin. Bizkarrerako pilula bat hartu eta biharamunean hobeto sentitzen bagara, agian lo ongi egin dugulako da, eta pilulak ez du zerikusirik izan. Kausa-efektu ugari falazia hutsa dira.

Zer egin behar da sasi-zientziari aurre egiteko?

Alde batetik, txikitatik umeei kritikoak izaten irakatsi behar zaie. Mesfidantza pixka bat azaleratu behar dugu. Era berean, norbaitek baieztapen bat egiten duenean, galderak egin behar ditugu, beldurrik gabe: «Hori zergatik? Zertan oinarritzen zara hori esateko?». Frogak eskatu behar ditugu; hori da bidea. Egunerokoan eszeptikoak izaten ikasi behar dugu. Garrantzitsua da pentsamendu zientifikoa landu eta garatzea, hori baita betiko iraungo diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.