ATZEKOZ AURRERA. Angel Iturri. Piper-kontserba egilea

«Pikillo piperra erritu bat da»

Familiako kideen artean kontserba enpresa txikia du Iturrik. Hogeita hamar urte inguruan dihardute lanean, batik bat pikillo piperrekin eta zainzuriekin. Orain da pikillo piperren garaia.

Iker Tubia.
Arroitz
2015eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Lan eta lan ari dira Arroitzen (Nafarroa). Pikillo garaia da, eta hori da kanpaina nagusietako bat Iturri kontserba enpresan. Hilabete hauetan, hogei lagun dabiltza lanean. Aurtengoa ez da nahi bezalako uzta izan, Angel Iturrik (Arroitz, 1956) dioenez, baina ez dute arazorik izanen urriaren 21etik aurrera Errigora kanpainan parte hartzeko.

Nola dator pikillo piperra?

Harri eta zur geratu naiz egunkari batzuetan irakurri dudalako kanpaina bikaina izan dela. Ez dakit non bizi diren, hemen produkzioaren ia erdira geratzen ari baikara. Beraz, kanpaina nahiko zaila izaten ari da, eta ez gaitu erabat aseko. Kalitatez, lehenbiziko bilketan makurrago izaten da, baina gero hobea da. Nik uste ona heldu dela.

Zergatik hain gutxi?

Ez dakit, batzuek diote ekaineko eta uztaileko sargoriek izorratu zutelalehen loratzea.

Lan handia duzue?

Kanpainarik handienak zainzuriena eta piperrenak izan ohi dira, eta handiena piperrena da. Zainzuriena, lehen, hiru hilabetekoa izaten zen; baina, orain, 70 egunetan dena hartzen da, plastikoarekin aurreratu egiten baita. Gainera, bero handia egiten badu, lurrari bero handiagoa ematen dio plastikoak, eta zainzuriak izorratu egiten dira.

Nola izaten da bilketa hori?

Piperrena irail hasieran hasten da, baina aurten berandu etorri da. Orain, modernizatu egin da pixka bat, baina oraindik ere eskuz hartzen dira. Baina biltzaileak kutxak dituen traktorearen atzetik doaz; ez dira saskiak erabiltzen, eta gutxi hartzen da ontziratu gabe.

Produktu garrantzitsua da Nafarroako ekonomiarentzat.

Besteak beste, azpiegitura handietan piperrak egosten dituztenak, kontserba egileak... jende asko mugitzen da. Gainera, bada asteburuetan etortzen den jendearen mugimendua ere. Pikillo piperra erritu bat da.

1997an kanpoko produktuak sartu izanak zer ondorio izan zituen?

Bere garaian, oso negatiboa izan zenkontserba egile txikientzat eta, are gehiago, ertainentzat, erdibidean geratu zirelako. Txikiak lau ezaguni esker salbatu ginen. Baina hori txikitzen hasi da. Hasteko, aurki Txinan eta beste herrialde batzuetan handik hona ekarri beharrean hemendik hara eramanen dutelako. Asko hazten ari dira, eta hasiak dira olioa eramaten.

Kontzientziatuak daude kontsumitzaileak?

Hemen, Euskal Herrian, jendea kontzientzia handia hartzen ari da, eta etiketei begiratzen diete. Horrek aldatu du egoera.

Kontsumo aldaketarik ba al da?

Aldaketa bakarra da jendeak izoztu egiten dituela, potean sartu ordez.

Zer moduz dago sektorea?

Ongi dela esanen nuke. Aurten pixka bat eskas geratuko denez, uste dut heldu den urtean nekazari gehiagok landuko dituztela. Azken hiru urteetan, prezioak nazioartekoekin berdintzen ari dira. Nire ustez, bere garaian galdutako tokia berreskuratzen ari gara.

Euskarak eta lurreko produktuek badute loturarik?

Produktu baten etiketa euskaraz ikuste hutsarekin ongi hartzen dute euskaldunek. Norberaren ama hizkuntza ikusirik, normala da horrekiko atxikimendua sentitzea. Kalitatea ona da, eta euskarazko etiketa ikustea ere eragingarria da.

Nolatan sartu zinen Errigoran?

Primerako ideia iruditu zitzaidan. Azpiegitura bat muntatu dute, non guziak garaile ateratzen diren. Halaber, ni ikastolako aita izan naiz, eta orain aitatxi ere bai. Ez dago dudarik, enpresa txikien ekonomia pixka bat piztu dute. Hala ere, Errigoran gehien harritu nauena da boluntarioen ilusioa eta lanerako gogoa. Kutsatu egiten zaituzte.

Azken hiru urteetan milioi eta erdi eurotik gorako fluxu ekonomikoa sortu da euskal lurraldeen artean.

Hemengo merkatua dinamizatu dute, eta kopuru handiak ari dira mugitzen. Adibidez, nire salmenten %20 Errigorarentzat dira. Falta genuen oreka eman digu, ongi ibiltzeko bultzadatxoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.