ATZEKOZ AURRERA

Bi belarrien menditik Atlasera

Peruko Valluna mendiaren igoerako kronikari esker irabazi du Aingeru Epaltzak BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako saria: Tukbal mendira joango da, Felipe Uriarterekin.

Martxelo Otamendik eta Felipe Uriartek eman zioten Aingeru Epaltzari kronika lehiaketako saria, ostegunean, Andoainen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Mendizalea izan da «betidanik» Aingeru Epaltza (Iruñea, 1960); ibilia da Pirinioetako eta Alpeetako mendietan, gora eta behera. Mont Blancera egindako igoeraren kronika bidali zuen BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketara, 2014an. Bigarren aldiz lehiaketara aurkeztu, eta lehen saria eraman du oraingoan. Perutik Marokora joko du aurten. Kitxuek bi belarrien elur mendia deitzen duten horretatik, Atlaseko Tukbal mendira. Valluna mendira (Peru) egindako igoeraren kronikari esker irabazi du lehen saria, eta Mendiak eta Herriak gidarien elkartearen eskutik Atlasera (Maroko) joateko bidaia da oparia. BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik eta Mendiak eta Herriak-eko gidari Felipe Uriartek herenegun eman zioten saria idazleari.

Mendian elkarrekin ibilitakoak dira Uriarte eta Epaltza. Elkarrekin joango dira aurten Atlasera, okerrik ezean. «Bidaia ederra izango da. Berbere jendea harrera onekoa da. Ziur naiz bidaia ona izango dela». Hala uste du Uriartek. Atlasen turismoa egiten izana da behin Epaltza, baina ez mendiko planean. «Banuen hango mendietara joateko gogoa. Arantza txiki bat kentzearen parekoa izango da Tukbalera igotzea», esan du, saria pozik jaso eta gero.

Peruko Cordillera Blancan

Perun iazko uztailean egindako bidaiaz emozioz mintzo da Epaltza. Aspaldian zuen asmoa Ameriketara joateko. «Familia kontu bat gertatu zen, eta horregatik joan ginen familia hara hiru astez. Bestetik, mendi altuen lilura dut, eta hiru egunetan mendi altu bat egitea finkatu nuen bidaiaren barne». Suhiak antolatu zion igoera. «Genituen egunak kontuan hartuta, erabaki nuen Vallunara joatea». Altuera eta zailtasun batzuk alde batera utzita, «edozein mendizale arituk» igotzeko moduko mendia da Valluna, Epaltzaren aburuz. Hiru egunean egin zuen igoera; egun bat altuerara egokitzeko, eta bi egunetan gora, tontorreraino iritsi arte. Mendizaleak kronikan ez zuen aipatu tontorrean ez zela batere haizerik. «Gelditasun sentsazio bat sentitu nuen, ikaragarria». Gida isilik gelditu zen une horretan. «Une hori niretzat utzi zuen. Dena isilik zegoen, eta eguzkia ateratzen ari zen. Ematen zuen momentu hori ordaindua genuela. Ikusmira zoragarria zen».

Peruko Cordillera Blanca mendilerroa mendizale batentzat «paradisua» dela deritzo lehiaketaren irabazleak. «Kronikan ez dut aipatu, baina ni mendia igotzen ari nintzen bitartean, emaztea, alaba eta suhia Huascaran mendiaren azpian egon ziren, komunitate kitxua batean, inguruko aintzirak-eta ikusten». Inguru hartara berriro «noizbait» itzultzeko gogoz gelditu da.

Aitortu du idazleak «pribilegiatua» dela Ameriketako mendi batera joateko aukera izateagatik. «Peruko gure mendi gidaria oso profesional ona da, eta esaten zidan bere ametsa Alpeetara joatea dela. Baina ez dakit inoiz aukera izango duen, ekonomikoki, bidaia alderantziz egiteko, hau da, Amerikatik Europara joateko».

Hurrengo bidaietan eta mendi zeharkaldietan kronikak idazten jarraitzeko gogoa ez zaio apaldu Epaltzari. «Prentsan argitaratzen diren bidaia kronikak zein bidaia liburuak irakurtzea gustatzen zait. Kazetaritza, bizikizuna, epika, jakin-mina... koktel hori oso atsegina egiten zait». Kronikak idazten «gustura» sentitzen da. Horretan jarraitzen badu, izango du nork testuak irakurri. Nork koktela dastatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.