ATZEKOZ AURRERA. Mauro Saravia. Argazkilaria

«Gudariei gerrak utzitako arrastoa islatu nahi izan dut»

Datorren martxoaren 2an inauguratuko du Saraviak 'Azken Bataloia' erakusketa Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan. 27 gudariren argazkiak eta testigantzak bildu ditu.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2016ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Aitona-amonak izan ditu gogoan Mauro Saraviak (Valparaiso, Txile, 1982) Azken Bataloia argazki eta bideo erakusketa atontzeko orduan. Haren aitona-amonak erbesteratuak izan ziren 1936ko gerran, eta han gertatutakoa ezagutu eta irudikatu nahi izan du Gernika bataloiko 27 gudariren erretratu eta testigantzen bidez.

Txilen kirol argazkilari izan ondotik, Euskal Herrian 1936ko gerrari buruzko argazkilaritza proiektu bat egin. Aldaketa handia, ezta?

Emaztea hemengoa da. Haurdun geratu zen, eta umea Euskal Herrian izan nahi zuela esan zidan. Beraz, hona etorri ginen. Nik Txilen eginak nituen hainbat argazki erreportaje. Azkenetariko bat futbolean loria lortu eta gero ahaztuak izan ziren Txileko futbolariei buruzkoa izan zen. Hona etorri, eta 1936ko gerrari buruzko proiektu hau abiatu nuen, Intxorta 1937 elkartearekin. Asko betetzen nau. Nire aitona-amonak erbesteratu egin zituzten gerra hartan.

Bizi izandako sufrimendua nabari da oraindik ere gudari askoren argazkietan. Hori zen zure xedea?

Sufrimendua pasatu zutenaren parte bat da, baina beste gauza asko ere bizi izan zituzten. Beraz, gerrak haiengan utzitako arrastoa islatu nahi izan dut, bizi esperientzia.

Zer gertatu zen hobeto ezagutzeko helburua bete duzu?

Proiektua hasi baino lehen nekiena baino askoz gauza gehiago dakit orain. Baina egiten ari nintzela, jabetu nintzen historiaren zati garrantzitsu bat falta zitzaidala: emakumeek gerra hartan izandako tokia. Orain, hori lantzen saiatzen ari naiz. Apirilaren 24an omenaldia egingo diete emakume horiei Elgetan [Gipuzkoa], eta etorkizunean erakusketa bat antolatu nahi dugu haien argazkiekin.

Nola definituko zenuke emakume horiek egindakoa?

Laguntza sare garrantzitsu bat osatzen zuten. Hasieran, miliziano ere aritu ziren. Gerora, bestelako lanak egin zituzten; erizain aritu ziren, sukaldari, jostun... Gotorlekuetarako zakuak ere egiten zituzten. Haien lana aitortu behar da, biktimizazioan erori gabe. Ez ziren etxean senarraren zain sufritzen geratzen ziren emakumeak. Gizonen zutabe garrantzitsu ziren.

Justizia, erreparazioa eta egia eskatzen dituzte guda hartako biktimek eta haien senideek. Argazki hauek hori lortzeko bidea dira?

Erakusketaren helburuetako bat da jendea gudarien lekuan jartzea, eta gertatu zena haien ahotsekin eta irudiekin jasotzea. Horrek egia jakitea dakar, eta egiak, erreparazioa. Justiziarena epaileei dagokie, baina egia jakinda eta zabalduta justizia egin daiteke.

Zer ikasi duzu haiengandik?

Gerra ez dela lineala, eta pentsaezinak diren gauzetara ohitzea dakarrela. Pertsonaren gauzarik txarrenak ateratzen ditu, baita onenak ere. Gauza onenen artean aurrera egiteko eta zoritxarrari erantzuteko dugun gaitasuna daude. Beste alde txarrena egongo litzateke. Gudetan muturrera eramaten da gizakienbasakeria eta ankerkeria.

Denak zeuden hitz egiteko prest?

Hasteko senideekin hitz egiten nuen, eta haiek laguntzen zidaten gudariekin hitzordua egiten. Nik ez nituen behartzen, eta nahi zutena kontatzen uzten nien. Gehienak prest agertu ziren hitz egiteko, baina baziren ahaztu egin nahi izan dutenak, eta nahiago zutenak ez hitz egin. Horietako batek, adibidez, ez zuen sekula horri buruz seme-alabekin hitz egin. Ez zuen nahi haiek gorrotoan hezterik. Gerrak izaeraz gogortu egin zituen gudariak. Hitz egin ez zutenetako sei jada hilda daude.

Sortzaile moduan, zein ekarpen egin dizu egitasmoak?

Intuitiboagoa izaten ikasi dut. Argazki gehienak gudarien etxean egiten nituen. Beraz, argiztapena ezin nuen aurreikusi. Gainera, hitz egin ahala ateratzen nituen argazkiak, eta horrek izan du eragina.

Argazkiek ez dute Photoshop-ik, ezta?

Kamera analogikoarekin eta digitalarekin aritu naiz. Digitalen kasuan, kolorearen moldaketa txikiren bat baino ez dut egin, eta gainontzekoetan, ezer ez. Argazkiak berez dira oso esanguratsuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.