Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Teresa Aranguren. Gerra berriemaile izandakoa

«Informazioak ez du biziak adina balio»

Urteak eman ditu Arangurenek Ekialde Hurbilean kazetari lanetan. Egun, erretiratuta dago, baina RTVEko administrazio kontseiluko kide da oraindik ere. Hitzaldi bat eman du Eibarren.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ihintza Elustondo -

2016ko otsailak 19 - Eibar

Beirut, Bagdad eta Belgrad hiriak nola bonbardatzen zituzten ikusi zuen Teresa Arangurenek (Artziniega, Araba, 1944). Haren arabera, ez dago defenditu ezin den herri bati airez erasotzea baino sarraski handiagorik. Mendebaldeko armadak dira krudelkeria horren erantzule, eta ez dute inolako zigorrik jaso bueltan. Baina jendeak ez du hori bere gordintasunean ikusten. «Gehiago garela uste dugu».

Iran eta Iraken arteko gerraren berri ematera joan, eta, Libanoko argazkilari bat salbu, emakume bakarra zinen. Nola ibili zinen?

Gizarte arabiarretan, bertako gizon batekin ezkonduta bazaude, arau batzuk bete behar dituzu. Baina atzerritarra izanda, Libanon, Jordanian eta Palestinan askatasun handia izan nuen. Han nengoen europarra nintzelako. Gauez bakarrik atera izan nintzen, arazorik gabe.

Gizonen mundu batean emakumea zarela esan izan duzu.

Gerra guneetako kazetarien mundua oso maskulinizatuta dago, mito moduko bat bilakatu delako. Gorroto dut militar bat bezala jantzita doan kazetariaren kontu hori; abenturazale gisa irudikatzen da. Arriskua bilatzeagatik bilatzea zentzugabekeria iruditzen zait, nahiz eta horrek ez duen esan nahi arriskuan egongo ez zarenik. Baina informazioak ez du biziak adina balio. Erresistentzia fisikoa da behar den bakarra, eta hori emakumeok badugu. Gero eta emakume gehiago daude, baina uste dut oraindik ere gizonezkoen mundua dela, irudi hori sustatzen delako.

Dena den, begirada femenino bat badagoela diozu.

Begirada femeninoa diot, mendeetako heziketaren eta kulturaren ondorioz emakume gehiagok dutelako gizonek baino. Eguneroko bizitzako alderdiei begiratzeko ahalmena da, alde gizatiarrari, gerran badaudelako horiek ere. Begirada mota hori ez dute soilik emakumeek; gizonetan aurkitu dut, eta emakume batzuetan faltan sumatu dut.

Jendeak ikusten dituen irudiekin identifikatzea garrantzitsua da?

Gerran ez baduzu hurbiltasunik transmititzen, estatistika huts bilakatzen duzu jendea. Adineko emakume bat bonbardatutako hiri batean dago, zazpigarren pisu batean, bakarrik eta argirik gabe. Igogailua ez dabil eta ezin da jaitsi. Zer sentitzen du? Hori ere gerra da.

Zenbateraino eragin dezake kazetari baten lanak gizartean?

Asko ez. Lanbidearen alderdi garrantzitsuenetako bat lekuko izatea da, eta agian iritzi publikoa alda daiteke, horrek politikoen jarrera... Prozesuak dira. Baina kontu handia izan behar da norabide berean doazen eta esku hartze militarra bilatzen duten informazioekin. Testuinguru mediatiko bat sortzea gerra bat justifikatzeko elementu bilakatu da. Azkenaldian mendebaldeko indarrek parte hartu duten gerretan gertatu da hori. Komunikazioaren boterea handia da.

Palestinako emakumeen inguruko hitzaldiak ematen dituzu.

Mendebaldetik besteari goitik begiratzen zaio, eta horrela ez da errealitatea ikusten. Palestinako gizartean emakumea gizonaren menpe dago, Mediterraneoko gizarte guztietan bezala. Baina horrek ez du esan nahi berdintasunaren alde borrokan ari diren emakumeen mugimendurik ez dagoenik. Beloaren kasuan, berriz, atzerako prozesu bat gertatu da; 1980ko hamarkadan arraroa zen Palestinan beloa eramatea. Baina badaude arlo askotan oso prestatuta dauden emakumeak ere. Gizarte guztiek dituzte kontraesanak, baina errespetatu egin behar dira. Konplexutasun horretan ulertu behar ditugu, ez zerbait monolitiko gisa. «Hiri atzeratu bat da eta zibilizazioa eramango dugu», esan ohi dute. Eta normalean bonba eta tankeen bidez eramaten dute. Inoiz ez da zibilizazioa eraman nahi; boterea da lortu nahi dena.

Nola ikusten duzu egungo Ekialde Hurbileko egoera?

Honek hasiera bat du: AEBek 2003an Iraken egindako inbasioa. Hortik aurrera, talde arriskutsuenak indartu dira, barneko eta kanpoko faktoreen eraginez. Baina ezin dugu ahaztu Europaren bihotzetik sortu zela inoiz ezagutu den fenomenorik suntsitzaileena: nazismoa. Eta kanpoko eraginik gabe. Ekialde Hurbilean zerbait izugarri gertatzen ari da, baina ez dezagun pentsa arabiarrek geneetan daramatenik.

Zer egin daiteke?

Siriaren kasuan, aurkako indarrak elkartzeko bake konferentzia guztien alde nago. Palestinaren kasuan, kanpotik behartu behar da Israel okupatuak dituen lurretatik alde egitera. Hemendik sortu zen injustizia hori, eta hemen dago soluzioa.

Zer ikasi duzu ibilbide honetan?

Europarrok eta Mediterraneoaren beste aldekoek berdinetik gehiago dugula ezberdinetik baino. Eta laguntasunaren balioa zenbaterainokoa den. Palestinan inoiz ez duzu haur abandonaturik ikusiko kalean; erresistentziaren oinarrietako bat da. Hemen balio hori galtzeko arriskuan egon gaitezke.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©PEIO GOIENETXEA

«Indartsu dago Euskal Herriko hardcore eszena»

Unai Etxenausia

Euskal Herriko hardcore eszenaren parte da Gonzalez. 'Zaldi Beltza' kaleratu berri du Vibora taldearekin, depresioari eta antsietateari erreferentzia egiten dion diskoa.
Maialen Chourraut piraguista, <em>Geldiezinak</em> proiektuaren fotograma batean. ©BASQUE TEAM

'Geldiezinak' proiektua sortu dute emakume kirolarien lanari balioa emateko

Amaia Jimenez Larrea

Emakume kirolarien lanari balioa emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team fundazioak 'Geldiezinak' proiektua sortu dute. Podcastek, bideoek eta ipuinek osatzen dute.

Kilometroak jaia, «elkarlanaren eredu»

Jendez eta zubiz betetako errioa

Enekoitz Telleria Sarriegi

Milaka lagunek parte hartu dute Errenteriako Kilometroak jaian. Udazken beteko uda giroa lagun, urte osoko jarduna borobildu dute Orereta ikastolakoek. Euskara, eta euskal kultura sustatu nahi dituzte lortutakoarekin: «Herria, nazio ikuspegia, komunitatea eta elkartasuna beste ikastolekin»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ihintza Elustondo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...